"Identitate disidenteak asimilatzen doa sistema, heteroaraura moldatuta"

  • Armairuaz, LGBT mugimenduan bizirik diren eztabaida eta borroka moldeez, sexu askapenaz, lumafobiaz, korronte erreformista eta erradikalaz, haurren identitatearen eraikuntzaz, espazio bizigarriez... aritu gara Hiruki Larroxa kooperatibako Egoitz A. Albeniz eta Ibai Fresnedorekin. Aitzakia: Hernaniko Udalaren Berdintasun arloak sortutako bekatik eta Berdintasun Kontseiluaren eskariz laster kaleratuko duten Noiz bukatzen da armairua? liburua, herrikideen azken 50 urteetako bizipenak jasotzen dituena. "Armairuak hautsi nahi ditugu, baina barruan dagoena zainduz".

Ezker-eskuin: Egoitz A. Albeniz eta Ibai Fresnedo (argazkiak: Dani Blanco).

Armairuari buruzko pertzepzio ezberdina dute liburuko solaskideek: errepresio gunea, leku segurua… Armairu asko daude?
Egoitz A. Albeniz: Gure artean pentsatu izan dugu ea armairuen esperientzia kolektiboa egin daitekeen, eta ezinezkoa litzatekeela ondorioztatu dugu, nahiz eta egitura beraren baitan bizi dugun zapalkuntza partekatzen dugun. Noiz bukatzen da armairua? jarri diogu izenburua liburuari, baina agian galderak izan beharko luke “noiz bukatzen da heterosexualitatea?”, heterosexualitateak sortzen duelako bizi dugun bestetasun eta indarkeria hau guztia. Indarkeria matxistaren fokua beti emakumeengan jarri ordez fokua gizonengan jartzea aldarrikatzen den moduan, LGBTfobiarekin ere berdin egin dezagun: fokua heterosexualitatean jar dezagun, aztertu dezagun zein arazo sortzen dizkien heterosexualitateak egitura horretatik kanpo geratzen diren disidentzia guztiei.
   Moral bikoitz oso potentea ematen da: jendarteak bere buruari arauak ematen dizkio eta gero ulertzen da publikoa ez den esparru horretan, espazio intimoan, beste arau batzuk jarraitu daitezkeela eta nolabait nahi duzuna egin dezakezula zure intimitatean. Horregatik dago armairua, biolentzia ematen delako pribatutik publikorako trantsizio horretan, eta horrek ulertarazi beharko liguke jendarteak bere buruari ematen dizkion arauak oso hertsiak direla, aniztasun guztia barne hartzen ez dutenak.
Ibai Fresnedo: Praktika homofoboa den bezala pertsona bat seinalatu eta maritxua dela esatea, autokritika ere egin nahiko nuke: sexu askapenaren borrokan LGBT pertsonen ikusgaitasunak sortzen digun grinagatik, batzuetan nolabaiteko presioa eragiten diogu armairuan jarraitzen duenari, atera dadin, eta hori ere bada indarkeria. Oso prozesu pertsonal eta intimoak direnak ezin ditugu behartu. Ikusgaitasunak elkarzaintzarako sare potenteak behar ditu oinarrian, baita autodefentsarako pedagogia sakona ere. Alegia, armairuak hautsi nahi ditugu, bai, baina “barruan” dagoena zainduz.

