Azaroaren erdialdean ARGIA komunikabidearen efemeridearen bitartez gogoratu dut espainiar selekzioan jokatzen jarraitzeko ukoa duela 25 urte egin nuela. Efemeride horrek atzera begiratzeko eta hausnarketa egiteko aukera eman dit.
Nazioarteko Kirol lehiak herrialdeen arteko kirol guden eran ikusi izan ditut, armarik gabeko armada, guda baten antzera, elkarrekin lehian. Horrela ikusten jarraitzen ditut egun ere, Olinpiar Jokoak eta nazioarteko edozein txapelketa handi zein txiki. Norbera bere herrialdearen alde, guda batean, beste herrialdeen aurka, kirol-legez lehiatuz.
Nazioarteko kirola guda egitera jokatzea da eta kirol gudak, norberaren aberriarekiko sentimendua, harrotasuna eta atxikimendua dakartza. Horregatik, nazioarteko kirola, zalantzarik gabe, herriaren emozio eta sentimenduak mugitzen dituen tresna politikoa da. Lehen mailako tresna politiko eta estrategikoa nazio handi, txiki, aberats edo txiroentzat.
Gure Euskal Herri txikiak, ez du kirol guda horietan parte hartzeko aukerarik, ez du ia armadarik ere eta euskal kirolari askok, frantziar zein espainiar armadetan parte hartzen dute. Azken 25 urte hauetan, gure herria zapaldu eta ukatzen duten kirol armadetan parte hartzen duten kirolariak gero eta gehiago direla iruditzen zait, baita ere, kirol armada horiek Euskal Herrian duten presentzia entrenamendu, partida zein txapelketa formatuetan. Larria deritzot, presentzia hori normalizatu edo normalizatze bidean izatea. Larriagoa, harrotasuna eta atxikimendua sortzea.
Nabaria da azken 25 urte hauetan ez dela euskal kirol armadaren alde, salbuespenak salbuespen, urrats esanguratsurik egin. Frantziar zein espainiar kirol armadaren alde egindako ahaleginak, berriz, handituz doaz etengabe. Kolonizaturik gauzkaten estatuen kirol parametroetan erabat murgildurik gaude. Egunetik egunera, aletxoak ezartzen dituzte euren parametro horiek gure egin ditzagun eta egoera hori normalizatu dezagun. Alegia, kirolean ere, frantziarrak edo espainiarrak izatea.
Gure lurraldean kirola kudeatzen duten erakundeek ere (klubek, federazioek, instituzioek, etab.), neurri desberdinetan, aipatu parametro horietan murgiltzeko aletxoak ezartzen dituzte egunez egun, kirol sistema arrotzaren katebegi diren heinean arau eta ekimenak bultzatuz, gure identitatea desagerraraziz, identitate arrotza normalizatuz eta inposatuz. Baina murgiltze hori normalizatua dugunez, eguneroko ogi bihurtu dugu eta horrela izan behar duela barneratu dugula iruditzen zait.
Euskal Herriaren desagertzea ekidin nahi badugu, erakunde, legedi, araudi eta ikuspegi arrotzetan katramilaturik ibili ordez, haiekiko jarrera intsumisoak landu beharko ditugu kirolean zein bestelako esparruetan ere
Kirol erakundeek, klubek, federakundeek, instituzioek, kirolariek, komunikabideek eta abarrek, handik zein txikik, nolabaiteko ardura dugu gure herri nortasunaren alde egiteko. Beti gertatzen den eran, gure herriaren alde egiten dugunean, kirola politizatzen ari garela leporatzen digute, egunerokotasunean, berriz, kolonoen lege eta araudiak inposatzen dizkigutenean, ez ei da kirola politizatzen.
Euskal Herriak independentzia lortu arte, Euskal Herriko selekziorik modu normalizatuan ikusiko ez dugula uste dut, baina oker egotea nahiko nuke. Hala ere, kolonizaturik gauden bitartean, Euskal Herriko kirol erakunde desberdinek, bakoitzak bere ardura mailaz, gure identitatearen eta nortasunaren alde egitea nahiko nuke eta egiterik ez badago, behintzat, biderik ez eman nortasun eta identitate arrotza normalizatzeari eta inposatzeari.
Egungo nazioarteko kirol dinamiken bitartez, gure gazteek Frantziako eta Espainiako federazioetan egiten dute kirol soldaduska. Ondoren, armada arrotzetan borrokatzeko. Gehiegitan, tamalez, Euskal Herrian bertan, bertako kirol erakundeek antolatuta eta diruz lagunduta.
Zer litzateke ahalegin horiek guztiak Euskal Selekzioak antolatzen eta bultzatzen egingo balira? Zer litzateke gazte horiei guztiei Euskal Herriko selekzioaren aldeko sentimendua, ahalegina eta maitasuna emateko aukera eskainiko bagenie?
Nazioarteko kirolari dagokionez, iruditzen zait hurrengo 25 urteetan aurrerapen galanta egingo genukeela, Frantziako zein Espainiako nazioarteko kirola bultzatzea eten eta Euskal Herriko selekzioen alde emango balitz azken 25 urteetan selekzio arrotzei emandakoaren erdia. Baina azken 25 urteetan ikusitakoaren arabera, euskal politikariak Frantziako zein Espainiako botere erakundeetatik zenbat eta hurbilago izan, Euskal Herriko selekzioak orduan eta urrunago.
Naziogintza urrats txikiz zein handiz landu beharra dugu eta dugun arduraren arabera, neurri bereko urratsak eman. Euskal Herriaren desagertzea ekidin nahi badugu, erakunde, legedi, araudi eta ikuspegi arrotzetan katramilaturik ibili ordez, haiekiko jarrera intsumisoak landu beharko ditugu kirolean zein bestelako esparruetan ere. Euskaldunok ez dugu beste biderik hartzeko aukerarik, Espainiaren eta Frantziaren aurrean jarrera intsumisoak landu edo gure herria desagerpenera bidean jarriko dugu.
Etorkizuneko 25 urteetan, kolonizaturik gaituztenen nazioarteko kirola elikatzen jarraituko dugu? Ditugun baliabide eta ahaleginak haien mesedetara bideratuko ditugu? Gure kirolariei ez diegu euskal sentimendua nazioartean zabaltzeko aukerarik emango? Ez dugu aukera horiek lortzeko baliabide nahikorik jarriko? Nazioartean lehiatzeko aukera eta bidea armada arrotzekin lehiatzea izango da? Euskal kirolariak Frantziara eta Espainiara bidean jarriko ditugu?
Aratz Gallastegi Sodupe, errugbilari ohia.
Hamabost aldiz espainiar selekzioarekin izan ostean, Gallastegik 1999an uko egin zion jokatzen jarraitzeari.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?
2024ko irailaren 11n, "Lortzear ote gaude?" izeneko artikulua argitaratu ziguten hainbat hedabidetan. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun... [+]
Aurtengo ekainaren 25ean Eutanasiaren legeak laugarren urtemuga bete zuen. Nire iritziz, lege hori hainbat biztanleren lanari esker lortu da, eta, nolabait, pentsa dezakegu merezitako saria izan dela; izan ere, lege hori lortu bitartean pertsona askok erailketa salaketak,... [+]
2023ko uztailean jaso genuen berria antzuolarrok. Irimon bi aerosorgailu erraldoi jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak. Hasieran zalantzak eta galderak: nor zegoen proiektuaren atzean? Zein zen proiektuaren benetako helburua? Zein izango... [+]
Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.
Izan... [+]
Donostia arpilatua, bortxatua eta propio erreta Espainiako independentziaren alde 1813ko abuztuaren 31n.
1808an Napoleon enperadoreak Baionan bildu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako errege aita-seme borboiak, Carlos IV.a eta Fernando VII.a, biek nahi... [+]
Sarriegi jokatzen dugu erreaktiboki Euskal Herrian eta Euskalgintzan. Albiste bat, elkarrizketa bat, epai bat, eraso bat. Ondoren, erantzuna. Tamalez, berriro ere inertzia berak nakar Ander Gurrutxagaren elkarrizketa euskarafoboa aztertzera. Gustura gelditu zen, tartean zera... [+]
Euskararen (euskaldunon) aurkako oldarraldiak ertz ugari ditu; horietako bat fronte mediatikoa da, Voxento taldea buru eta PSOE-CCOO-UGTko kide ezagunak ekintzaile nagusi. Sarri eskaintzen digute idatziren bat, barnera dezagun Euskal Herriko hizkuntza ofizialetatik zein diren... [+]
Duela gutxi, Netanyahuren gobernuak, AEBen baimenarekin, legez kanpoko jarduerarekin jarraitzea erabaki du Gazan, eta zerrenda osoaren kontrola hartzea. Historia pixka bat egingo dut ez zaidalako zuzena iruditzen komunikabide edo kazetari batzuek Gazan gertatzen ari dena 2023ko... [+]
Abuztuaren 15ean Vladimir Putin eta Donald Trump Alaskan bildu ziren. Ofizialki, Ukrainako gerrari amaiera emateko bidean beste urratsen bat emateko. Baina Gazan milaka pertsona hiltzeko gupidarik ez duen politikariak serio esan al dezake penagarria eta tristea dela Ukrainan... [+]
Duela egun gutxi 6.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Azantzan eta Sarbilen poligono eoliko berri bat eraikitzeko proiektuaren aurka. Antzeko beste proiektu batzuetan bezala, herritar eta talde antolatuen ahaleginari, antolaketari eta lanari esker egin da alegazioendako... [+]
Artikulu bati zer nolako izenburua jarri ez da aise hautatzen, ezta? Hasiera batean, “euskaldun gezurti, tranpatiak” bezalako izenburua idazteko asmoa nuen, baina inor mintzeko gogorik ez dudanez, goikoari eutsi diot, ene gogoetaren muina hobeto ulertaraziko... [+]
2025ean hazkunde ekonomiko txikia (%0,6) ez da gai izango langabezia-tasak %8ko muga gainditzea saihesteko; Zor Publikoak bi bilioi euro (BPGren %115) gainditzen ditu EK-k ezarritako %60aren oso gainetik, eta Gastu Publikoak estratosferan jarraitzen du.
Horri gehitu behar... [+]
Eskubide linguistikoen ikuspegi integratzaile baten eskaintza dugu gaurkoa.
Espainiako supremazismo linguistikoa osasuntsu eta bizkor ageri zaigu, “hooligan” samalda anitz baten babesaz eta komunikabide indartsuez sustatua. Azken aurreko lagina Santi Martinezena... [+]
Euskal Herri osoan —beste herrialdeetan bezalatsu— jairik ez da falta. Negu giroan ere asko badira ospatzen direnak, uda-garaian ez da festa gabeko egunik. Egun-argi luzeak eta gau epelak jendea etxe zuloetatik kanpora, kalera ateratzeko aproposak dira eta jai giroan... [+]