Txinan martxan jarri dute munduko txerritegirik handiena: 650.000 txerri 26 solairuko eraikinean pilatuta

  • Aditu askok ohartarazi arren abeltzaintza industriala gero eta gaixotasun eta epidemia larriagoak ari dela eragiten –klimari, ingurumenari eta baita milioika abeltzain txikiren enpleguei egindako kalteez gain – agro-industriak ez du norabidea aldatzeko asmorik: Txinako Ezhou hirian, Covid-19aren sorburutzat aipatu izan den Wuhandik gertu, 650.000 buru hazten dituen txerritegi erraldoia jarri dute abian irailean, 26 estaiako eraikinean.


2022ko azaroaren 06an - 18:23
Azken eguneraketa: 2022-11-07 09:59:53
"Txerrien hotel" berria Ezhou hirian (Txina). Alboan lau gehiago eraikitzen ari dira, bosten artean hiru milioi txerri hazteko aldi berean. (Argazkia: Ezhouko udala)

“Txerrien hotela” deitzen omen diote, baina funtsean ez da alimaleko txerritegi itsusi bat baino. Alimalekoa, bai, bere 26 solairuetako bakoitzean 25.000 animalia hazten baitituzte, denetara 650.000. Eta handikeria berekoak dira “etxola” honetan zifra guztiak: igogailu bakoitzak 40 tona igo edo jaitsi ditzake, 580 milioi euro baino gehiago inbertitu dute eraikin automatizatu honetan, ‘hotel’ honen aldamenean beste lau gehiago eraikiko dira denen artean hiru milioi txerri pilatzeraino…

Albiste agentziek aipatu dute Txinak, munduko txerri-kontsumitzailerik handiena izanik, kalte handiak jasan dituela txerri-izurri afrikarraren eraginez milioika animalia akabatu behar izan dituelako, haragi hornidura etenez. Eta orain berriro beren txerritegiak azkar antolatu beharrak eraman duela Txina haztegi erraldoiok eraikitzea. Funtsean, izurriaren aukera ari da baliatzen agro-industria txerritegi txikiak dauzkaten milioika nekazari merkatutik kanporatu eta negozio osoa ukuilu bakan bezain zigante batzuetan biltzeko.

Joan den apirilean, lehenbiziko txerritegia eraikitzen ari zirela, asmo berria apologiazko erreportaje batean azaldu zuen Ezhou (Hubei probintzia) hiriko udalak. ”Txerrientzako hotela dei liteke –hasten zen udalaren propaganda–  salbu eta hemen animaliak ez direla geletatik igerilekura irtengo, pertsonen afariko plateretara baizik. Txerriak hazteko Txinako instalaziorik altuenetako bat da, eta teknologia berria erabiliko du usainak kentzeko. (…) Egitura luxurako diseinatuta dago, aire girotuko sistemekin eta neguari bezala udari egokitzeko berokuntzarekin. Solairu bakoitzak bere aireztapen-sistema eta desodorizazio-sistema dauzka. Txerrien hondakinak estolderia sistema baten bidez ezabatuko dira”. Non eta nola ‘ezabatuko’ dituzten 650.000 txerriren eguneroko pixak eta kakak urteko 365 egunetan, hori ez du argitzen administrazioak ordaindutako kronikak.

Munduko azpiegitura erraldoi gehienen atzean –izan Abiadura Handiko Tren, erraustegi, klase guztietako autopista eta abar luzea– porlanaren industrialak daudela gauza jakina baldin bada, Txinan erakutsi da elikaduraren alorrean ere porlanak zer esan handia duela, negozioa eta ingurumenaren zaintza uztartu dituela argudiatuta: “Txerriak hazteko etxalde tradizionalekin alderatuta, honek lurra aurrezten du eta ingurumenarekin adeitsuagoa da", esan zuen Zhuge Wenda jabe eta inbertitzaileak. Zhuge hormigoia eta zementua ekoizten dituen enpresa baten jabea ere bada. (…) Azpiegitura handien proiektu kopurua murriztu denean, hormigoiaren eta zementuaren negozioa ere estutzen ari da". Eta horra non sortu den hormigoitik ekonomia suspertzeko aukera berri bat, zeren eta "merkatuak beti dauka kalitate handiko okelarentzako lekua eta txerri-hazkuntzaren industriaren etorkizuna bikaina da".

Gainerakoan, zer hoberik enplegua sustatzeko jendeen elikadura sanoa eta teknologiaren aurrerakuntza lotzen dituzten lanpostu berriak sortzea baino? “Kalifikazio handiko langileak behar dira –esan du Zhuge Wenda hormigoiaren boss orain urde-hazle bilakatuak– fabrikak ahalik eta eraginkortasun handienarekin funtziona dezan. Konpainiak iragarki bat kaleratu du duela gutxi, urtean 300.000 yuaneko (50.000 dolar) soldata duten langileak kontratatzeko (…) Elikadura, desodorizazio eta monitorizazio sistema guztiak ezagutzen dituen talentua behar dugu. Eta eskaintza erakargarri honekin langile onak erakartzea espero dugu".

"Txerrien hotela" barnetik ikusita, erakitzen ari zirenean. Osorik hormigoiz eraikia, estolderiari lotutako zulo horien gainean osatu dituzte txerriak multzoka hazteko moduloak. (Argazkia: Ezhouko udala).

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza industriala
Laborantza ereduaren auzia dugu laborarien ongiezaren oinarrian

Euskal Herria, Grezia, Herbehereak, Alemania, Espainiako eta Frantziako Estatuak, Italia... Europa mailakoa da laborarien azken aste hauetako protesta. Ongiezak eta kexuak akuilaturik, zabalduz doa mugimendua. Dela kostatu zaiona baino merkeago saldu beharra ekoizpena, dela... [+]


2023-05-23 | ARGIA
Europako hegaztien laurdena desagertu da berrogei urtean, nekazaritzaren industrializazioak eraginda

Azterlan zabal batek erakutsi berri duenez,  1980tik 2016a bitartean hegaztien populazioak % 25 gutxitu dira azken 40 urteotan, eta ia % 60 nekazaritza-inguruneetako espezieen kasuan. Hori da, hain zuzen ere, Europako hegaztiei buruz orain arte egindako ikerketa handienaren... [+]


Sainte Soline: erailtzeko prest lur-munto batengatik

Sainte-Solineko uraska inguruko gertakari lazgarriek galdera bat planteatzen dute: nola da posible 200 pertsona baino gehiago zauritzea (bi aldeetan) eta horietatik bik (manifestarien artekoetatik) hil ala biziko larrialdian jarraitzea zergatik eta segurtatzeagatik zulo bat... [+]


Eguneraketa berriak daude