"Gasteizko jaiak osatzen ditugun eragile guztiona da erantzukizuna"

  • Pandemiaren ondorioz, etenaldi bat egin eta 40. urteurrena ospatzeari uko egin behar izan diote Gasteizko Txosnek. Salatu dutenez, instituzioen "erantzun ezak" atea itxi dio inolako ekitaldirik antolatzeko aukerari. Hala ere, kulturaren zein herri mugimenduaren alde lanean jarraitzeko asmoa adierazi dute.

Jon Ander Elosegi eta Amaiur Arbe, Gasteizko Txosna Batzordeko kideak. Argazkiak: Mikel Buruaga / ALEA

2020ko uztailaren 01an - 11:26

40 urteko ibilbidea duen txosnaguneari etenaldi bat egokitu zaio aurten. Uztailaren 24an Florida parkean egindako agerraldian azaldu dute erabaki zaila izan dela, baina argi dute 2021ean indarberrituta itzuliko direla: "Kalea garelako eta kalean garelako", aukeratu duten leloak dioen bezala.

Amaiur Arbe eta Jon Ander Elosegi Gasteizko Txosna Batzordeko kideek pandemiaren eragina, jai herrikoien etorkizun hurbila, atzerapenarekin ospatuko den urteurrena, Udalarekin egindako bilerak edota espazio publikoaren erabilera izan dituzte hizpide ALEArekin izandako solasaldian.

Zergatik erabaki zenuten txosnaguneari etenaldi bat ematea?

Amaiur Arbe: Konfinamenduan zehar telematikoki elkartzen joan ginen, hasiera batetik kezka nabaria zelako. Etxean geunden eta argi zegoen gure jarduna aldatu beharko genuela. Hortaz, hasierako asmoa jaiak birpentsatzea eta beste modu batean antolatzea zen, baina osasun egoerak erabat baldintzatu du erabakia. Zailena izan da 40. urteurrena izan behar zen honetan dena bertan behera utzi behar izatea; bai urtemuga bera, baita jaiak, txosnak eta bestelako ekimen guztiak ere.

"Udalak ez du segurtasun minimorik jakinarazi"

Orduan, zer gertatuko da urteurrenarekin?

Jon Ander Elosegi: 40. urteurrena 2020ko lehenengo zatian ospatu behar zen, eta, jakina, bertan behera geratu da. Hala ere, gure asmoa aurten ospatzea da, eta 2020/2021 ikasturterako utzi dugu, oraingoz; egoeraren arabera moldatu beharko gara, baina hainbat ekintza antolatuko ditugu, gehienbat urtarriletik aurrera.

Nolakoak izan dira Gasteizko Udalarekin izandako bilerak?

J.A.E: Guzti hau hasi zenetik saiatu ginen Udalarekin harremanetan jartzen, jakiteko zer nolako erabakia hartuko zuten. Proposatu genien gu, Gasteizko Txosnak bezala, bertan egotea, eta baita Neska eta Blusen Elkartea edota hiriko tabernariak ere. Bi hilabete egon ginen Udalaren atzean, eta ez genuen inolako erantzunik izan. Beti esaten zuten ez zekitela zer pasatuko zen, oraindik goiz zela, eta, momentuz, jaiak aurrera zihoazela.

A.A: Gero, maiatzaren hasieran, bilera bat lortu genuen Udalarekin, eta Gasteizko jaien inguruko mahai bat sortzea proposatu genien, eragile guztion artean aukerak aztertzeko, ea zer nolako jaiak egin ahal ziren eta nondik nora joan ahal ginen. Hasiera batetik ikusi genuen erantzukizuna kolektiboa izan behar zela; Udalarena baina baita Gasteizko jaiak osatzen ditugun eragile guztiona ere. Hortaz, ardura eta erabakiak kolektiboak izan behar ziren, eta gure iritzia hor egon behar zen.

"Auzoetako jai batzordeak babesgabe sentitu dira"

Eta ez al da horrela izan?

J.A.E: Bilera bakarra egin dugu Udalarekin, eta gero posta bidez egon gara harremanetan. Guk argi utzi genuen minimo batzuk ezagutu behar genituela, jakiteko zer antolatu genezakeen eta zer ez; lanean hasi eta zerbait aurkeztu ostean atzera bota behar ez izateko. Udalak, gaur gaurkoz, ez dizkigu minimo horiek jakinarazi.

