Emakumeak borrokan

Facebookek zurien supremazismoa debekatuko duela iragartzeko oharrean euskal independentismoa aipagai

  • "Gaur iragarri nahi dugu nazionalismo zuria eta separatismo zuria gorestea, babestea eta ordezkatzea debekatu egin dugula Facebooken eta Instagramen. Garbi dago kontzeptu hauek gorroto taldeekin lotuta daudela eta ez dute lekurik gure zerbitzuetan". Horrela hasten da Facebooken ohar ofiziala. Neurriak datorren asteatik aurrera jarriko dituzte indarrean. Azalpenean, euskal independentismoa aipatu dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz
2019ko martxoaren 28a

Gorrotoaren aurka zutik izeneko artikulua argitaratu du interneteko multinazionalak martxoaren 27an. Hitzez hitz honela dio bigarren parrafoan:

"Gure arauek aspalditik debekatzen dituzte gorroto jarrerak jendearen arraza, etnia edo erlijio arrazoiengatik, eta betidanik zurien supremazismoa zaku horretan sartu dugu. Hasieran ez genituen arrazoibide berak aplikatu zurien nazionalismoari eta zurien separatismoari dagokioenez, nazionalismo eta separatismo kontzeptu zabalagoetan pentsatzen ari ginelako –amerikarren harrotasuna edo Euskal separatismoa adibidez, jendearen nortasunaren parte garrantzitsu dira–".

Parrafo horren kaptura.

Aldiz, orain dio azken hiru hilabeteetan arrazen arteko harremanari buruz mundu osoko gizarte zibileko eta akademiako kideekin mintzatu direla, eta baieztatu dutela nazionalismo zuria eta "separatismo zuria" ezin direla bereizi supremazismo zuritik eta antolatutako gorroto taldeetatik. Diotenez, askotan bat egiten dute nazionalismo zuriak, separatismo zuriak eta supremazismo zuriak.

Facebookek oharrean dio erabiltzaileek posible dutela beren ondare etnikoaz harrotasuna adierazi, baina ez dutela onartuko nazionalismo zuria eta separatismo zuria.

Oharra amaitzen da esanez supremazismo zuria duten edukiak ezabatu egingo dituztela eta pantailazo bat erakusten dute, non ikusten den Heil Hitler bilatuz gero ohar bat aterako dela hemendik aurrera.

Franco goretsi daiteke?

Orain aste batzuk, Facebooken barne zentsurak nola funtzionatzen duen agerian uzten zuen artikulua argitaratu genuen. Bertan, Facebookentzat oso modu prekarioan lan egin duten bi pertsonaren testigantzak irakur zitezkeen. Hauek salatzen zuten multinazionalak hainbat arau oso zehatz finkatuta dauzkala zer eduki ezabatu eta zer ez erabakitzeko orduan, baina kontraesanak agerikoak direla. Adibidez, debekatua dago Hitler goraipatzea, baina Franco goraipa daiteke. Horren adibide, Francisco Franco Fundazioak duen Facebook orri ofiziala.

Francisco Franco Fundazioaren orri ofiziala.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Facebook

Facebook kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude