Fatimetu Zenan: "Feminista naiz, baina feminismo unibertsala nahi dut, eta ez eremu jakin batera mugatutakoa"

  • Saharar errefuxiatuen kanpamenduetan jaio bazen ere, Fatimetu Zenan (1999) haurra zela iritsi zen Euskal Herrira; Bermeora, lehenik, eta Ikaztegietara, gero. Joan den martxoaren 8ko indar kolektiboa dario, oraindik, bere hitzei, eta feminismoa urte, herrialde, klase eta pertsona guztiengana iristeko modua aurkitu nahi du. Emakume sahararren nortasuna eta garrantzia plazaratzeko eguna antolatu dute bihar, herrian.


2019ko martxoaren 25an - 13:05
5 urterekin etorri zen Zenan Euskal Herrira Tindufeko kanpalekuetatik. Argazkia: Itzea Urkizu / Klitto.

Ikaztegietan bizi zara, baina sortzez ez zara ikaztegietarra.

Ez. Nire izena Fatimetu da, eta jatorriz sahararra naiz. Mendebaldeko Saharakoa naiz jatorriz, baina sekula ez naiz nire herrialdean izan, ez baitut horretarako eskubiderik. Euskal Herria nire guraso eta anai-arrebekin batera etorri nintzen, 2005ean, baina ez Ikaztegietara; hasieran, Bermeon jarri ginen bizitzen. Eta, gero, zenbait arrazoi tarteko, Ikaztegietara lekualdatu ginen, eta hementxe gaude.

Gustura zaude?

Bai, gustura.

Unibertsitatean ari zara orain.

Bai, Erizaintza ikasten ari naiz, eta oso-oso gustura nago aukeratutako ikasketekin; bokazioa dut horretarako.

Zure gaztetasunetik, nola bizi izan zenuen, integratze prozesu hori?

Egia esan, integrazio aldetik ez dut zailtasun handiegirik izan, bost urterekin etorri nintzen eta. Ume izanda, ez da hainbeste kostatzen gainerako umeekin elkartzea. Ez da gauza bera, bost urterekin iritsi, eta beste haurrekin haztea eta heztea, edo hamabi urterekin iristea: izen desberdina duzu, jatorri desberdina, kultura desberdina,… Adin horretan, kontzienteago gara, eta zailagoa da.

Pasa den martxoaren 8an Tolosako mobilizazio nagusian parte hartu zenuen. Nola bizi izan zenuen greba feminista?

Begira, greba bezpera izan zen… Norbere urtebetetze bezperan sentitzen den gogo hori? Ba, horrelaxe nengoen, urduri. Buruan nuen zerbait handia gertatuko zela, eta halaxe izan zen. Iaz Donostiako mobilizazioan parte hartu nuen, eta sekulako giroa zegoen. Aurten Tolosan ateratzea erabaki nuen, eta sekulako jendetza elkartu zen; oso-oso gustura eta hunkituta bizi izan nuen eguna. Horrenbeste jende helburu beraren alde ikustea, berdintasunaren alde… Ez dakit nola negarrik ez nuen egin ere, oilo-ipurdiz pasatu bainuen eguna. Gozatzen ari nintzen eta, aldi berean, ez nuen sinesten ikusten nuena.

Gainera, nire ahizparekin batera, gure herrialdeko melfa janztea erabaki genuen, sahararrak garelako, eta saharar emakumeon identitatea erakutsi nahi genuelako. Eta, jendeak ere ikus dezala, beste kulturetan ere bizi dugula feminismoa. Emakume musulmanon inguruan estereotipo asko sortu dituzte, gure erlijioa matxista dela esanez eta abar, baina nik hori deuseztatu nahi dut, gure kulturan hori ez delako horrela eta, are gutxiago, nire familian. Hasieran zalantzak izan nituen, mobilizazioan melfarekin parte hartu edo ez erabakitzerakoan, baina, azkenean, ahizpak eta biok hala janztea erabaki genuen. Guk egunerokotasunean ez dugu melfarik janzten, baina, horrelako hitzorduetan, emakume sahararron nortasuna erakutsi nahi izaten dugu, eta horrek bultza gintuen, martxoaren 8an, Tolosako kaleetan barrena melfa janztera.