A.A: Orduan heldu zen momentua, ekainaren erdialdean: txosnagunerik ez zela jarriko erabakita zegoen jada, baina, gainera, erabaki genuen Gasteizko Txosnek aurten ez zutela inongo ekintza edo ekitaldirik antolatuko.

 

Argazkia: Erlantz Anda

Ez al duzue uste espazio publikoaren erabilera murriztea ulergarria dela segurtasun arrazoiengatik?

A.A: Instituzioetatik erabilera baldintzatu da denbora guztian, baina ez dituzte irizpide argiak eman; espazio publiko horren erabilera ukatzera mugatu dira. Auzoetan, adibidez, baimena eskatu den bakoitzean atzera bota dute zuzenean. Ziurgabetasuna nagusitu da, baldintza horietan ezer antolatzea oso zaila da, eta, azkenean, ez da aukerarik egon ezer antolatzeko, saiakerak egon diren arren. Auzoetako jai batzordeak babesgabe sentitu dira, eta ardura guztia beraien bizkarrean jarri da, zerbait ilegala antolatzen ari balira bezala; ez da laguntzarik edo irizpiderik eman.

"Posible denean kristorena montatuko dugu urteurrenarekin"

Aurreikusitako jardueraren bat salbatu duzue?

J.A.E: Uztailaren 24an Kalea gara, kalean gara kainpaina aurkezteko egin dugun prentsaurrekoaz gain, ekitaldi bakarra egingo dugu, eta jaien aurretik izango da. Ikasturte hasieran Banda Lehiaketa abiatu genuen, eta finala abuztuaren 3an ospatuko da, Jimmy Jazz aretoan.

2021ean 40 urteko ibilbidea eta Gasteizko jaiak ospatu ahal izango dituzuela uste duzue?

A.A: Momentuz dena airean dago. Ez dugu ezer aurreikusi, bizi dugun ezohiko egoera honetan ezinezkoa delako programazioan pentsatzen hastea. Egoeraren arabera eta egiten uzten digutenaren arabera gauzak planteatzen hasiko gara.

J.A.E: Hori bai, 2020ko programazio guztia itxita geneukan, eta, printzipioz, lotutakoa 2021era atzeratu ahal izatea nahiko genuke. Posible denean kristorena montatuko dugu 40. urtemugarekin. Gainera, urteurrenaren abestia sortzen ari gara dagoeneko.

 

 

 

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gasteizko Jaiak
Bi eraso homofobo salatu dituzte Gasteizko jaietan

Gorka Urtaran hiriko alkateak adierazi duenez bultzadak eta irain homofoboak salatu dituzte. Pertsona batek salaketa jarri du.


2022-08-03 | ARGIA
Mobilizazioak deitu ditu Itaiak "ziztadarik ez! erasoen aurrean babesa antolatu" lelopean

Emakume sozialisten Itaia antolakundeak ziztaden aurkako mobilizazioak deitu ditu –Gasteizen 3an, Donostian 13an eta Bilbon 19an– eta horrekin batera, eraso mota honi buruz egiten duen irakurketa plazaratu du. Azpian osorik irakurgai.


2022-08-02 | Hala Bedi
Buru belarri lanean, Gasteizko Txosnak abuztuaren 4an irekitzeko

Agerraldia egin dute Txosna Batzordeko kideek, hiru urteren ostean txosnaguneari ongi etorria emateko. Iragarri dutenez, Mirentxin Gidariak kolektiboari emango diote aurtengo txosnisaria.


Mugimendu Sozialistak Gasteizen txosna jartzeko eskubidea duela aldarrikatu du herritar talde batek

Jaietan txosna jartzea debekatu dietela salatu zuten otsailean eta orain txosnak hiriko beste leku batean jartzeko baimen berezia eskatu dute. Manifestuan Gasteizko Udalari baimena onartzeko eskaria egin diote.


2022-06-06 | Hala Bedi
Gasteizko Txosnetako kontzertuak: Tatxers, Sara Hebe, Zetak eta beste asko

Abuztuaren 4a eta 9a bitartean ospatzen dira Gasteizko jaiak. Aurten, pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ostean, txosnak egongo dira berriro ere Gasteizko Campusean, jai herrikoi eta herri mugimenduarentzako bultzada.


Eguneraketa berriak daude