"Frantziako Gobernuak beti behar du barne-etsai bat: orain 'ekoterroristak'"

  • Lurzoruan, erreketan eta euri uharretan pilaturiko urak laborantza intentsiboko bakar batzuei bideratzeko makroproiektuak dira méga-bassine edo uraska erraldoiak. Horien kontrako mugimendua indartuz doa Frantziako Estatuan eta iragan asteburuan Sainte-Solines (Deux-Sèvres departemendua) herrixkan iragandako protesta dugu horren erakusleiho. Hartzea Lopez Arana aktibista egon da bertan eta hangoaren berri eman dio ARGIAri. Uztailaren 17an bideratu genion astekariko Net Hurbil atala loratuz doan mugimendu horri: “Agroindustriaren eta bere mega-bassine edo uraska erraldoien aurkako mugimendua zabalduz eta gogortuz doa Frantzian”.

Argazkia: @LesSoulevements

2022ko azaroaren 04an - 10:54
Azken eguneraketa: 15:39

Prefetak debekatu bazuen ere, jendetza batu da Sainte-Solineseko topaketan. Nola analizatzen dituzu debekua eta paretik emandako erantzuna?

8.000 bat lagun hurbildu zirela diote antolatzaileek. Debekuari dagokionez, talka bada Deux Sèvreseko prefetaren eta Bassines non merci mugimenduaren artean eta hori ez da gaurkoa. Garaian, partaide guziek, ekologistak barne, adostu zuten ur erreserben egitea, baina konpentsazio batzuen truke: tartean, ur hori erabiliko zuten laborariak pixkanaka haien eredutik [industriala eta intentsiboa] ateratzea. Baina hori ez da gertatu eta hor hasi zen oposizioa. Azken urtean ur erreserba horiek oztopatzeko ekintzak biderkatu dira, tartean sabotajeak. Alde batetik bada inposaketaren nahia –bai ala bai ur erreserba horiek eraikitzearena–, eta bestetik, geroz eta determinazio handiagoa parean. Joan den udaberrian ere izan zen beste mobilizazio handi bat, orduan ere debekuen gainetik. Prefekturak –eta seguruenik gibelean ministerio batek– beldurra hedatu nahi du; baina lortu duena da batasun eta aniztasun sendoa osatzea parean. Bereziki lema sendoa du mugimenduak: ur erreserba eraikitzen hasten badira, guk desmuntatuko dugu. Baldintza horietan dituzte 1.500 polizia jarri Saintes-Solinesen, baina hala ere hainbat kolore politikoetako jendea etorri da.

Zer nolako giroa zen egun horietan?

Gu ostiral arratsaldean heldu ginen eta kanpamentua jadanik muntatua zen, logistikoki biziki ongi antolaturik. Polita zen antolaketa. Biziki giro parte-hartzailea, jendeak elkarri so egiten zion atentzioz eta bazen halako indar edo energia bat zioena "larunbata egun handia izango da eta badakigu zertara gatozen: ur erreserbara joanen gara, azpiegitura desmuntatzera". Giro azkarra sendi zen, jendea toki guzietatik etorria zen, oinez ala autoz, gauez kontrolak ekidin nahian. Nahiz eta inguruetako hamar herrietan zirkulazioa debekatu, jendeak erabakia zuen kanpamentura heltzea. Bazen gazte anitz, eta emazte anitz ere, poliziari oldartzeko prest. Ohitura zahar batzuk hausten dituen belaunaldi berri bat bada. Biharamunean, antolaketa praktikoari lotu ginen: ur erreserbara nola heldu. Hiru manifestazio abiaraztea erabaki zen; eremu biziki zabala eta laua izanik, jendarme anitz baldin bazen ere ezingo zutelako metroz metro jende guztiari bidea oztopatu. Kopuruari esker lortu dugu; aski helburu anbiziotsua zen, baina azkenean lortu da, determinazio anitz bagenuelako.

Hamarnaka kolpatu eta ospitaleratu… errepresioa bortitza izan da parean.

Etengabe bota dituzte gas negargarriak eta bala pikantedun granadak, biziki hurbiletik gainera –granada horiek lehertu eta plastiko eta metal zatiak zabaltzen dituzte, parekoaren larruan sartuz–. Ur erreserbara hurbildu arau emendatuz joan da bortizkeria, hortz eta haginez defendatu behar zuten. Alta, sinbolikoa zen arrunt, azkenean ziloa, lurra eta hesi batzuk zirelako… baina ez genuen hara joaten lortu behar. Hurbildu arau hasi dira ikaragarri bortitzak izaten. Orduan erabaki zuten antolatzaileek gibelera egitea, biolentzia hori ez zelako gehiago jasangarria.

