Ostegunean abiatuko dira Otsail Ostegunak Donapaleun, Emilio Lopez Adan ‘Beltza’-ren hitzaldiarekin

  • Ohiturari segi, ostegun arratsetan finkatu ditu Amikuzeko Zabalik elkarteak hitzaldiak. Aurten haatik, martxora pasa ditu hitzordu batzuk.


2022ko otsailaren 17an - 09:34
Azken eguneraketa: 11:01
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

"Gudarien duintasuna" izena jarri diote osteguneko hitzaldiari. Emilio Lopez Adan Beltzak gomitatu du Zabalik elkarteak Donapaleura, Otsail Ostegunak hitzaldi zikloaren kari. Borroka armatuaren historia Euskadin. 1967-2011 liburua atera berri duela, bere gogoetak partekatuko ditu ostegun honetan 20:30etatik goiti.

Horra hemen ondoko hitzaldien berri:

- Otsailaren 24an Ezinezko egun sentia liburua aurkeztuko du Mixel Oronoz apaizak. Bi amikuztar gazteen ibilbideetan –René Ollier domintxindarra eta  Ithorrrotzeko jauregiko Bertrand d’Abbadie– oinarritzen da hemengo elizaren ingurumarian eskuin muturra gero eta gehiago sartzen ari dela erakusteko. "Gaia minbera da, eta bi gazte horien biziak paraleloan ezartzeak erakusten dauku gordinki atzo bezala gaur ere, erne egotearen beharra", dio Zabalik-en aurkezpenak.

- Martxoaren 3an Euskalgintzako Kontseilua egiturako Haizpea Abrisketa eta Paul Bilbao ariko dira solasean. "Batuz aldatu: hemengo euskalgintzak konkretuki non ditu lehentasunak?" izena jarri diote hitzaldiari eta Batuz aldatu manifestua ukanen dute solasgai.

- Martxoaren 10ean Lorea Agirre Dorronsoro eta Idurre Eskisabel Larrañaga izanen ditu gomita gisa Zabalik elkartea, "Euskalgintza eta feminismoa: elkartruke baten proposamena" hitzaldian. "Trikua esnatu da" (Lisipe saila) liburua plazaratu zuten 2019an.

Zabalik elkarteak 2012an sortu zen, ondoko helburua bete nahian: "Euskararen erabilera biziko urrats guzietan laguntzea eta hedatzea, bereziki Amikuze eskualdean".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.