Funcor izan zen esperientzia kooperatibo eta kulturala ezagutzeko jardunaldia Elorrion

  • Gaur, ekainak 1, 10 urte bete dira Funcor kooperatiba sortu zuen Andoni Esparza Gallastegi hil zela. Funcor izan zena ezagutzeko jardunaldia antolatu du Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkarteak, ekainaren 4an Elorrion. Izan ere, Funcor galdategia edota nekazal makinaria saltzeko fabrika izatetik, igaro zen izatera euskarazko lehen doako ikastola, “arte” unibertsitatea, txirrindulari talde profesionala, Laboral Kutxaren sortzailea, edota Ama lur euskarazko lehen film luzearen sustatzailea.

Ekainaren 4an Elorrion egingo den Funcorri buruzko jardunaldia aurkeztu zuteneko irudia.

2022ko ekainaren 1ean - 07:28
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ekainak 4 goizean, Elorrioko Alkartu Elkarte Gastronomikoan (Berriotxo kalea 27) hitzaldi hauek antolatu dituzte, Funcor esperientziak herrian izan zuen eragina aztertzeko. 10:30ean hasita hitzaldi hauek entzun ahalko dira:

 

Funcor. Zer gertatu zen? Andoni Basabe

Andoni Esparza eta Funcor. Pertsona eta bere obra Julia Itoiz (hemen Andoni Esparzaz eman zuen hitzaldi baten kronika)

Funcor ikastetxea eta “Credito al honor” Iñigo Agirre

Elorrioko Eskola Esperimentala. Proiektu pedagogiko esperimental bat Mikel Onandia

Funcor: Txirrindularien lantegia Rikardo Ajuria

Funcor eta Mondragon, bi eredu kooperatibo kontrajarriak Jabier Lertxundi (hemen gai horretaz eman zuen hitzaldi baten kronika)

Andoni Esparza. Argazkiaren egilea: Idoia Zabaleta.
Andoni Esparza Gallastegi, Funcorren sortzailea

Andoni Esparza Gallastegik sortu zuen Funcor Elorrion 23 urte zituela. Gaur betetzen dira 10 urte hil zela ( 2012ko ekainaren 1ean, Iruñan). Jardunaldiak antolatu dituen elkartearen hitzetan, "Andoni Esparza Gallastegi enpresa familia baten hazitakoa zen eta bizitza osoan zehar enpresa proiektu ugari sustatu eta lagundu zituen, beti kooperatibimosaren baloreak ardatz hartuta. Funcor (Elorrio) eta Euskaldunak (Martzilla) kooperatibak izan ziren bere enpresa ekimen garrantzitsuenak. Esparzaren ideia kooperatibismo herrikoi bat egitea izan zen; herrian ardatza jarrita, teknologian eta ekonomian ezezik, kulturan eta hezkuntza ere indarrak jarri behar zirela sinistuta lan egin zuen".

1970eko hamarkadara arte iraun zuen Andoni Esparzaren proiektuak. Izen bereko elkarteak azaldu duenez, auzi juridiko bat egon zen amaieraren oinarrian: "Durangoko epaitegian kereila kriminala jarri zuten diru erabilera desegokia leporatuta. Epaile titularrak atzera botazuen arrazoi nahikoa ez zeudela argudiatuta. Bigarren kereila bateri erantzunez behin behinean kartzela zigorra jarri zuen ordezko epaileak. 1979an epaiketa izan zen eta salatutako guztiak absolbitu egin zituzten".

Elkarrizketa bizia egin zion Miel A. Elustondok Andoni Esparzari: "Abertzale larregi dago hemen!"

Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkartea

Ekainaren 4ko jardunaldia Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkarteak antolatu du eta erakunde hauek izan ditu laguntzaile: Elorrioko Udala, Laumunarrieta Elkartea eta Gerediaga Elkartea.

2012an sortutako taldea da Andoni Esparza elkartea: "Elkartearen xedea Andoni Esparza zenak hasitako ibilbideari jarraipena ematea da, euskal izatearen ezaugarriak eta baloreak kontuan hartuta, pertsonetan eta kooperatibismoan oinarritutako Euskal Herria eraikitzea".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia eraldatzailea
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!