Zuk zeuk tira diozu hurrengo galderari: nola bizi duzu feminismoa zure kulturatik? Gogoan duzu noiz piztu zitzaizun kontzientzia feminista?

Ez dakit, uste dut 17 urte ingururekin izan zela; duela gutxi, alegia. Berdintasuna aldarrikatzen ari gara, baina, oraindik ere, jende askok pentsatzen du, feminismoa ez dela berdintasuna; emakumeak gizonen gainetik jartzea dela pentsatzen dute askok. Hori sineste oker bat da, eta uste dut denborarekin deusezta daitezkeen ideiak direla.

Ni jatorriz beste kultura batekoa naiz, bai, baina beti hemen bizi izan naiz, eta baditut hemengo inguruaren –kuadrillaren, herrikideen, gelakideen– eraginak ere; asko pentsarazten didate. Baina, finean, emakumeak gara, eta gizakiak gara. Generoa eta sexua alde batera uztita ere, pertsonak gara, eta gure eskubideak aldarrikatzeko eskubidea daukagu, eta hori ezin digute ukatu. Horrekin ez dut esan nahi sahararron kulturan feministak ez garenik, baina ez dugu hemen bizi den indar berarekin bizi. Eta, zer esanik ez, Mendebaldeko Saharan edo errefuxiatuen kanpamenduetan dagoen 50 urtetik gorako emakume batek: ez du feminismoa hango 20 urteko neska gazte baten modu berean biziko, baina, pentsatzen dut, hori kultura gehienetan gertatuko dela. Feminismoa indarra hartzen ari den mugimendu bat, toki guztietan; indar gehiagorekin batzuetan, eta mantsoago besteetan, baina merezi du.

Zu, oro har, identifikatuta edo eroso sentitzen zara feminismo hegemonikoaren mezuekin?

Feminismoa oinarrizko eskubide bat da. Berdintasuna aldarrikatzen ari gara eta, beraz, nik ez dut berdintasuna aldarrikatuko emakume zuri eta klase ekonomiko jakin batekoentzat bakarrik. Ni berdintasuna aldarrikatzen ari naiz, emakume zuri, hori, urdin eta beltzentzat; eta berdin zait zein orientazio duen eta zein jatorritakoa den. Feminismoa mundu osoan barrena zabaldu beharreko mugimendua da, eta ez soilik Mendebaldean. Ni feminista naiz, baina feminismo unibertsala nahi dut, eta ez eremu jakin batera mugatutako feminismo bat; feminismoak nazioarte guztian aplikatu beharreko kontzeptua izan behar du.

Zentzu horretan, arrazakeria edo klasismoa somatzen duzu, feminismoaren baitan?

Emakume bat gutxietsia da, emakume izate hutsagatik. Bada, are gutxietsiagoa da, emakume hori beltza baldin bada. Edo emakume hori lesbiana baldin bada. Eta, gainera, emakume horrek desgaitasunen bat baldin badu, ezin baldin badu ibili edo ez baldin badu hitz egiteko gaitasunik, pentsa. Ezaugarri natural batzuk zapalkuntza areagotu dezakete. Beraz, bai, desberdintasuna badago, arlo guztietan bezala. Tristea da, baina uste dut kontzientzia bide horretan landu behar dugula eta, pentsatu, berdintasuna esparru guztietan zabaldu behar dela; ez bakarrik emakume eta gizonen artean. Emakumeon artean ere desberdintasuna bizi dugu, eta feminismoak indarra hartu beharko luke, feminismo unibertsal bat aldarrikatzeko; ez bakarrik feminismo mota bat,  nazio batean, edo hiri batean edo herri txiki batean lantzeko.

Inoiz sentitu al zara epaituta, musulmana zarelako eta, aldi berean, feminista?

