Generoa eta Energiari buruzko Emakumeen Lehen Topaketa, otsailaren 2ko asteburuan


2018ko urtarrilaren 30ean - 11:56
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Otsailaren 2tik 4ra Bilbon elkartuko dira energia berriztagarrien sektorean diharduten emakumeak, trantsizio energetikoaren alde lanean ari diren emakumeak, pobrezia energetikoaren aurka ari diren emakumeak eta proiektu energetiko handien inpaktuaren aurka borrokan dabiltzanak. Honela azaldu dute ekimenaren helburua: "Emakumeak eta sexu aniztasuna adierazten duten pertsonak energiaren sektorearen botere-esferetatik kanporatuta daudela eta gure eredu energetikoak emakumeengan inpaktu bereziak eragiten dituela salatzea da eta, bestetik, trantsizio energetiko bidezkoago eta iraunkorragoaren alde lan egiten ari diren emakumeak bistaratzea".

Eredu energetiko "matxista eta falokratikoa"

Prentsara zabaldu duten oharrean, egungo eredu energetikoa horrela deskribatzen dute: "Zikina da, insegurua, oligopolikoa, ekozida eta bidegabea, baina, gainera, matxista eta falokratikoa ere bada. Baina, hain zuzen ere, azken bi ezaugarri horiek ez dira ezbaian jartzen. Ondorioz, desberdintasunak areagotzen dituzten jokabideak eta egoerak birsortzen dira, bai sektore energetiko tradizionalaren botere-guneetan, bai eredua aldatzeko proposamenak gauzatzen ari diren guneetan, eta oztopo handia da hori emakumeen partaidetzarako".

Gizonezko adituen batzordeari erantzunez sortu da Topaketa

Prentsa oharrean salatu dute 2017 erdi aldera, Espainiako Gobernuak, oposizioak, eta CCOO eta UGT sindikatuek gizonezko 14 aditu aukeratu zituztela, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea diseinatuko duen batzordea osatzeko. Horri erantzunez sortu zen lehenengo topaketa hau antolatzen ari den taldea: "Herrialde osorako bide-orria, 14 gizon adituk idatzia izango da, emakume bat ere egon gabe" salatu dute. Eta batzorde hori sortu izana inflexio-puntua izan daitekeela diote, trantsizio energetikoan diharduten emakume askorentzat, ez dutelako erantzunik sumatu ez alderdi, enpresa, gizarte-erakunde eta energiarekin lotutako mugimenduetan ere: "Ez dute batzordea ukatu, eta, areago, zilegitasuna aitortu diote. Sektorean nagusi den matxismoaren adierazgarri onartezina da jarrera hori, gure ikuspuntutik".

Egitaraua

Otsailaren 2ko hitzaldiak gizon-emakumeei zuzenduak izango dira. Topaketaren gainontzeko jardueretan emakumeek hartuko dute parte.

Otsailaren 2an, 18:00-20:00etara, Arrupe Etxean (Aita Lojendio kalea, 2), hitzaldiak “Energia eraldatzen duten emakumeak: beste bazterkeria baten historia eta berdintasunerako aukerak” izenburupean.   

- "Megaproiektu energetikoen eraginak emakumeengan": Lolita Chávez, indigena eta Giza Eskubideen defendatzailea.

- "Genero bereizkeria eta pobrezia energetikoa" ikerketaren aurkezpena: Irene González, Enginyeria Sense Fronteres elkarteko kidea.

- "Emakumeen bazterkeria energiaren eremuan, eta trantsizio energetikoa feminizatu beharra": Alba del Campo, Cádizko Trantsizio Energetikoko Mahaiko kidea.

- "Eguzki andreak, ikerketa eta eguzki-indarraren sektoreko begirada partekatuak": María Camino Villacorta.

- "Eredu aldaketarako proposamen ekofeministak": Mónica Guiteras, Xarxa per la sobirania energèticako kidea.

- Energia eredua eraldatzen lan egiten duten emakumeen datu basea aurkeztuko du Judit Casas, Som Energiako kideak.

Otsailaren 3an, 9:00-14:00 artean eta 17:00-19:00 artean Hika Ateneoan, emakumeentzat tailerrak. Egoeraren diagnostikoa egitea eta genero eta energia sarearen lan-ildoak zehaztea, modu parte-hartzailean. Dagoeneko ez dago lekurik izena emateko.

21:00etan, Nire gorputzaren geografia liburua aurkeztuko du Ana G. Aupí-k eta Las Amigas de Yoli taldeak kontzertua emango du.

Otsailaren 4an, 9:00-14:00 artean, Hika Ateneoan, elkar ezagutzeko eta sarean lan egiteko tartea.

 

Topaketaren sustatzaileak

Honako erakunde hauetako emakume profesional edota ekintzaileek hartu dute parte antolaketan: Euskal Herriko Unibertsitatea, Xarxa per la Sobiranía Energètica, Som Energia, Goiener, Ekologistak Martxan, Tradener, Mesa de Transición Energética de Cádiz, Ingeniería Sin Fronteras, Plataforma por un Nuevo Modelo Energético, Gure Energia, Europako Parlamentuaren Bilboko bulegoa, Movimiento Ibérico Antinuclear, Alianza contra la Pobreza Energética, Ongawa, Foro Extremeño Antinuclear, Observatorio Crítico de la Energía eta Ecologistas en Acción.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energiaren sektorea
2025eko irailaren 3
Plastikoaren birziklapenaren iruzurra
Industria petrokimikoaren 'gerrillariak' Genevan

Eguneraketa berriak daude