Azpiegitura desmuntaketa lortu duzue.

Talde batek lortu du. Eremuak 16 kilometro kuadro ditu, eta bazterretik korrika joanik poliziak ezin izan ditu gelditu. Bazen garaipen aire bat, denek gozatu dugu nolazpait, nahiz eta hainbat kolpatu izan ditugun, maleruski.

Kanpamentu bat hasi duzue, ZAD defenditzeko gune bat abiatuz.

Ez. Hori Barne ministerioaren propaganda izan da. Ginen eremua laborari batena da, eremu pribatua da, gunetik hiru kilometroetara dagoena. Kanpamentua astebururako zen eta ez zen bertan gelditu eta negua pasatzeko asmorik.

Propaganda aipatzen duzula, bertakoak “ekoterrorista” gisa definitu ditu Barne ministro Gérald Darmaninek.

Ekintzez gain, bada hitzen guda ere eta gobernuaren posizioa erradikalizatzen ari da. Beti behar du barne-etsai bat: garaian “Khmer berdeak” ziren, gero “ekologiaren aiatolak”, orain “ekoterroristak”, Azkenean, beraien buruetan desobedientzia bideratzea terrorista izatea da. Beraz 7.000 ekoterrorista batu gara asteburuan Sainte-Solinesen: alderdi politikoak, sindikatuak, elkarteak, baginen gazteak, zaharrak… Uste dut hitz potoloegia zabaldu duela, eta inork ez duela benetan segitu bere irakurketa.

Interesgarria zait ikustea mugimendu ekologistan daukan eragina: marra batzuk mugitu dira, lehen aldia da hainbat eragilek praktiken aniztasuna modu argian defenditzen dutela. Ene ustez, aurrerapauso bat da erratea eginmolde guziak direla beharrezkoak proiektu ekozidak oztopatzeko .

Les soulevements de la terre [Lurraren altxamenduak] mugimendua loratzen ari da Frantzia mailan, lurraren defenditzeko determinismo handiz.

Hori sortu zen Notre Dame des Landes-eko ZADean, aireportuaren kontrako borroka irabazi ondoren. Eztabaidak eraman zituzten eta eragile ezberdinak mahai baten inguruan bildu behar zirela ondorioztatu zuten, mezu eta eginmolde asumigarriak martxan ezartzeko. Mugimendu horrek beti du bat egiten tokiko taldeekin, ez dira paraxut batzuen moduan iristen. Interesgarria da.

(Uraska erraldoia eraikitzen hasiz gero desmuntatuko dutela, mehatxu hori zabaldurik du herri mugimenduak. Sainte-Solinesen ere gauzatu dute sabotajea. Azpiko irudian ikusi daiteke unea:)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza industriala
Laborantza ereduaren auzia dugu laborarien ongiezaren oinarrian

Euskal Herria, Grezia, Herbehereak, Alemania, Espainiako eta Frantziako Estatuak, Italia... Europa mailakoa da laborarien azken aste hauetako protesta. Ongiezak eta kexuak akuilaturik, zabalduz doa mugimendua. Dela kostatu zaiona baino merkeago saldu beharra ekoizpena, dela... [+]


2023-05-23 | ARGIA
Europako hegaztien laurdena desagertu da berrogei urtean, nekazaritzaren industrializazioak eraginda

Azterlan zabal batek erakutsi berri duenez,  1980tik 2016a bitartean hegaztien populazioak % 25 gutxitu dira azken 40 urteotan, eta ia % 60 nekazaritza-inguruneetako espezieen kasuan. Hori da, hain zuzen ere, Europako hegaztiei buruz orain arte egindako ikerketa handienaren... [+]


Sainte Soline: erailtzeko prest lur-munto batengatik

Sainte-Solineko uraska inguruko gertakari lazgarriek galdera bat planteatzen dute: nola da posible 200 pertsona baino gehiago zauritzea (bi aldeetan) eta horietatik bik (manifestarien artekoetatik) hil ala biziko larrialdian jarraitzea zergatik eta segurtatzeagatik zulo bat... [+]


Eguneraketa berriak daude