Gasteizko Santiago ospitalean ere txertoa hartu behar ez zuten hainbat langilek hartu dute

  • COVID-19aren harreman zuzenean ez dauden hainbat langilek txertoa jaso dute, eta kutsatuekin lanean ari diren askok, aldiz, ez. Arabako OSIko zuzendaritzak akatsak onartu zizkien sindikatuetako ordezkariei asteazken eguerdian egindako urgentziazko bilera batean. Ordezkari sindikalen ustez, “akatsak” kudeaketa txarraren eta antolakuntza ezaren ondorio dira. Sagardui Osasun sailburuak ez zuen asteazken arratsaldean aipamenik egin Santiago ospitaleaz, Osakidetzan txertaketa arloan egon diren irregulartasunez hitz egiteko propio deitutako agerraldian.


2021eko urtarrilaren 28an - 13:45

COVID-19arekin kontaktu zuenean lan ez egiteagatik txertoa hartu behar ez zuten arren txertatuak izan diren profesionalen hiru kasu dira Gasteizko Santiago ospitalean ezagutu direnak gaur gaurkoz: zeladoreen enkargatu bat, endoskopia gainbegirale bat, eta liberatua dagoen UGT sindikatuko kide bat. Aldiz, birusak kutsatutako gaixoekin kontaktu zuzenean ari diren hainbat langilek ez dute txertoa hartu oraindik: ZIUko langileren bat, kutsatuekin errehabilitazioa egiten ari diren fisioterapeutak edo hainbat zeladore –tartean COVID-19 gaixoak artatzeko propio prestatu duten sailekoak–, besteak beste. ARGIAk ospitaleko langileen iturrietatik ezagutu eta baieztatu ahal izan du informazioa.

Zurrumurruak eta langileen haserrea

Aurreko egunetan Santiagoko ospitaleko profesionalen artean zurrumurrua bolo-bolo zebilen, hitzez zein telefono bidezko mezuen bitartez, “zuzendaritzako kide batzuek eta sindikatuetako zenbait kidek” txertoa hartu zutela protokoloko irizpideen aurka. Lehenagotik ere haserrea eta ezinegona nabariak ziren langileen artean ARGIAko iturrien arabera, lan karga handiengatik eta lan baldintzen ondorioz besteak beste, eta zurrumurruak ondoeza sakondu zuen: “Emozionalki oso txarto gaude”.

Testuinguru horretan, Santiagoko ospitaleko enpresa batzordeak bilera urgentea eskatu zion asteartean Arabako ESIko zuzendaritzari (Arabako ESIak Txagorritxu eta Santiago ospitaleak, Arabako kanpo kontsultak eta anbulategiak barnebiltzen ditu). Zuzendaritzaren eta sindikatuetako ordezkarien arteko bilera asteazken eguerdian egin da. Bertan izan diren bi sindikatu ordezkarirekin hitz egin du ARGIAk, ESK-ko Manu Rodríguezekin eta LABeko Olatz Rodríguez de Yurrerekin.

Kudeaketa txarra, antolaketa eskasa

Zuzendaritzak aipatu hiru txertaketa kasu okerrak onartu ditu bileran, ziurtatuz protokoloa aplikatzeko orduan egindako akatsen ondorio direla. Protokoloa berregokitu eta akatsak zuzentzeko asmoa ere azaldu du. ESK zein LABeko ordezkariek uste dute ospitaleko gertaerak prebarikazio edo ustelkeria kasuak baino, kudeaketa “oso txarraren” ondorio direla.