Hain da prozesu pertsonala, ezen batzuentzat babesa da armairua eta beste batzuentzat kartzela. Kontzeptu bera zeinen modu kontrajarrian bizi daitekeen.
Fresnedo: Esango nuke gehiago dela kartzelaren eta babeslekuaren arteko continuum bat, gure errealitatea multidimentsionala delako; esparru ugaritan ditugu harremanak eta esparru batzuetan kartzela senti dezakeguna beste batean babesleku da, eta hirugarren esparru batean zuzenean ez dago armairurik eta modu askean aurkezten dugu gure burua. Prozesu konplexuak dira eta denak zilegiak.
Albeniz: Eta armairuan sartu-irten horretan ibili daitezkeen pertsonak daude, baina beste jende batek, duen itxuragatik, duen adierazkortasunagatik, duen maskulinitate edo feminitateagatik, ezin du hori egin, ezin du disimulatu eta beti dago kanpoan, uneoro bizi du seinalatze eta indarkeria bat. Horrek gogoetara garamatza, ea ez ote dugun armairua eztandarazi behar, nahiz eta aurretik ikusgaitasunaz esandakoarekin kontraesanean egon daitekeen.
Fresnedo: Aldi berean, armairuak arma politiko ere badira, zure desira, zure armairua beste norbaitekin partekatzeak eragin bat sortzen duelako; “ez nekien maritxua zinenik” esango dizute, baina “nik ere ez nekien zu heteroa zinenik”. Joko hori ematen du armairuak eta nire kasuan batzuetan hautu politikoa izan da eremu jakin batean informazio hori ez partekatzea, heteroarauari maskara kentzeko beste modu bat izan daiteke-eta.
Albeniz: Armairuan geratzera edo ateratzera bultzatzen zaituzten arrazoiak arrazoi, interesgarria da ikustea behin ateratzen zarenean, duzun identitatearen arabera saritua edo zapaldua izango zarela, heteroarauak berak pribilejiatzen dituelako armairutik atera eta heteroarauaren praktiketara makurtzen direnak. Identitate disidenteak pixkanaka asimilatzen doa sistema: ez ditu hirukotean bizi diren emakume bizardunak nahi, familia bat osatzen duen bikote lesbiana eredugarria nahi du, klase ertainekoa eta zarata gutxi aterako duena.

Egoitz A. Albeniz: "Jende batek, duen itxuragatik, duen maskulinitate edo feminitateagatik, ezin du disimulatu eta beti dago armairutik kanpo, uneoro bizi du seinalatze eta indarkeria bat"

Alegia, izan zaitez LGBT, baina “gure erara”. Besteek ematen digute gure identitatea definitzeko zilegitasuna?
Albeniz: Zilegitasuna soziala da, baina zilegitasun sozial hori sistemak berak ematen dituen parametro eta irizpideetatik eratortzen da, arlo politiko, instituzional eta legalak ere definitzen duelako zer den zilegi eta zer ez (erditu den aita batek kontatu du berriki, adibidez, juridikoki ez dagoela aurreikusita halako egoerarik).
   Tolerantzia, normalizazioa eta integrazioa bezalako hitzak erabiltzen ditugu, baina tolerantzia boteretik eraikitzen da, eta zilegitasuna berdin: batzuek baino ezin dizute zilegitasuna eman, arauaren barruan daudenek.

Hain juxtu, gaur egun berdintasuna eta aniztasuna moduko kontzeptuak politikoki zuzenak dira, baina diskriminazioak eta zapalkuntzak beste forma bat hartu dute?
Fresnedo: Aipaturiko normalizazio, tolerantzia eta integrazio kontzeptuen bueltan sortu da politikoki zuzenaren diskurtsoa eta diskurtso horretatik instituzioek dominak jartzen dizkiote beren buruari, gizartea aurrerakoia dela eta eskubide markoan eskubideak gehitzen ari garela azpimarratuz. Baina indarkeria sinboliko eta estrukturalak hor jarraitzen du, eta ezkondu edo seme-alabak izan ditzakegulako ez du esan nahi LGBTfobia jasaten ez dugunik. Beste forma bat hartu du, baina ardi-larruz estalitako otsoak hor dirau.
Albeniz: Ez dut gustuko esatea historiako une honetan okerrago edo hobeto gaudenik, baizik eta testuingurua eta prozesu historikoa aldatu dela eta LGBTfobia beste era batera ematen dela. Gaur egun politikoki ez dela zuzena LGBTfobia? Eskerrak! Baina azpian dagoen egitura osoak eragiten duen indarkeria desagerraraztea ez dugu lortu.
Fresnedo: LGBTfobia kontzeptuak berak sexu edo genero disidenteak diren horiengan baino ez du jartzen fokua, eta sigla horietatik harago begiratzea falta zaigu, heteroarauak denoi eragiten digulako, arau horietatik kanpo dagoen orori, tartean emakume heterosexualei, esaterako.

