Araba hegoaldeko zortzi udaletako ordezkariek adierazi dutenez, euretako batzuek Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak bidalitako eskutitzak jaso dituzte azken asteetan, udal horietan egitekoak diren proba sismikoen karietara ingurumen-inpaktu azterketa egin beharko den erabakitzeko prozedura hasiko dela iragarriz.
Berantevilla, Bernedo, Erriberabeitia, Erriberagoitia, Lantarón, Trebiñu, Urizaharra eta Zanbranako udalek gogorarazi dute proba sismikoak lehenbiziko eta nahitaezko urratsa direla haustura hidraulikoaren (fracking) bidez hidrokarburo ez-konbentzionalak bilatu nahi badira.
Udalok Libra eremuaren barruan daude. Baimen-eremu horretako lan zerrendan ageri denez, prozeduraren hirugarren edo laugarren urtean egin behar dira proba sismikoak, eta ondoren, bosgarren urtetik aurrera, esplorazio-putzuak.
Esplorazioan emaitza onak lortzekotan ustiapen fasea hasiko litzateke, eta horretarako ehunka putzu egin beharko liratekeela azpimarratu dute.
Horren guztiaren aurrean, zortzi udalen ordezkariek frackingaren aurkako jarrera berretsi dute Arabako Batzar Nagusien egoitzan egindako agerraldian. Honezkero erantzuna igorri diote Madrilgo Gobernuari: ingurumen-inpaktu azterketa, egitekotan, estrategikoa izan behar dela adierazi dute, hau da, prozedura osoari dagokiona, proba sismikoetatik hasi eta ustiapen-putzuak irekitzera arte.
Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrean gai horrexeri buruzko eztabaida egin zen iazko abenduan. Ordukoan, azterketa estrategikoak egitearen aldeko proposamena ez zen garaile suertatu.
Azkenik, Libra eremuaren barruan dauden udaletako bik, Bernedok eta Urizaharrak, ministerioaren jakinarazpenik jaso ez izana salatu dute.