Hizkuntza gutxituei buruzko legea onartu du Frantziako Legebiltzarrak

  • Iazko otsailean heldu zen Frantziako Legebiltzarrera Paul Molac diputatu bretoiaren lege proposamena. Lehen irakurketan edukiz hustu zuten diputatuek, baina abenduan, emendakinen bidez hastapeneko oinarriak eman zizkioten senatariek, gobernuaren iritziaren kontra eginez. Frantziaren menpe eta ofizialtasunik gabe segitzen duten hizkuntza gutxituen geroa bermatzeko bidean, garrantzia handiko bozketa egin eta onartu da apirilaren 8 honetan.


2021eko apirilaren 08an - 09:31
Euskaraz bideraturiko irakaskuntzaren aldeko elkarretaratze bat (argazkia: Euskal Konfederazioa)

Bide legegileari segi, apirilaren 8 honetan itzuli da Frantziako Legebiltzarrera Eskualdeko Hizkuntzen Ondare Babeserako eta Sustapenerako Lege proposamena, iazko otsailaren 13an lehen irakurketa eginik eta abenduaren 10ean berriz Senatutik iraganik.

Testua bere horretan onartu da eta hizkuntza gutxituen irakaskuntzari esparru finkoagoa emanen dio legeak, eta ikastetxeen diruztatzean ere baikorki eraginen du. Bozketa garrantzitsua izan da Ipar Euskal Herrian aitortzarik gabe segitzen duen euskararen biziraupenerako, baita Frantziaren menpe diren beste hizkuntza gutxitu guztientzat ere.

"Hizkuntza gutxituen aitortzarako bidean eta babeserako" garrantzia handiko testua dela dio Pour que vivent nos langues edo Gure hizkuntzak bizi daitezen deitu kolektiboak. Petizio bat ere zabaldu du sare sozialetan azken honek, parlamentariei legearen alde bozkatzeko deia luzatuz –azkenean hala egin du gehiengo batek–. 2019an osatu zuten egitura hau eta orduz geroztik Frantziako Estatuaren menpe diren hizkuntza gutxituen alde dabiltzan eragile ezberdinen bateragunea da.

2020ko otsailean heldu zen legebiltzarrera Paul Molac diputatu bretoiaren lege proposamena. Lehen irakurketan edukiz hustu zuten diputatuek, baina emendakinen bidez hastapeneko oinarriak eman zizkioten senatuan, joan den abenduan, gobernuaren iritziaren kontra eginez.

Alta, kolektiboak oroitarazten duenez, Emmanuel Macron Frantziako presidentea ere gisa horretako lege baten alde kokatu zen 2017an: “Frantziako Konstituzioarekin eta Frantziako herriaren batasunarekin bateragarria den eta [hizkuntza gutxituei] benetako estatutu bat bideratzen dien testua betebehar demokratiko bat izateaz gain, ezinbesteko neurria ere da". 1951az geroztik ez da egon hizkuntzei buruzko legerik Frantziako Estatuan.

Euskarazko murgiltze eredu publikoa garatzeko aukera

Gaur egun, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari dagokionez, bi aukera baizik ez ditu aurreikusten Frantziako Hezkuntza Kodeak: sail elebiduna edo hizkuntza eta kultura gutxituaren irakaskuntza ikasgai modura ematea. Legeak hirugarren aukera bat jarriko du ofizialki, murgiltze ereduaren bidez beti ere "frantses hizkuntzaren ezagutza on baten helburuari kalte egin gabe". Aukera horrekin, ikastetxe publikoak ere murgiltze eredua proposatzen has litezke orain.

Azken urteetan, euskaraz murgiltze eredua eskaintzeko aukera publikoko ama eskoletan izan dute –baina hau ez dute eskubide gisa aitorturik, Frantziako legediak bere baitan duen esperimentaziorako eskubidearen bidez hartzen dute aukera–. Gisa horretako hemeretzi proiektu daude Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan, eta beste hainbeste pribatu giristinoetan. Baina esperimentazioaren esparruak bere mugak erakutsi ditu azken urteetan, iaz Hiriburuko tirabirek frogatu zuten bezala.

Legea honekin ikastetxe publikoetan hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren eskaintza orokortua izango da.

"Gure eskualdeko hizkuntzak babesteko eta hizkuntza hilak bihur ez daitezen, eskolako ikasketa eskaintza indartu behar dugu. Espero dut gaur goizean legebiltzarrean eztabaidatuko den legea bozkatua izatea, azkenean aplikatu ahal izateko", txioa zabaldu du apirilaren 8 honetan, legea onartu izan aurretik, proposamenaren oinarrian den Paul Molacek:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude