Behitegi erraldoirik ezin da debekatu Nafarroan, dio Auzitegi Nagusiak

  • Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota du lurralde honetan behi ukuilu erraldoiak eragozteko 2019an Nafarroako Gobernuak ezarritako foru dekretua. Nafarroan bertan Caparroson dago horrelako behitegi handi bat, gaur 3.500 behi dituena eta jabeak 7.000taraino zabaldu nahi duena. Baina gainera enpresak, Valle de Odieta kooperatibak, Sorian are handiago bat eraiki nahi du, ia 20.000 behi metatzeko.


2020ko ekainaren 26an - 06:01

Nafarroako Auzitegi Nagusiko epaileek ebatzi dute ukuilu eraldoiek ez diotela kalterik egiten azienden ongizateari eta, gainera, horiek debekatu nahi izateak enpresa askatasuna urratzen duela. Hori dela eta, atzera bota dute Nafarroako Gobernuak behitegi handiok debekatuz 2019an erabakitako foru dekretua. Orain gobernuak errekurtsoak aurkeztu ahal izango du eta polemikak jarraitzeko itxura guztia dauka.

2019ko martxoan onartu zuen dekretua Isabel Elizalde sailburuak, dekretuz ezarriz behitegi batek gehienez 1.250 eduki ahal izango duela Nafarroan eta hori baino handiagorik baldin bada ezingo dela aurrerantzean gehiago zabaldu. Dekretu honekin erantzun zion Nafarroako Gobernuak nekazarien eta ekologisten artean sortutako kezkari Caparroson Valle de Odieta kooperatibak daukan behitegi handia –3.500 behi dauzka orain arte– beste hainbeste buru gehituz handitu nahi zuelako. Ez hori bakarrik, Soriako Noviercas herrian are ukuilu handiago bat eraikitzeko asmoa du enpresak 20.000 behi metatuz urtean 180 milioi esne ekoizteko, EHNE sindikatuak bere garaian salatu zuenez. Lurraldean lehendik esnegintzan ari diren 168 etxaldeak hondoratuko dituela eta piztutako protesten aurrean, Nafarroako Legebiltzarra ere Soriako proiektuaren kontra azaldu zen.

Dekretua auzitara eramanik Valle de Odieta enpresak, Nafarroako Auzitegi Nagusiko epaileek honi eman diote arrazoia, baliogabetzat utziz gobernuak dekretuaren oinarrian ezarritako argudio nagusiak: epaileek erabaki dute behitegi erraldoiek berez ez dutela osasun arrisku berezirik eragiten, hori bezala animalien ongizatea bermatu dezaketela eta, aldiz, etxalde bakoitzak eduki ditzakeen buruei muga ezarriz agintariek enpresa askatasuna eragotzi dutela.

Mundu osoan daude mugimendu handiak ukuilu erraldoion kontra, Frantziako Mille Vaches-en kasuak erakutsi duenez, eta hemen ere gatazkak jarraituko du ziurrenik.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza industriala
Laborantza ereduaren auzia dugu laborarien ongiezaren oinarrian

Euskal Herria, Grezia, Herbehereak, Alemania, Espainiako eta Frantziako Estatuak, Italia... Europa mailakoa da laborarien azken aste hauetako protesta. Ongiezak eta kexuak akuilaturik, zabalduz doa mugimendua. Dela kostatu zaiona baino merkeago saldu beharra ekoizpena, dela... [+]


2023-05-23 | ARGIA
Europako hegaztien laurdena desagertu da berrogei urtean, nekazaritzaren industrializazioak eraginda

Azterlan zabal batek erakutsi berri duenez,  1980tik 2016a bitartean hegaztien populazioak % 25 gutxitu dira azken 40 urteotan, eta ia % 60 nekazaritza-inguruneetako espezieen kasuan. Hori da, hain zuzen ere, Europako hegaztiei buruz orain arte egindako ikerketa handienaren... [+]


Sainte Soline: erailtzeko prest lur-munto batengatik

Sainte-Solineko uraska inguruko gertakari lazgarriek galdera bat planteatzen dute: nola da posible 200 pertsona baino gehiago zauritzea (bi aldeetan) eta horietatik bik (manifestarien artekoetatik) hil ala biziko larrialdian jarraitzea zergatik eta segurtatzeagatik zulo bat... [+]


Eguneraketa berriak daude