Oroimen Historikoaren Bulegoak beste praktika batzuen ikerketan sakontzeko eskatu du, hala nola tortura, genero-erasoak eta kultur-errepresioa.
306 iruindar (304 gizon eta 2 emakume) erailak izan ziren edo gatibualdian hil ziren frankismoaren garaian arrazoi politikoengatik; kasu gehienetan (302) aldez aurretik epaituak izan gabe eta epai irmorik gabe. Hala jasotzen du Gerra Zibilean eta garai frankistan Iruñean bizi ziren herritarrek jasan zituzten giza eskubideen urraketen peritu-txostenak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Recuperando memoria berreskuratzen ikerketa-taldeak egina. Lan hori gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Historia Garaikidean doktore, NUPeko irakasle eta Iruñean Frankismoaren errepresioari buruzko Oroimen Historikoaren Informazio Bulegoko zuzendari Emilio Majuelok.
Guztira, txosten honen arabera, hirian errepresaliatuak izan ziren eta giza eskubideen urraketak jasan zituzten 1.310 pertsona egon zirela esateko frogak daude. Baina kopuru hori lehen hurbilketa bat besterik ez da. Izan ere, badago beste 451 kasuren berri, nahiz eta oraindik ezin izan diren baliozkotu; hain zuzen, NUPeko taldearen arabera, ehunka gehiago agertuko dira lan hau egitearen ondorioz. Txostenak erailketak, gatibualdian hildakoak, lekualdatzeak eta kartzelaratzeak jasotzeaz gain (egiaztatutako kasuen % 85,58 dira), genero-erasoak, lan-errepresioa eta errepresio ekonomikoa, hizkuntza- eta kultura-errepresioa, eta tortura eta eraso fisikoei buruzko testigantzak ere jasotzen ditu.
Txostenak ohartarazten du errepresio-modu ezberdinetan sartutako kasu kopurua biktima kopurua baino handiagoa dela, “pertsona bakar batek errepresio-modu bat edo zenbait jasan ahal izan zituelako”.
Eraildako edo gatibualdian hildako 306 lagunetatik (kopuru horrek “berebiziko garrantzia” du, garaiko errolda kontuan hartuz gero), 4 baino ez ziren izan aldez aurretik epaituak, eta 302 bortxazko desagerpen gisa definitu daitezke, atxilotu ondoren edo “aske irten” ondoren erailak izan baitziren, senideei jakinarazi gabe. Senideek beste momentu batzuetan eta beste bide batzuetatik jaso zuten pertsona horiei gertatutakoaren berri. Eraildako 306 lagun horiez gain, ihes egitea lortu zuten lagunak izan zirela seinalatzen du txostenak, eta gerora frontean edo preso hil zirenak, edo ihesaldian, eta horiek zenbatzea zaila dela onartzen du txostenak.
Iruñean erroldatuta eta arrazoi politikoengatik urte horietan zehar preso egon ziren biztanleei dagokionez, 1.014 kasu egiaztatu ahal izan dira orain arte (867 gizon eta 147 emakume).
Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Fondo Dokumentalaren datu baseetan jasotako kopuruen arabera eta Iruñean Frankismoaren errepresioari buruzko Oroimen Historikoaren Informazio Bulegoan jasotako testigantzen arabera, gehienak probintzia-espetxean edo presondegian egon ziren (806, 668 gizon eta 138 emakume). Gainontzekoak komisaria edo tokiko kuarteletan egon ziren preso (111 kasu), erbesteko kontzentrazio-esparruetan (84 kasu), tokiko zein alderdi judizialeko espetxeetan, bat-batean egindako atxilotze-esparruetan, Espainiako kontzentrazio-esparruetan eta lan-batailoietan.
