Gazte bat jipoitu dute Gasteizen udaltzainek, patinete elektrikoan ihes egiten saiatzeagatik

  • Astelehenean gertatu zen, 16 urteko Aimarrek patinete elektrikoaren gainean zebrabidea igaro zuela egotzita. Gasteizko udaltzainek geratzeko agindu zioten eta gaztea ihes egiten saiatu zen. Zenbait minutuko jazarpena eragin zuen Zabalgana auzoan, baina azkenean harrapatu zuten. Atxilotzeko unean, gaztea jada entregatu zenean, lurrera bota, belaunekin eta ukabilekin jo zuten eta gazteari sudurra hautsi zioten. Udaltzainek familiari esan zioten erori egin zela. Bideoz grabatu zuen auzokide batek, ordea, eta han ez da halakorik ikusten. Familiak salaketa jarri du epaitegian. Gasteizko Udaltzaingoak ARGIAri adierazi dio "ezin dutela ezer esan".


2023ko martxoaren 09an - 18:36
Azken eguneraketa: 2023-03-10 16:15:30

Gasteiz Hoy hedabideko Natxo Gatón kazetariak eman du gertaeraren berri, familiarekin hitz egin ostean.

Zer gertatu zen? Gasteizko udaltzainek gazte bati gelditzeko agindu eta berak ihes egin zuen. Patinete elektrikotik jaitsi gabe zebrabide bat gurutzatu eta espaloitik zihoan, une hartan. Patruila bere atzetik atera zen eta gaztea zenbait minutuz ihesean izan zen.

Amaieran, ordea, ihesbiderik ez zuela ikusita, patinetea gelditu zuen eta bere kabuz jaitsi zen, harrapatu zutela ikusita. Atzetik heldu ziren udaltzainek, une horretan, jipoitu egin zuten. Salatu dute udaltzainek gazteari aurpegian ukabilkadak eta ukalondoarekin kolpeak eman zizkiotela, baita izterretan eta barrabiletan belaunekin kolpeak ere. Txagorritxuko mediku txostenean sudurreko hezurrak hautsiak dituela jaso dute.

Gazteak adierazi du gaizki egin duela ez geratzean, baina beldurtu egin zela eta ihes egitea atera zitzaiola. “Nire semeak gaizki egin zuen ez zelako geratu udaltzainek hala agindutakoan, eta eskarmentua merezi zuen horregatik, ez jipoi bat”, adierazi du bere aitak Gasteiz Hoy-n.

Gazteak zenbait kale eta zebrabide igaro zituen abiadura handian eta ausarkeriaz gidatzeagatik salaketa jasotzeko arriskua du. Era berean, gaztearen familiak Guardiako Epaitegian salaketa jarri du, astelehenean Zabalgana auzoko polizia operazioan parte hartu zuten udaltzainen aurka.

ARGIA Gasteizko Udaltzaingoarekin jarri da harremanetan, beren bertsioa galdetzeko eta gazteak zauri horiek erorita egin zituela esatea bideo batek gezurtatzen duenez gero. Udaltzaingotik adierazi dute ezin dutela ezer esan, gaztea adin txikikoa delako. Udaltzaingoak bideoko agente horien aurka neurririk hartu den galdetuta, argi utzi du agindua dela ez ezer esateko.

Ondorengo bideoa grabatu zuen auzokide batek eta Gasteiz Hoyk argitaratu du:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia gehiegikeria
Mbolo Moye Doole plafatormak elkarretaratzea deitu du, manteroen aurkako arrazakeria eta indarkeria poliziala salatzeko

Plataformak salatu du indarra neurriz kanpo erabiltzen dela migratzaileen eta arrazializatuen aurka, eta saltzaile ibiltarien aurkako jazarpena etengabe egiten dela, batez ere turismo handiko garaietan, oporraldietan.

Manifestazioa egingo dute ostegun arratsaldean, 19:30ean,... [+]


2024-04-03 | ARGIA
Barakaldon udaltzainek izandako esku-hartze "neurrigabea" eta "arrazista" salatu dute

Hainbat herritarri suzko arma batekin tiro egin ostean bi pertsona zauritu zituzten udaltzainek, horietako bat larri, pasa den martxoaren 21ean, Barakaldon. Tirokatuak kalean bizi ziren magrebtar jatorrikoak izatea ez dela kasualitatea dio 77 elkartek sinaturiko adierazpenak:... [+]


Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Udaltzainek bi lagun zauritu dituzte tiroz Barakaldon; horietako bat larri dago

Udaleko Segurtasun Sailak adierazi duenez, Arrontegiko zubiaren azpian izan da tiroketa, udaltzainak zulo bat estaltzera joan direnean.


Eguneraketa berriak daude