Heteroarauak denoi eragiten digu, baina batzuei besteei baino gehiago, ezta? Intersekzionalitatea kontuan hartzen badugu, profil batzuek besteek baino zapalkuntza handiagoa jasaten dute.
Albeniz: Intersekzionalitatea edozein prozesutan aintzat hartzea behar-beharrezkoa dela uste dugu Hiruki Larroxan, gure eguneroko bizipenak aztertzetik hasita. Ikuspegi intersekzional batetik lan eginda lortzen da norberak bere zilborrari begiratzeari uztea, ulertzea gure artean indarkeria-bizipenak elkarlotuta daudela eta zuzenean gure borrokari lotuta ez dauden beste kolektibo, militantzia eta elkarteekin zeharka gurutzatuta gaudela, modu batera edo bestera. Interesgarria da ikustea gaitasun bat sortzen ari dela elkar topatzeko, elkarrekin lan egiteko eta norberaren lekua aurkitzeko zapalkuntza eta erresistentzia harreman horren barruan.

Oso orokortuta dagoen fobia da lumafobia, baita LGBT kolektiboaren barruan ere.
Albeniz: 2008tik aurrera mugimendu transfeministak azaleratuko du batez ere LGBT borroka ere badela feminismoaren borroka, eta lumafobia zehazki patriarkatuaren eta matxismoaren isla argia da. Maritxuen artean ere badago misoginiarekin lotzen dugun fenomeno hau: femeninotasunera gerturatzen den oro da zerbait mespretxagarria, edo ez desiragarria, edo pasiboa. Bada, maritxu izateak balio behar luke birplanteatzeko nola konfiguratzen den gure desira, zer nolako gizartea dugun, zergatik ibili behar izan dugun jipoiak jasotzen… eta gutxienez guk ez genuke birproduzitu behar. Baina gure artean gero eta misoginia handiagoa eta gero eta gorputz normatiboago eta maskulinoagoak ikusten ditugu. Hori da bilatzen genuena? Zapalduak izan ostean, nerabezaroan sufritu ostean, jendarteko matxismoa birproduzitzen jarraitu nahi dugu, gizon izatearen arautik ateratzen denaren kontra?

Dikotomia interesgarria planteatzen duzue liburuan, LGBT borrokaren barruan: korronte erreformista –heterosexualek dituzten eskubide berak lortzeko borroka– vs korronte erradikala –erregimen heterosexuala iraultzea helburu–.
Albeniz: Korronte erradikala da bidea, baina bitartean bizi egin behar dugu eta eskubideak arautzea behar dugu ez gaitzaten zapaldu. Nik ez dut ezkontza nahi instituzio bezala, baina desagertzen ez den bitartean ez dut nahi jendeak hutsune legalak izatea, ezkontzeko eskubiderik ez duelako.
Fresnedo: Hain juxtu, ikuspegi erradikala ez da eskubide markoarekin kontrajarria, beti egingo duelako eskubideen alde, kontua da ikuspegi erreformistak kokatzen duela eskubide markoa heteroarauaren baitan eta ez oinarrizko giza eskubideen markoan. Erreformismoak planteatzen du heteroarautik at kokatzen direnak heteroarauan sartzea, horretarako mekanismo legal, sozial, juridikoak martxan jartzea. Ikuspegi asimilatzailea da eta izan dituen bi borroka ezagun dira ezkontzeko eta seme-alabak izateko eskubideak, baina korronte erradikalak erroetan jartzen du arreta, oinarrizko eskubideen alde egin behar dela azpimarratuz: etxebizitza, osasuna, hezkuntza…
   Euskal Herrian tentsio oso markatua dago bi ikuspegi horien artean; laburbilduz, ikuspegi erradikala dugunok sexu berekoen arteko ezkontza babestu genuen, baina erreformistek ez dute borrokatuko gizarte ez bitar baten alde, ez dute bat egingo gure borrokekin.

