Frantzisko I aita santu berria Argentinako diktaduran izandako hainbat gertakarirekin erlazionatu izan dute. Besteak beste, lapurtutako umeen auzian, ESMA ezkutuko atxiloketa eta tortura gunean eta auzo txiroetan laguntzen zuten apaizen bahiketan zerikusia izan zuela diote biktima batzuek.
Aukeratu eta berehala, hedabideek Frantzisko Iaren profila eskaini dute. Bizimodu apaleko eta sozialki konprometitutako pertsona dela nabarmendu dute. Hala ere, ahots kritikoak ere agertu dira, Argentinako diktadurarekin lotzen duen iragan iluna duela salatu baitute.
Jorge Mario Bergoglio, 1973 eta 1979 artean jesuiten buruzagi probintziala izan zen Argentinan, eta diktadura aroko (1976-1982) hiru urtetan Jesusen Konpainiak herrialdean zuen ordezkari nagusia izatera ailegatu zen.
Auzo txiroetan gizarte lana egiteagatik bahitu zituzten bi jesuitari babesa kendu izana leporatzen diote. Apaizetako batek, Orlando Yoriok, salatu zuen haien ideologiarengatik ez zutela jaso laguntzarik. Bergogliok bere biografian erantzun zion “eskura zituen baliabideak kontuan hartuta”, ahal izan zuen guztia egin zuela.
Bahitutako umeen auzian eta ESMA ezkutuko atxiloketa eta tortura gunearen auzian ere deklaratu behar izan zuen.
Botere militarraren “laguna” eta “elizaren saiakuntza berritzaile guztien kontrako” izan dela nabarmendu zuen bere garaian Fortunato Mallimacci soziologo argentinarrak. Frantzisko Iaren aldekoek, berriz, salatu dute frogatu gabeko akusazioak egiten dizkiotela eta, are gehiago, diktadura garaian disidente askori lagundu ziola alde egiten.
Bestalde, Bergoglio denentzako ezkontzaren aurka agertu izan da, batez ere, Cristina Fernandezen Gobernuak Argentinan indarrean jarri zuenean. Frantzisko Iaren ustez “ez da borroka politiko bat, Satanasen 'mobida' Jaungoikoaren plana suntsitzeko baizik”.