Frackingaren aurkako jarrera agertu dute Arabako 8 udalek, proba sismikoen atarian

  • Araba hegoaldeko zortzi udaletako ordezkariek adierazi dutenez, euretako batzuek Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak bidalitako eskutitzak jaso dituzte azken asteetan, udal horietan egitekoak diren proba sismikoen karietara ingurumen-inpaktu azterketa egin beharko den erabakitzeko prozedura hasiko dela iragarriz.


2015eko martxoaren 26an - 12:13
Ingurumen-inpaktu azterketa hidrokarburoak ustiatzeko plangintza osoari eragin beharko liokeela adierazi dute, eta ez fase bakoitzari. Argazkian, Trebiñuko eta Zanbranako alkateak. (Arg.: Fracking Ez Araba).
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Berantevilla, Bernedo, Erriberabeitia, Erriberagoitia, Lantarón, Trebiñu, Urizaharra eta Zanbranako udalek gogorarazi dute proba sismikoak lehenbiziko eta nahitaezko urratsa direla haustura hidraulikoaren (fracking) bidez hidrokarburo ez-konbentzionalak bilatu nahi badira.

Udalok Libra eremuaren barruan daude. Baimen-eremu horretako lan zerrendan ageri denez, prozeduraren hirugarren edo laugarren urtean egin behar dira proba sismikoak, eta ondoren, bosgarren urtetik aurrera, esplorazio-putzuak.

Esplorazioan emaitza onak lortzekotan ustiapen fasea hasiko litzateke, eta horretarako ehunka putzu egin beharko liratekeela azpimarratu dute.

Horren guztiaren aurrean, zortzi udalen ordezkariek frackingaren aurkako jarrera berretsi dute Arabako Batzar Nagusien egoitzan egindako agerraldian. Honezkero erantzuna igorri diote Madrilgo Gobernuari: ingurumen-inpaktu azterketa, egitekotan, estrategikoa izan behar dela adierazi dute, hau da, prozedura osoari dagokiona, proba sismikoetatik hasi eta ustiapen-putzuak irekitzera arte.

Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrean gai horrexeri buruzko eztabaida egin zen iazko abenduan. Ordukoan, azterketa estrategikoak egitearen aldeko proposamena ez zen garaile suertatu.

Azkenik, Libra eremuaren barruan dauden udaletako bik, Bernedok eta Urizaharrak, ministerioaren jakinarazpenik jaso ez izana salatu dute.


Frackingaren arriskua kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.