Kontzeptu hori lantzen hasten zara, benetan sentitzen duzunean. Ez dut gezurrik esango: nik, benetan, sentitzen dut emakumea naizela, ahotsa daukadala, indarra daukadala, eta atera egingo naizela hori guztia erakustera. Eta hori 17-18 urterekin sentitu nuen lehenengoz.

Egia esan, ni ez naiz epaitua sentitu izan, egunerokotasunean ez baitut melfarik erabiltzen; ez dut burua estaltzen. Dena den, hori nire erabakia da. Azken finean, erabaki pertsonala da, bai, behintzat, sahararron kulturan. Sahararron %99 musulmanak gara, baina islama modu irekian bizi dugu, eta errespetutik.

Eta, zuzenean ni neu epaitua sentitu ez banaiz ere, sentitu izan dut nire ama epaitzen ari zirela. Berak egunero janzten du melfa, eta ia saihestezina da. Gogoan dut, txikitan, amatxorekin trenean joaten nintzenean, edo erosketak egitera, jendeak begiratu egiten ziola. Nire artean pentsatzen nuen: “Baina, zergatik begiratzen diote horrela?”. Eta, batzuetan, begiratzen dutenek ez dute modu txarrez egiten; jakin-min edo ezjakintasun hutsagatik, baizik. Nik ez diot jendeari errurik botatzen. Baina, garuna zentzu guztietan erabat garbitzeko edabe bat hartu beharko genuke guzti-guztiok.

Euskal Herrian hazita, inguruaren eragina ere jaso duzula diozu. Zure aurreko belaunaldia, nola ikusten dituzu feminismoaren indarraldi honen barruan?

Musulmanak direnek eta beren burua feministatzat dutenek –nire amak, nire izebek–, indarra daukatela sentitzen dute. Askotan, jendeak pentsatzen du, kalera irten eta buila egitea dela indarra izatea; baina, batek izan dezake indarra bere etxean bertan. Denok ez diogu mundu guztiari zertan erakutsi behar, hemen gaudela. Feminismoa borroka indibidual bat da eta, aldi berean, taldekoa. Zergatik? Uneoro geure buruarekin ari garelako, eta gustura norberak egon behar duelako. Baina, aldi berean, mugimendu orokor bat da. Zuk bakarrik ezin duzu mugimendu bat arrastaka eraman; benetan asmo hori sentitzen duen jendea behar du mugimendu horrek. Martxoaren 8an kalera atera, argazki bat egin, Facebooken edo Instagramen zintzilikatu eta feminista zarela esatea ez da nahikoa. 365 eguneko borroka bat izan beharko luke.

Saharar emakumeon inguruko eguna prestatu duzue Ikaztegietan. Nola sortu da egitasmoa?

Ikaztegietan kultura batzordea dago, eta betidanik ireki izan digute atea, edozer antolatu nahi genuenerako. Horrela, abenduan hitzaldi bat egin genuen, sahararron historia kontatzeko; zer garen eta nongoan garen. Eta, gero, martxoaren 8a aitzakia hartuta, saharar emakumeen papera eta identitatea erakusteko asmoa azaldu genien kultura batzordekoei, eta horretarako aukera eman digute.

Zein paper izan dute emakume sahararrek saharar herriaren historian?

Guk gerra bat pasatu dugu, eta gerra bat pasatzen ari gara eta, gerra hartan, emakumeak ez ziren etxean geratu; emakume sahararrek ere armak hartu zituzten, gizonezkoekin batera. Baina, aldi berean, emakumeak geratu ziren errefuxiatuen kanpamendu bat altxatzen. Eta ez dakit hori jendeak ba ote dakien, baina guretzat oso garrantzitsua da: emakume sahararrengatik izan ez balitz, gaur egun sahararrok ez ginateke existituko, eta ez genuke daukagun guztia edukiko. Gure kulturan emakumeak ezinbesteko elementu, pertsona eta indarra dira. Eta, errefuxiatuen kanpamenduez gain, zonalde okupatuetan edo Mendebaldeko Saharan emakume izatea zer den ere azaldu nahi dugu.

Eguneroko gordinagoa bizi dute?

Han, tamalez, egunero eta orduro gertatzen dira zapalkuntzak eta bortxatzeak. Guztiok sahararrak izanagatik, batzuk kanpamenduetan bizi dira, eta beste batzuk gobernu baten zapalkuntzapean. Mezu hori jendearengana iristea nahi genuke.

Euskal Herrira etorri zinetenez geroztik, itzuli izan zara kanpamenduetara?

Bai, urtero udan jaisten saiatzen gara. Gurasoak eta anai-arrebak hemen ditut, baina amaren eta aitaren senide guztiak kanpamenduetan bizi dira. Gaur egun, teknologiari esker, harreman handiagoa izateko aukera dugu. Baina, garai batean, urtean behin hitz egiten genuen haiekin.

Joan den udan ere izan nintzen, ahizparekin eta anaiarekin, eta oso-oso gustura egon ginen. Aurrerapen handiak egin dituzte, zentzu guztietan, eta ikusten dut emakumeek espazio berriak hartu dituztela. Lehen ere leku garrantzitsua zuten, esan bezala, baina, orain, kargu diplomatikoetan eta kongresuetan parte hartzen ari dira emakumeak, eta sekulako poza ematen dit horrek. Oso harro sentitzen naiz.

Gainerakoan, hainbeste urtetako gatazka baten barruan, saharar herria zein aldarterekin dago etorkizunari begira?

Jada 44 urte dira, nazioarteko laguntzen menpe bizitzen, basamortuaren erdian. Eta, laguntza humanitarioa gutxitzen ari da, nazioartean beste hainbat gatazka sortu direlako. Sahararrok, beraz, egoera jasangaitz bat jasaten ari gara. Saharar herria itxaropentsu dago, baina, aldi berean, pertsonak gara, eta pazientzia agortzen ari da, aspaldidanik. Komunikabideetan zergatik ez da Sahararen historia entzuten? Isildu egiten dute, ez zaielako hori guztia kontatzea komeni. Eta, ez zaie komeni, Espainiako estatua horren guztiaren gainetik dagoelako. Hala ere, sare sozialei esker eta webgune txikiei esker, gure ahotsa gero eta gehiago zabaltzen ari da, beraz, nik ez dut itxaropenik galduko.

Bukatzeko: aurtengo M8aren ondoren, zer?

Borrokan jarraitu behar dugu, eta ez martxoaren 8an bakarrik. Presente izan nahi dut emakumeak garela eta pertsonak garela. Gure aurrean injustiziaren bat ikusten baldin badugu, hori salatzeko eta hori aldarrikatzeko gai izan behar dugu. Eta, egia da, zenbait kasutan ezin izaten dela ezer egin, baina gauza asko saihesteko gai gara. Batzuetan, sinestezinak iruditzen zaizkit, zenbait gazteren ahotik entzuten ditudanak; hezkuntza feminista bat izango bagenu, ez litzateke horrelakorik gertatuko. Eta, hurrengo urtera begira, jendeak mobilizatzen jarraitzea espero dut, eta mugimenduak indarra hartzen jarraitzea.

Elkarrizketa hau Klitto.eus-ek argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Gorputz hotsak
"Filmak ez daude gorrentzat eginda; euskara ez dakitenentzat eginda daude"

Jende askorekin eta elkarrizketaz inguratuta dagoenean isil-isilik edo ohi baino isilago egoten da Irati Erauskin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Horregatik, “oso irekia” den arren lotsatia dela uste dute batzuek. Entzumen urritasuna dauka, eta batzuetan “oso... [+]


Zapi morea

Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure... [+]


“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2024-03-17 | Diana Franco
Teknologia
Zirkuitua hackeatu

Martxoaren 8a dela eta, berri eta iritzi ezberdinak irakurri ditut. Berdintasunerako bidean lan handia egiten ari da gure gizartea, eta publikoki berdintasunerako bidean feminismoa onartua den borroka bada ere, gizarteko mikrokosmosetara jaisterakoan, bada oraindik berdintasuna... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


Eguneraketa berriak daude