Finalaurreko usaina

  • Bertsolariak: Amets Arzallus (717); Jokin Uranga (657,5); Jone Uria (653); Jon Martin (640,5); Julio Soto (639,5); Nerea Elustondo (633,5).


2013ko azaroaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Jon Martin eta Amets Arzallus (Argazkia: Bertsozale Elkartea)

Euriak elkarri pega-pega eginda jarri gintuen frontoiaren sarrerako aterpean. Larunbat arratsaldea “jai alai” bilakatzeko asmoz joan ginen Gernikara bertsozaleak eta baita sei bertsolariak ere. Hitzezko pilotakadak, ideia bonbardaketak eta umore pintzeladak ez ziren falta izan... Nabari da: hasi dira finalaurrekoak.

Lan oso txukunak izan ziren orokorrean, ez zen arreta galtzeko aukerarik izan eta barre ere egin genuen gogotik (eta ez zortziko txikiko lanetan bakarrik). Baina niri bi galdera sortu eta sartu zitzaizkidan buruan egunaren amaieran, oraindik ere erantzunik ez dutenak.

“Denbora daramazu zure eskuei begira”, kartzelako gaia. Amets Arzallusek Bernardo Mandalunizi begira jarraitzen zuen, gaiaren bigarren zatiaren zain edo, baina hortxe isildu zen gai-jartzailea. Isiltasuna doinu berri batekin hautsi zuen laster; ez dakit bere ahotsagatik, zerabiltzan hitzengatik edo lehen bertsoaren misterioaren ondorioz izan zen, baina inoizko goxoena iruditu zitzaidan. Bere emaztea jo duen gizonaren ahotik kantatu zuen Ametsek, eta paper horretatik ia ezinezkoa den xamurtasuna transmititu zigun entzuleoi. Nola? ba nork daki, agian “eskutxo”, “luzetxo” edo “funtziotxo” bezalako hitzek gertutasuna adierazten dute eta ankerkeriatik urruntzen dute aukeratutako pertsonaia; beharbada eskuan “barkatu” idazten imajinatzea irudi zirraragarria izan zen; edo agian, besterik gabe, bertso ezin hobeak ziren. “Ea noraino iristen garen ‘Ametsei’ segika” bota zuen Jon Martinek agurrean, eta egia da. Denok gabiltza Amets harrapatu ezinda eta Ametsek harrapatuta aldi berean... bere hitzak bagaramatza, berak nahi duen bideetatik, berak nahi duen tokira. Lehendik ere ibili izan dut galdera hau barruan bueltaka, baina geroz eta zailagoa egiten zait isilaraztea: nola izan daiteke horren ona?

Bigarren sentsazio orokor bat ere izan zen Gernikako frontoian. Saioa hasi zen unetik, “Nerea Elustondo primeran dabil” bezalako esaldiak entzun/esan genituen. Zortziko handian zerbitzu minimoetako kale-garbitzaile izan zen Jone Uriarekin batera eta eskubideez aritzean, “besteenak hasten diren lekuan/bukatzen dira gureak” bezalako puntuak utzi zituen. Iraultzatxoa egin eta kafe bat hartzera joateko proposatu zuenean ere gogoz jotako txaloz bete zen Jai Alai. Lagunei buruzko puntu erantzunean ere borobildu egin zuen bertsoa eta sei puntuko lanean asko gustatu zitzaidan. Ikastolako zuzendari izatea egokitu zitzaion eta Jon Martini azalpenak eskatu beharra zaukan, saskibaloiko entrenamenduetan lehiakortasuna gehiegi sustatzeagatik. Umorea egiten daki Nereak, baina serio jarri eta arrazoirik potoloenak botatzeko gai da: “hau eskolako patioa da/ta ez NBA” bota zion; “.../jarrita sasoi betean/NBAra irits daitezke/egunen batean” Martinek erantzun. “Ta zer egingo ote diezu/lortzen ez badute?” berak atzetik. Uneoro sinesgarri jardun zuen, bertso bakoitza oso berea zen, oso Nerea. Horregatik uste dut oso denona izan zela harridura seigarren egin zuenean. Hortxe, beraz, bigarren galdera airean.

Baina euriak busti egiten duela dakigun moduan, frontoiko sarrerara hurbiltzen garen momentutik dakigu Txapelketak sorpresak dakartzala berarekin. Ikusiko dugu ea zer giro dagoen datozen finalaurrekoetako aterpeetan... azken finean, puntuak puntu, elkarri pega-pega eginda egoteak balio du gehien.

A, eta zorionak zuri, zorionak zuri, zorionak Amets, zorionak beti!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa 2013
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa: dramatismoa gora, hitanoa behera

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bilakaera aztertu du IXA ikerketa taldeak, 1986ko sariketatik abiatu eta 2013kora arte. Besteak beste, erabilitako neurriak, doinuak eta euskara alderatu dituzte. Datu bat: 2013an gaien % 77 dramatikoa izan da eta %23 umorezkoa.


Eguneraketa berriak daude