Ikuspegi erradikala defendatzen duzuen heinean, nola hartzen duzue entzun behar izatea aniztasunaren borrokek klase borrokari kalte egiten diotela?
Fresnedo: Kritika suntsitzaileak jaso ditugu azken urteetan, inter-klasistak garela, liberalak… eta guk dioguna da LGBT borroka baino, sexu askapena dela gure borroka eta askapen prozesu horren baitan paraleloki askapen guztiak defendatzen ditugula, guztiek dutelako jomuga bera. Gainera, LGBT borroka beti izan da klase ikuspegia izan duen mugimendua, juxtuki borroka horretan lerrokatu diren subjektu eta gorputzak izan direlako prekarizatuenak, marjinatuenak eta bazterrekoak, hasiera-hasieratik. Mugimendu antolatu ezkertiar eta iraultzailea den heinean, diskurtso marxista, leninista, komunista eta anarkistaren bueltan aritu da beti. Kontrako argudioa erabiltzen dutenak borroken arteko mailaketa egiten ari dira, eztabaida polarizatzen eta batez ere pribilejioetatik hitz egiten. Nekagarriena da ez dela auzi berria, ziklikoa baizik, bukle antzua.
Albeniz: Kritikak nondik datozen ulertu dezaket, beste borrokak bezala LGBT borroka ere zuritzen dabilelako kapitalismoa (kapitalismo arrosaren bidez), baina esatea queer mugimendua ari dela langile klasea desmobilizatzen ez da egia. Izatekotan, LGBT mugimendutik seinalatzen duguna da klase borrokan dauden hutsuneak sexu askapenari (eta matxismoari) dagokionean, eta autokritika egiteko balio beharko lieke. Denok dugu zer ikasia elkarrengandik eta horregatik hobe da nire borroka zure bizipenen kontra planteatu ordez elkarguneak topatu eta modu eraikitzailean aritzea, zeren eta nik ere esan dezaket haien borrokan denak zisgizonak, zuriak eta klase ertainekoak direla.
Fresnedo: Kontua da identitate borrokak kritikatzen dituztela, baina egiten dituzten kritikak gehiago dagozkie instituzioetan garatzen dituzten identitate politikei: erakundeetan LGBT politikak sortzen ari dira, “single issue” edo gai bakar gisa lantzen dituztenak, planteamendu kapitalista batetik, ez direlako politika intersekzionalak eta liberalismoan oinarritutako politikak zuritzeko estrategia delako.
   Kapitalismo arrosa bide berean doa: gure borrokaren aldarrikapenak instrumentalizatu eta interes kapitalista eta komertzialen alde egiten dute. Bilbao Bizkaia Pride da horren adibide argia. Gainera, kapitalismo arrosak interesatzen zaion profil jakin baten oinarri ekonomikoa hartu (gizon homosexual zuri burgesa) eta industria espezifikoa sortu du horren bueltan, baina hori ez da LGBT komunitatearen isla.

Medeak mugimendu transfeministaren sorreraz hitz egiten da liburuan: aldarrikatu zuten emakume biologikoa ez, heteropartriarkatuaren aurka dauden gorputzak behar dutela izan subjektu politikoa. Espainian egosten ari diren Trans Legeak eztabaida bera mahaigaineratu du berriz ere.
Albeniz: Eztabaida antzua eta artifizialki inportatua dela iruditzen zait, hamabost urtetan ez dugulako eztabaida hori hemen ikusi, bat-batean adieraztea emakumeen subjektutasuna lapurtuko dutela emakume transexualek. Gorputzak ez du zure generoa egiten, aspaldi gainditutako eztabaida da.
Fresnedo: Medeak taldeak bere planteamendua egin zuenean ere, ahizpatasunak eta erresistentziak izan zituen feminismoaren baitan, baina eztabaidak eztabaida elkarbizitzarako eta iritzi-trukerako prestutasuna ikusi izan dut beti. Orain sortu den polarizazioa eta toxizitatea Estatutik etorri dela iruditzen zait. Hiruki Larroxan gaur egungo testuinguruan ez dugu gure burua feminismoaren subjektutzat hartzen, baina transfeminismoan kokatzen gara, uste dugulako feminismoaren subjektu politikoa zabaltzea dela interesgarriena, ez dela esentzian oinarritu behar, posizionamendu politiko batean baizik. Eta gure posizionamendu politikoa argia da: heteroaraua suntsitu nahi dugu.