Errepresio ekonomikoari dagokionez, 159 kasu baliozkotu jasotzen dira, nahiz eta txostenak azaltzen duen errepresio modurik erabilienetakoa izan zela. Adibidez, Ardura Politikoen Auzitegiak 168 espedienteri hasiera eman zien (gutxienez), Iruñeko auzokideei diru kopuru zehatzak eskatzeko. Udal-funtzionarioak ere baztertuak izan ziren eta 19 langile kargugabetu ziren. Nafarroako Foru Diputazioko 200 langile ere kargugabetu ziren, gehienak Iruñean bizi zirenak.
Txostenak ere badio gutxienez 225 iruindar lekualdatu behar izan zirela, izan erbestera (133 kasu egiaztatu), izan nahitaezko deserrira (7 kasu) edo errepublikarren zonaldera ihesi (85 kasu), hasiera batean Behe Nafarroara eta Gipuzkoara, eta Kataluniara gero.
Azkenik, genero-errepresioari dagokionez, txostenak dio eremu honetan oraindik asko ikertzeko dagoela, eta dauden datu eskasek talka egiten dutela jasotako testigantza ugariekin.
Txostenaren ondorioek gogora ekartzen dute Nafarroan estatu kolpea 1936ko uztailaren 19an hasi zela eta guztiz bortitza izan zela, eta bigarren errepublikako urteetan indarrean zeuden berme juridikoak –1931ko abenduko konstituzioak bermatzen zituenak– desagertu zirela. Ordu gutxitan karlisten miliziek, falangistek, eta batez ere, armadaren patruilek Nafarroako hiriburua kontrolatu zuten. Erakunde politiko errepublikarren, euskal nazionalisten, sozialisten eta komunisten egoitzak arpilatu zituzten, baita erakunde sindikalenak ere. Adierazten du, baita ere, altxatutako militarren papera giltzarri izan zela eta Guardia Zibila gobernuaren kontrako jarreretara bultzatu zuela. Aldi berean, militarren onespenarekin, Nafarroako Karlisten Gerra Batzarrak eta Falangeko Gerra Batzar Zentralak hainbat herritan jarduten hasi ziren: “beldurra, ihesa, bortxazko erroldatzea, erailketa, desagerpena, iraina, isuna, konfiskazioa, garbiketa... errepresaliatuen lexikoan erabiltzen ziren hitz nagusiak bilakatu ziren ordutik aurrera”.
Laburpen gisa, txostenak jasotzen du “orain arte errepresio-moduen panoplia triste horrek Iruñean izan zuen dimentsioa” ez zela ezagutzen. “Desagertutako hildakoak, fusilatutako hildakoak, borrokan hildako iheslariak, ihesaldi saiakeretan hildakoak, gaixotasunen ondorioz kartzelan hildakoak, haien buruaz beste egin zuten hildakoak, kontzentrazio-esparruetan hildakoak, ehunka preso, baztertutako, zigortutako, kaleratutako, langile eta funtzionarioak, kolpatuak, marjinatuak. Armen boterea baliatuz eta nazioarteko faxisten laguntzarekin legea hautsi zutenek zigor-lege berriak atzeraeraginez aplikatu zizkieten legezkotasuna aitortzen zietenei 1936ko otsaileko hauteskunde orokorrak irabazi zituen Herri Fronteko gobernuari eta Errepublikari”.
Halaber, “1939ko apirilean gerra amaitu ondoren eta Estatu faxista Berri baten eraikuntza hasita ere, errepresio-egoera ez zen baretu, eta nazioarteko egoera politikoaren baldintza berrietara egokitu zen. Urteen buruan mugimendu berriak sortu ziren, hasiera batean erresistentziakoak, eta ondoren langile-erakundeak eta oposizioa berreraiki ziren, eta horrek errepresio-sistema berraktibatu eta egokitu zuen erregimen frankistari aurkeztu zitzaion errealitate berrira”.
Amaitzeko, txostenak dio “altxamenduari eta Nafarroako boluntarioei buruzko literatur epiko tradizionalista zaharraren aurrean, baina, baita ere, ekarpen kulturaletan oinarritutako interpretazioen mesedetan sarraskiaren dimentsio erraldoia eta 1936ko uztailaz geroztik egondako errepresio sistematikoa alde batera utzi nahi dutenen aurrean, izugarrikeriaren erakusgai zabala dago, ikerketa honen bidez berretsi den bezala”.
Txosten hau egiteko erabili den iturrietako bat Gerra Zibilaren eta frankismoaren garaiko Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Fondo Dokumentala izan da. Bertan Navarra 1936: de la esperanza al terror talde-lanean bildutako zerrendak daude, eta horiek datu pertsonalei buruzko informazioekin zuzendu dira ondoren. Bigarren iturria Iruñean Frankismoaren errepresioari buruzko Oroimen Historikoaren Informazio Bulegoa izan da, zeinak 176 espediente ireki dituen maiatzean abiatu zenetik.
Gainera, Iruñean epaiketarik gabe eraildako pertsonen zerrendari dagokionez –horietako asko bortxaz desagerrarazi zituzten 1936 eta 1975 urteen artean– duela zenbait hamarkada egindako ikerketak berraztertu dira, bai Jose Mª Jimeno Jurío historialariarenak, bai Altaffaylla Kultur Taldearenak, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartearen laguntzarekin. Halaber, azterlanerako honako erakundeek emandako datuak hartu dira kontuan: Iruñeko Erregistro Zibila, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Artxiboa, Nafarroako Komandantzia Militarraren Artxiboa, Bartzelonako Hirugarren Auzitegi Militarraren Artxiboa, Alcalá de Henareseko Administrazioaren Artxibo Nagusia, Salamancako Memoria Historikoaren Artxiboa (Gerra Zibilaren Artxibo ohia) eta azken hamarkadetan argitara emandako obra monografikoak eta memoriak.
Orokorrean, gaur aurkeztu den testuak zera nabarmentzen du: artxibatze politika orokorrean norabide aldaketa bat egon arte, zeinak ikertzaileei dokumentaziora sartzeko baimena ematen dien, eta hamarkada horietan gertatutakoaren berri emateko talde-ikerketa proiektuak bultzatu arte, ez da errepresio frankistari buruzko nahikoa ezagutza egongo, eta hortaz, ikertzen jarraitu beharko da. Izan ere, tortura, atxiloketa, zigor, eta abar kopurua indikatiboa baino ez dela dio txostenak. Baina, aldi berean, Francoren diktadura garaiko errepresioaren mundua sakonki ezagutzeko geratzen den esparru zabalaren adierazgarri dela.
1936ko uztailetik 1939ko apirilera preso egondako pertsonen gaineko datuak honako erakunde hauek emandakoak dira: Probintzia Espetxea, Ezkaba Gotorlekua, Foru Diputazioa –bere gai hartzen zuen auzirik instruitu gabe prebentiboki atxilotutakoen elikadura–, atxiloketa gune inprobisatuak, merindadeetako espetxeak edota polizia-etxeak. 15.485 lagunen kasuak jasota daude, guztira, aipatu toki horietan guztietan atxilotutakoen gaineko erregistro-agirietan.
Alabaina, 1939ko apiriletik 1975eko azarora bitarte, ez dago jasota informazio zehatzik espetxean egondako pertsonei buruz, ezta ihes egin eta Frantziako zein Alemaniako kontzentrazio-esparruetan preso egondakoei buruz, salbu eta Gurs esparruan preso egondako iruindarren kasuan. Datu falta horren barruan sartzen dira, baita ere, 50, 60 eta 70ko urteetan atxilotutakoak eta espetxean egondakoak; izan ere, urte haietan Nafarroan bizi ziren ehunka lagunek jasan zuten errepresioa, lan-gatazketan edo diktaduraren kontrako mobilizazioetan parte hartzeagatik.
