Frantziako "1.000 vaches" ukuilu erraldoia ez-legezkotzat jo dute epaileek

  • Duai (Pikardia, Frantzia) epaitegiak ez-legezkotzat jo du Ducrat herrian 500 behi edukitzetik 1.000-tara hedatua zuen ukuilu erraldoia. Horrela deusetan utzi du 2017an beheragoko epaileek ontzat emandako baimena. Behitegi erraldoiaren jabeek orain berriro 500 burutaraino urritu beharko dute ukuilua, baldin eta ez badute isuna ordaindu nahi. Jabeek, halere, goragoko jujeetara joko dutela iragarri dute.


2019ko abenduaren 20an - 07:49
Ukuilu erraldoiaren aurkako mobilizazio ugarietako bat. (Argazkia: Liberation)

Frantziako Estatuan nekazariek urte hauetan pizturik eduki duten gatazka handietako batek egin du jauzi Duaiko auzitegiaren epaiarekin. Izan ere, abeltzaintza industrialaren ikurretakoa bihurtua zen Ducrat herrian eraikitako behitegi itzela, frantsesez "1.000 vaches" (Mila behi) tituluan laburtu dena. Gatazkaren mamia ARGIAk 2014ko uztailean laburbildu zuen "Behiak ukuiluetan, ez esnea eta simaurra ekoizteko fabriketan" kronikan: "1.000 behi gehi 800 bigantxa gehiago aterpetuko dituen granja-fabrika erraldoia geldiarazi nahi dute Frantziako Estatuko nekazariek. Tamaina horretako bat bada, Nafarroako Caparroson. Eta Indian 40.000 behirentzakoa eraiki nahi dute multinazionalek. Nekazariek erakusten digute zer ezkutatzen duen esne merkeak".

Ducrateko behitegi erraldoieko jezte-sala robotizatua. (Argazkia: Capital)

Mundu osoan bezala, agroindustriaren proiektu berri honek ere ez zuen agintarien aldetik babesa baizik aurkitu eta azpiegitura erraldoi horren klase guztietako kalteen kontra mobilizatutako herritarrak Confederation Paysanne sindikatuak (ELB euskalduna barne duenak) eta Novissen elkarte ekologistaren inguruan bildu ziren. 2014an industrialek de facto ezarritako granja erraldoiaren legezkotasuna auzitegiek lehen epai batean berretsi zuten 2017an, baina orain apelazioan ekologistek eta nekazariek irabazi dute, Le Monde-ren kronika honetan irakur daitekeenez.

Confederation Paysanek honela baloratu du azken albistea: "Gure nahia da epaia berehala aplika dezaten eta hori izan dadila lehen urratsa bai laborantza industrialari ematen zaizkion laguntzak behingoz bukatzeko eta baita ere erabat berbideratzeko laborantza herrikoiaren aldera nekazaritza, elikadura eta lurralde antolamendua ukitzen dituzten gure politika publikoak".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza industriala
Laborantza ereduaren auzia dugu laborarien ongiezaren oinarrian

Euskal Herria, Grezia, Herbehereak, Alemania, Espainiako eta Frantziako Estatuak, Italia... Europa mailakoa da laborarien azken aste hauetako protesta. Ongiezak eta kexuak akuilaturik, zabalduz doa mugimendua. Dela kostatu zaiona baino merkeago saldu beharra ekoizpena, dela... [+]


2023-05-23 | ARGIA
Europako hegaztien laurdena desagertu da berrogei urtean, nekazaritzaren industrializazioak eraginda

Azterlan zabal batek erakutsi berri duenez,  1980tik 2016a bitartean hegaztien populazioak % 25 gutxitu dira azken 40 urteotan, eta ia % 60 nekazaritza-inguruneetako espezieen kasuan. Hori da, hain zuzen ere, Europako hegaztiei buruz orain arte egindako ikerketa handienaren... [+]


Sainte Soline: erailtzeko prest lur-munto batengatik

Sainte-Solineko uraska inguruko gertakari lazgarriek galdera bat planteatzen dute: nola da posible 200 pertsona baino gehiago zauritzea (bi aldeetan) eta horietatik bik (manifestarien artekoetatik) hil ala biziko larrialdian jarraitzea zergatik eta segurtatzeagatik zulo bat... [+]


Eguneraketa berriak daude