Ibai Fresnedo: "Haurrak garelarik, irainetatik hasten gara ulertzen zer den ez bakarrik era bateko edo besteko desira, baita heteroaraua bera ere. Arautik at etiketatzen gaituzte hasieratik eta etiketa horretatik abiatuta garatu behar dugu gure sexualitatea"

Liburuan ikusten da heterosexuala ez den haurrak, nahiz eta batzuetan oraindik hori oso ongi ez jakin, bere identitatea osatzen ari delarik sarri identitate horrekiko iraina eta mespretxua jasotzen duela besteengandik hasieratik. Nola eragiten du horrek norbere identitatearen eraikuntzan?
Fresnedo: Normalean lehenengo datoz muga eta araua, eta ondoren eraikitzen gara gu, eta mugek eta arauek biolentzia dakarte, beraz biolentziatik sortzen gara. Irainetatik hasten gara ulertzen zer den ez bakarrik era bateko edo besteko desira, baita heteroaraua bera ere. Egunero ikusten dugu eskoletan: genero adierazpen jakin bat duen neska-mutilak irain homofoboa jasoko du, jakin aurretik homosexualitatea zer den ere. Ez dugu gure sexualitatea nola garatu aukeratzerik, arautik at etiketatzen gaituztelako hasieratik eta etiketa horretatik abiatuta garatu behar dugulako gure sexualitatea.
Albeniz: Eta kontuan hartu behar da oso pertsona gazteak direla eta oso azkar ikasi behar dituztela estrategiak biziraun ahal izateko.
   Bestalde, gehienbat zigortzen dena genero disidentzia da, ez hainbeste desiraren orientazioa. Marikoia deitzen dizutenean ez dira esaten ari sexu harremanak dituzula beste mutil batekin, zure genero adierazpena femeninoa dela baizik, eta femeninoa izatea da ahula, koldarra eta patriarkatuaren ordena sinbolikoan bigarren mailakoa izatea, berriz ere misoginia eta matxismoa daude atzean. Harreman parekide eta osasuntsuak lantzeak funtsezkoa izan beharko luke hezkuntzan.

Kolektiboaren babesleku diren espazio fisikoen garrantzia azpimarratzen da liburuan, “espazio bizigarriak” norbera den bezala adierazteko. Ala ghetto bihurtzeko arriskua dute?
Albeniz: Ghettoei kritika egiten dienak ez dio bere buruari galdetu ea zergatik sortu behar izan duen espazio horrek; agian erantzuna da zure herria ez dela uste zenuen bezain irekia eta horrelako gune bat beharrezkoa dela. Jakina dela inportantea espazio propioak izatea, hirien egituran, aisialdi ereduan, jendartean… oraindik ere heteroaraua nagusitzen delako.
Fresnedo: Gizarte honetan, bizimodu hetero bat izan dezagun eta arauan sar gaitezen asimilazio prozesu bat jartzen da martxan; horrek nahitaez eramaten gaitu ghettoak sortzera, garena libreki garatu ahal izateko espazioak behar baititugu. Baina aldi berean, zentralitatea duten espazioak, espazio heterosexualak, iraultzea izan behar da gure helburua, espazio askatzaileetan garatzen ditugun praktikak zentrora ekartzeko kapaz izan behar dugu. Bi espazioak dira inportanteak, beti zure ghettoan bazaude ez duzulako ezer eraldatuko.
Albeniz: Eta espazio propio horiek ere eragiten dute beste espazio hegemonikoetan: Hernanin Karbonera gunea inportantea izan zen herria marikonizatzeko eta bollerizatzeko, bertako praktika askatzaileak abiapuntu izan zirelako beste espazioetan ere hainbat gauza egin ahal izateko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTI
Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Elena Guinea. Guztiontzako guneak sortzen
“Taberna bat edukitzea ardoak ateratzeko bakarrik, paso”

Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia... [+]


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


Eguneraketa berriak daude