Ikerketa honen jatorria 2015eko azaroaren 27ko Osoko Bilkuran hartutako erabakian dago, bertan onetsi baitzen Iruñeko Instrukzioko epaitegietan kereila kriminal bat aurkeztea Francoren diktadurak egindako gizateriaren kontrako krimenek Iruñeko biztanleengan izan zuten eragina ikertzeko. Ikerketa horrek, erabakiaren arabera, helburu izango du “aztertzea zer nolako baldintzetan egin ziren krimenak, nork egin zituen eta noren ardurapean, eta, hala badagokio, arduradunak inputatu, prozesatu, epaitu eta zigortzea”.
Behin jendaurrean paratuta, txosten honetan ikertutakoa izanen da aztergai Iruñeko topaketak: egia, justizia eta ordaina. Frankismoaren krimenen aurkako kereilen aldeko Udalak jardunaldiaren barruko lehen hitzaldian, heldu den ostegunean, Kondestable Jauregian. Bertara, Iruña, Zaragoza, Gasteiz, Madril, Coruña, Bartzelona, Rivas eta Valentziako ordezkariak etorriko dira.
Albiste hau Ahotsa.infok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra
2025ean 40 urte beteko dira Mikel Zabalza hil zutenetik, eta 47 urte Germán Rodríguez eta Joseba Barandiaran hil zituztenetik. Horiek guztiak Estatuko Segurtasun Indarren biktimak dira, eta Sanfermines78 Gogoan elkarteak Espainiako Gobernuari eskatu dio "Estatuaren... [+]
IRUTXULOKO HITZAk eta Dinamita Tour egitasmoak 36ko gerra Donostian nolakoa izan zen eta hiria beste ikuspegi batetik ezagutzeko ibilaldia antolatu dute elkarlanean, uztailaren 21erako. Elkargunea Bretxako Sarriegi plazako estatua izango da, 19:30ean, eta Amararaino joango dira... [+]
Astelehenean, 40 urte beteko dira Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik. Egiako pisu batean izan ziren ezkutaturik bi iheslariak, eta oraindik milaka eztarrik abesten dute «kristoren martxa dabil!».
Altzagatik itsasadarraren parean doan BI-711 errepidearen Jose Luis Goyoaga etorbidearen izena aldatzeko herritarren parte-hartze prozesuaren ondoren, kale horren izen berria Zirgariak etorbidea izango da.
78ko Sanferminak Gogoan plataformak eta Gasteizko Martxoak 3ko ekimenak bat egin dute espainiar estatuak gertakari latz horietan bere erantzukizuna onartu eta biktimen aitortza ofiziala egin dezan. 'Estatua Erantzule!' izena darama kanpainak.
Inor gutxik ukatuko du ziurgabetasunez beteriko garai batean gaudenik. Krisi ekonomikoaren, ezegonkortasun politikoaren eta klima-aldaketaren inguruko mezuez inguraturik gaude. Ikaraturik bizi gara. Hori guztia gutxi balitz, globalizazioaren ondorioz, nazioen izaera zalantzan... [+]
Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]
Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.
Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak dokumentazioa aurkeztu du, eskultura frankista dela frogatzeko. Eskulturaren jatorriaren inguruko eztabaida ireki nahi dute hirian, eta udal gobernuari zenbait eskaera egin dizkiote.
Salvador Puig Antich frankismoaren kontrako militantea izan zen. Askapen Mugimendu Iberikoko kidea, 1973ko irailaren 25ean atxilotu zuten. Gerra-kontseilua egin zioten, eta garrotez exekutatu zuten handik sei hilabetera, 1974ko martxoaren 2an. Aurtengo otsailean baliogabetu du... [+]
Nazismoaren biktimak izandako euskal herritarrak oroitzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen lehen aitorpen instituzionala da. Hego Euskal Herriko 253 pertsona deportatu zituzten 1940 eta 1945 urteen artean. 113 bertan hil ziren eta beste asko, handik bizirik irten baziren ere... [+]
Oraindik ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan Memoriaren Basoak erakusketa, maiatzaren 11ra arte. Totalitarismoek gizartea kontrolpean hartzeko erabiltzen dituzten metodo eta tekniken inguruko hausnarketa bat da, espresio artistiko ugariren bidez ondua.
50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.
1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.
Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.