Azaldu dutenez, unitatez unitate ari dira langileak deitzen txertoa jaso dezaten, “lehen lerroan” daudenetik hasita, baina hainbat gabezia eta arazo ematen ari dira. Batetik, ez dira kontutan hartzen ari lantalde barneko ezberdintasunak: unitate berean egonagatik, langileetako batzuk kontaktu zuzenean daude birusarekin, eta beste batzuk ez, baina denei deitzen zaie batera. ESKko ordezkariaren arabera, hori da txertoa jaso duten zeladore enkargatuaren eta endoskopia begiralearen kasua. Bestetik, zenbait kasutan unitate bakoitzeko langileen zerrendaren osaera formala ez dator errealitatearekin bat, eta hori ez da kontutan hartzen ari: “Lehentasuneko unitateak zeintzuk diren ikusi eta langile zerrenda hartu da, kontutan hartu gabe lanean dauden edo ez, eta non”, azaldu du LABeko Rodríguez de Yurrek. Adibidez, ZIUn lanean ari den langile batek ez du txertoa jaso ofizialki lehen lerroan ez dagoen beste unitate batekoa delako, eta berdin gertatu daiteke alderantziz –formalki lehen lerroko unitate batean dagoen langile batek txertatzeko deia jasotzea, egiazki arriskurik gabeko postu batean dagoenean–. Bajan dauden profesionalei ere esan diete beren unitatearekin batera txertatzeko, edo berdin sindikatuetako liberatuei ere. Azken hori litzateke UGTko sindikalistaren kasua, lehen lerroan dagoen unitateko zeladorea baita berez. Arazo horiek orokorrak direla dio ESKko ordezkariak, ez soilik Santiago ospitalekoak.

Beste auzi bat da txertatzeko deiaren aurrean profesional bakoitzak dituen jarrera eta erantzukizun pertsonala. “Nire sentsazioa da batzuetan jarrera dela, ‘deitu didatenez, nik ez dut ezetz esango’”, dio LABeko Rodriguez de Yurrek. ESKko ordezkariak uste du kontu handiz aztertu behar direla kasuak: “Etxean zaude bajan, deitzen dizute, txertatzeko, eta esaten badiezu ezetz esaten dizute, ‘A, ez duzu txertatu nahi orduan?”.

Arabako ESIko zuzendaritzak protokoloak moldatu eta hobetzeko konpromisoa hartu du asteazkeneko bileran. Sindikatuek eskatu zioten orain arteko akatsen eta txertaketa okerren azalpen bat emateko idatziz, ospitaleko giroa lasaitze aldera. Zuzendaritzatik ez ziren oso prest agertu, eskatu gabeko azalpenak ematea erruduntasunaren onarpen bezala interpretatu zitekeela argudiatuta.

Erantzukizun politikoak

Txertaketa protokoloaren inguruko auzia bereziki bero dago EAEn, Basurtu eta Santa Marina ospitaletako txertaketa bidegabeak ezagutu zirenetik. Eskandaluak beharturik Gotzone Sagarduik agerraldi berezia egin du legebiltzarrean asteazkenean. Rodríguezek uste du Sagarduik berak eta “zenbait hedabidek” Jaurlaritzaren eta Osakidetzako arduradun nagusien ardurak ezkutatu nahi dituztela, erantzukizun maila eta gertaera guztiak berdinduz eta langileen arteko “sorgin-ehiza” elikatuz. Maila batean lortzen ari direla uste du, ustel eta arduragabeen aurkako haserrea baitago, baina baita lankideen arteko tentsioak eta mesfidantzak ere: “Zergatik hartu duzu zuk txertoa eta nik ez, zergatik hura?”.

Horren aurrean, ezberdintzearen garrantzia azpimarratu du batetik: “Basurtukoa aurrez pentsatutakoa izan da, eta azpikeriaz egina. Beste kasu batzuetan kudeaketa oso txarra izan da, baina ez nahitara edo asmo txarrez egina”. Azken horiek ere aztertu eta ardura pertsonalak exijitzearen alde dago. Baina, bestetik, erantzukizun politikoak EAE mailako Osakidetzako arduradun nagusiei eta arduradun politikoei eskatu behar zaizkiela uste du, “Sagarduitik hasita, ardurak beste batzuei bota besterik ez baitu egin legebiltzarrean”. Sagarduik legebiltzarrean adierazi du Osakidetza osoan txertoaren protokoloa nola ari den gauzatzen ikertu duela Basurtuko eta Santa Marinako kasuak ezagutu ostean. Ez zuen Gasteizko Santiago ospitalearen inguruko aipamenik egin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


2022-03-15 | ARGIA
Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek

Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.


2022-02-20 | Estitxu Eizagirre
Eneritz Zubiaurre, COVID-19aren aurkako txertoak kaltetua
"Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko"

Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude