2024ko urtarrilaren 24an - 15:17

Urtero bezala, Gabonak familiarekin pasa behar ditugu. Inguruari begirada bat botaz gero, hainbat pertsonarentzat familiarekin denbora ematea benetako sufrimendua dela ikusi dezakegu. Askori momentu familiar hauek sabelean ezinegon itzela eragiten diete.

Neure buruari askotan galdetu diot zergatik egiten dugun horrelako mina eragiten diguna, baina, ziur aski, deserosotasun handi hau sentitzen dutenentzat ez da izango hain erraza erantzutea. Zergatik egiten dugu nahiz eta horrelako sufrimendua jasan? Ez dugu eskubidea geure onerako dena egiteko?

Suposatzen dut bakardadearen beldur garela denok. Ez ditugu erlazioak apurtu nahi, kulturalki familiarekin erlazio egokiak mantendu behar direla erakutsi digute eta. Azkenean, honek jende artean bakarrik eta ezezagun sentitzea du ondorio gisa. Ezezaguna, zeren eta zu zeu zaren moduan ezin zara azaldu.

Horiek horrela, derrigorrezko egunak azkar pasa nahi ditugu, errutina sentitzeko gogoz. Larregi kostatzen zaigu sentitzen duguna azaleratzen, eta are gehiago, bihotzak sentitzen duena errespetatzen. Urtero bezala, Gabonak bukatu dira. Momentuz arnasa hartu dezakegu eta baita urte berriari sentitzen duguna egiteko adorea eskatu ere.

Nagore González

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude