Seattleko (AEB) eskola distrituak salaketa ezarri du epaitegietan gazteen buru osasuna kaltetzeagatik Facebook, Instagram, Snapchat, TikTok eta Youtuberen aurka. Irabaziak handitu nahian buru osasuneko krisia eragin izana leporatzen diete multinazional teknologikoei.
106 eskola publiko eta ia 50.000 ikasle ordezkatzen dituen Seattleko erakundeak epaitegietan aurkeztutako 92 orriko salaketan azaltzen denez, sare sozial komertzialek erabiltzaileak psikologikoki manipulatzen dituzte, apustu edo drogekiko adikzioaren burmuineko mekanismo berdinak erabiliz, beren plataformetan ahalik eta denbora gehien pasa dezaten eta sarri itzul daitezen. “Irabaziengatik egin dute. Beren negozio eredua iragarkietan oinarrituta dago. Beren plataformetan gero eta denbora gehiago pasa, iragarki gehiago saldu ditzakete”.
Manipulazio teknika horiek gazteen artean bereziki eraginkorrak eta kaltegarriak direla salatu dute. Horren eraginez, sare sozial komertzialak funtsezko faktorea izan direla diote AEBetako gazteen artean zabaldu den buru osasun krisian. Izan ere, azken hamarkadan gorantz joan doa etengabe adimen-osasuneko arazoak dituzten gazte estatubatuarren proportzioa, eta “pandemia garaian sare sozialetan igarotako denbora handitzean krisia areagotu da”.
Krisiaren larritasuna ulertzeko, kontuan izan behar da, 2021eko urrian, haur eta nerabeen buru osasunaren inguruko emergentzia nazionala aldarrikatu zutela AEBetako Pediatren Akademiak, Haur eta Nerabeen Psikiatria Akademiak, eta Haurren Ospitaleen elkarteak.
Salaketan argudiatzen den bezala sare sozial komertzialek haur eta nerabeen artean duten arrakasta ez da kasualitatea, multinazionalek irabaziak handitzeko nahita bilatutako zerbait baizik. Adibidez, 2021ean albistegi honetan kontatu genizuen bezala, filtratutako barne dokumentuek erakusten dute Instagramek urteak daramatzala aurre-nerabeak erakarri nahian, haientzat kaltegarria dela badakiten arren, batez ere neska gaztetxoentzat.
2022ko martxoan AEBetako presidente Joe Bidenek zioen bezala “sare sozialei kontuak eskatu behar dizkiegu, irabazi asmoz gure haurrekin egiten ari diren esperimentuarengatik“.