Gau bat iraun duen berrokupazioa

  • Milaka lagun manifestatu ziren larunbatean Iruñean, Maravillas gaztetxea hustearen aurka. Iluntzeko zortziak aldera barrura sartzea lortu zuten jada hirugarrenez, baina igande goizaldean foruzainak azaldu eta ateak itxi zituzten. “Marra gorri guztiak” gainditzea leporatu diote gazteek Nafarroako Gobernuari. Joseba Asiron hiriko alkatea astelehenean bilduko da auzokideekin.


2019ko urtarrilaren 21an - 10:21
Argazkia: Ibai Arrieta

“Inoren mesederako ez den bukle batean sartu gara”, adierazi zuen Joseba Asiron (EH Bildu) Iruñeko alkateak igandean eginiko adierazpenetan. Gaztetxea dagoen Rozalejo jauregiak segurtasun baldintzak ez dituela betetzen esan zuen, eta badagoela epe motzera eman daitekeen soluzio posiblerik. Alde zaharrean dagoen Oscus eraikina gazteei eskaini die Udalak, baina ez dela “irtenbide bakarra” esan zuen Asironek. Astelehenetik aurrera auzokideekin –gaztetxeko kide, ostalari, dendari edota bizilagun ororekin– bilduko dela jakinarazi zuen.

Asironek “kezkatuta” dagoela esan zuen azken bi asteotan –urtarrilaren 8an hustu zuten gaztetxea– emandako gertakariekin. Orduz geroztik, gazteek mobilizazio ugari egin dituzte gaztetxearen alde: kazeroladak, bizikleta martxa, errepide mozketak eta zubitik zintzilikatzea, besteak beste. Foruzaingoarekin eta Espainiako Poliziarekin istiluak izan dira horietako zenbait egunetan. Larunbateko manifestazioa izan da orain arteko jendetsuena.

Arratsaldeko 17:00ak aldera iritsi ziren lehen manifestari zutabeak Iruñeko Udaletxe plazara. Ordurako giroa berotzen hasia zen, Iruñeko sarreran Espainiako Poliziak kontrola jarri baitzuen. Besteak beste, Bilboko eta Donostiako autobusak gelditu zituzten: identifikatu eta banan-banan argazkia atera zieten, bakoitzaren “irudi gaurkoa” edukitzeko.

 

Milaka lagun gaztetxeen alde

Okupazioaren aldeko aldarriekin girotu zuten manifestazioa, batik bat Espainiako Gobernuak Nafarroan duen delegazioaren parean. Musikaren laguntzaz giroa ez zen hain gordina izan. Manifestazioaren amaiera ekitaldia San Frantzisko plazan izan zen; era guztietan euren esker ona adierazi zuten Maravillas gaztetxeko kideek. Gaztetxearen alde egindako kantua abestu zuten gitarraren laguntzaz, eta ondoren Donostiako alde zaharreko Kijera –husteko arriskuan dago– eta Errotxapeako gaztetxeko kideek hartu zuten hitza. Maravillasi babesa helarazi, eta gune autogestionatuen alde borrokatzen dutenei esker ona adierazi eta hala jarrai dezaten eskatu zieten. Ekitaldiaren amaieran jakinarazi zuten Maravillas gaztetxera sartu zirela gazte batzuk.

Rotaflexarekin ireki zuten atea

Nabarreria plazak gainezka egin zuen. “Gaztetxerik gabe, bakerik ez. Maravillas herriarentzat” zioen pankarta bat eskegi zuten gaztetxeko balkoitik barrura sartzea lortu zuten gazteek, eta rotaflexarekin txapazko atea botatzeari ekin zioten. Okupazioaren aldeko aldarriak dituzten abestiak bozgorailuetatik jarrita, festa lehertu zen. Iluntzeko 20:30ak baino lehen berrokupatu zuten gaztetxea.

 

Gaztetxea hankaz gora

Sare sozialen bitartez zabaldutakoaren arabera, gaztetxea hankaz gora jarri zuen Foruzaingoak. “Berriz okupatzea posible izan ez dadin, sekulako txikizioak egin dizkigute”, adierazi zuten Maravillas gaztetxeko kideek.

 

Goizeko zortzietarako, kalean

Ez zen polizaren arrastorik izan larunbatean Nabarrerian, gaztetxera sartu zirenean. Igandean baina, goizeko zazpiak aldera Foruzaingoa gaztetxera sartu zen. Ez zegoen inor barruan, eta Nabarreria itxi zuten. Gazte bat atxilotu zuten istiluetan.

“Marra gorri guztiak gainditu dituzue”, zuzendu zitzaizkion gaztetxeko kideak Nafarroako Gobernuari igande eguerdian eginiko agerraldian: “Aurrean izango gaituzue, eta ez izan zalantzarik, auzo honek gaztetxea lortuko du ahal bezain laster”.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Maravillas gaztetxea
Nafarroako Gobernuak ez dio helegiterik jarriko Maravillas gaztetxeari buruzko epaiari

Marqués de Rozalejo jauregiaren okupazioagatik auzipetutako 22 gazteak absolbitu zituen auzitegiak. Auzi horretatik "ikasiko" duela adierazi du gobernuak.


Zigorrik gabe utzi ditu epaileak Maravillas gaztetxearekin lotu dituzten 22 gazteak

Akusazioak froga pattalak dituela ondorioztatu du epaileak. Bertan behera geratuko da, beraz, gazteei guztira eskatutako 56.000 euroko zigorra.


Maravillas gaztetxeko 22 kideren aurkako epaiketa hasi zuten ostegunean

Fiskaltzak gazteen aurka egin zuen hasierako eskaria jaitsi du, eta 630 euroko isuna eskatzen ari da gehienentzat. 2017ko irailean Maravillas Gaztetxeak egoitza zuen Iruñeko Alde Zaharreko Rozalejo jauregia okupatzeagatik ari dira kideak epaitzen.


15 hilabeteko espetxe zigorra, Maravillas gaztetxearen pareko kamera apurtzeagatik

4.320 euroko isuna ere ordaindu beharko du. Zigorturiko gazteak helegitea aurkeztu zuen, baina Auzitegiak epaia berretsi du.


2019-10-02 | Topatu.eus
Urriaren 17an izango da Maravillas gaztetxearen aurkako epaiketa

2018ko abuztuko desalojoaren harira, 22 kideen aurka izango da epaiketa. 150.000 euroko isuna ezarri nahi diete.


Eguneraketa berriak daude