“Ezinbestekoa da adimen artifizialaren gainean eztabaidatzea eta gogoeta egitea”

  • Bernhard Schölkopf ezaguna da adimen artifizialaren inguruko ikerketaren munduan. Besteak beste, Sistema Adimendunen Max Planck Institutuko zuzendarietako bat da (zehazki, Inferentzia Esperimentalen Sailaren burua), eta beste zenbait zentrotan eta erakundetan ere aritzen da. Haren ikerketek oihartzun eta aitortza handia jaso dute; tartean, 2020ko BBVA “Ezagutzaren mugak” sarietako bat jaso zuen, kernel metodoen garapenagatik. Haien gaineko galderarekin abiatzen da elkarrizketa; segidan, baina, bestelako gaiak agertzen dira: exoplanetak, irisgarritasuna, jasangarritasuna, ikerketa militarra, filosofia, zientziaren gardentasuna eta gizartearen parte-hartzea…


2023ko ekainaren 07an - 06:06
Argazkia: Bernhard Schölkopf
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ikasketa automatikoan aditua zara; bereziki, kernel metodoetan edo kausalitatean. Zer lan egin duzu arlo horretan?

Kernel metodoak ikasketa automatikoaren alor bat dira. Berez, behaketetatik zenbait arau, mendekotasun edo erlazio ikasteko metodoak dira, eta bereziak dira, matematiken zenbait esparrurekin konektatuta daudelako: analisi funtzionala, optimizazio-teoria… Hala, datuetatik arauak ikasteko modu polit eta elegante bat ematen dute, eta hainbat eremutan erabil daitezke, hala nola medikuntzan edo industrian. Erabilgarriak dira, ez soilik jakiteko zer erlazio dauden datuen artean, baizik eta harago joateko eta kausalitatea hautemateko. Hortaz, ikasketa automatikoa baino maila bat sakonago doa.

Aplikazioetako bat ez da, beharbada, burura etorri­ko litzaigukeen lehena. Hain zuzen, exo­pla­neten detekzioan erabili duzu. Nola izan zen hori?

Tira. Urte sabatikoa igarotzen ari nintzen familia­rekin New Yorken, eta astronomoekin hitz egiten hasi nintzen. Kepler espazio-teleskopioak jasotako datuetatik abiatuz exoplanetak detektatzeko arazo bat zutela esan zidaten. Izan ere, exoplanetak detektatzeko, euren izarraren aurretik igarotzean, izarraren argitasun-galeran oinarritzen ziren. Baina galera hori oso da txikia, eta zaila da bereiztea behaketak berak sortzen duen zaratatik. Zarata hori eta teleskopioaren akatsak, baina, beste izar batzuen datuetatik ondoriozta daitezke, eta hori baliatu genuen. 

Horren bidez, urte gutxiren buruan, 20-30 exo­pla­neta aurkitu genituen, zeinak gero beste metodo batzuen bitartez baieztatu baitziren. Eta, handik gutxira, haietako bat bere izarretik distantzia bizi­garrira zegoela baieztatu zen, gainera. Horrek esan nahi du ur likidoa izateko moduko distantziara zegoela. Detektatu zen lehen exoplaneta bizigarria izan zen.

Zer beste arlotan aplika daiteke?

Berez, behaketa esperimentalak egin daitezkeen arlo guztietan. Behar da, batetik, datu ugari izatea, neurketa ugari, eta, bestetik, behaketa desberdinen artean erlazioak egotea. Adibidez, biomarkatzaile baten neurriak tumore bat izateko arriskuarekin erlaziona ditzakegu, eta jakin dezakegu ea bio­mar­katzaile horrek iragarri ote dezakeen tumore bat, detektatu aurretik. Hau da, arau bat ondoriozta de­za­kegu datuetatik, baita pertsona batentzat zaila denean ere arau hori hautematea.

Kernel metodoak alde batera utzita, zein uste duzu izango direla adimen artifizialaren garapen nagusiak?

Oraintxe bertan arlo kitzikagarrienetako bat lengoaia naturalaren prozesamendua da (NLP). Duela 20 edo 10 urte, ikerketa asko egin ziren ikusmen konputazionalari buruz: nola ezagutu objektuak, edo nola bereizi autoak eta oinezkoak… adibidez, auto automatikoak garatzeko. Azken 10 urteotan, berriz, aurrerapen handiak egin dira lengoaia aztertzen eta testuak aurresaten. Eta, halako batean, programak gai dira testuak sortzeko. Horrek harridura eta lilura sortu ditu, eta uste dut datozen urteetan garapen handia izango duela.

 

Arg. © MPI for Intelligent Systems / Annette Cardinale

Nola berma dezakegu adimen artifizialeko sistemen onurak guztiengana iritsiko direla? 

Adimen artifizialeko sistemen onurak ahalik eta eskuragarrienak izan daitezen, ikerketa argitaratzea da lehen urratsa. Ez soilik metodoak deskribatzea aldizkari zientifiko batean; kodea ere argitaratu behar da. Are gehiago, baita kode hori entrenatzeko erabili diren datuak ere.

Hala ere, hori ez da nolanahiko kontua. Adibidez, medikuntzan, datuak ezin dira edonola publiko egin. Edo, beste arloren batean, agian ez da komeni, asmo txarrez erabiltzeko arriskua dagoelako. Baina, oro har, ahalik eta pertsona eta gizarte gehienentzat onuragarria izatea nahi badugu, ikerketak ahalik eta gardenena izan behar duelakoan nago.

Adimen artifizialak beste eremu batzuetan ere sor ditzake arazoak; adibidez, ingurumenean?

Egia da adimen artifizialeko programak entrenatzeko energia ikaragarria behar dela, eta energia horrek baliabide pila bat kontsumitzen duela. Eta ikerketa-zentroak ere ez daude beti lekurik egokienean, jasangarritasunaren ikuspegitik. 

Baina beste alderdi batetik begiratuta, adimen artifizialak ingurumenean eragin onuragarria ere izan dezake. Hain zuzen, klima sistema konplexu bat da, eta ez dugu eredu osatu bat harentzat. Adimen artifizialak erabilita, klima ulertzeko ere­du hobeak izan ditzakegu, zeinak lagungarriak izango ­baitzaizkigu klima-aldaketa gelditzeko edo leuntzeko. Teknologia hobeak sortzen ere lagunduko digu: eguzki-zelula hobeak, bateria elek­triko hobeak…

Irakurri dut uko egin diozula ikerketa militarretan parte hartzeari. Hala da?

Bai. Tradizionalki, gerretan, gizakia dago tartean. Norbaitek erabakitzen du besteari erasotzea, edo tiro egitea; norbaitek agintzen du eta norbaiten erabakia da. Horrek esan nahi du ardurak eta epai moralak daudela. 

Eta gerra beti da txarra. Baina makinak gero eta adimentsuagoak bihurtzen badira, eta erabaki horiek hartzeko ardura esleitzen bazaie, norena da erantzukizuna? Pertsona bat ezagutzeko eta hura hiltzeko programa garatu duenarena? Diseinatu duenarena? Saldu duenarena? Sistema erabiltzen duen gobernuarena? Zaila da aurreikustea horrek nola aldaraz dezakeen gerra.

Uste dut horren gainean eztabaidatu egin behar dela, eta oso kontuz aztertu beharreko kontua dela. Baina oso eszeptikoa naiz; ez dut ikusten horretan ari garenik. Horrenbestez, beti saiatzen naiz horrelako armak debekatu behar direla diotenak babesten eta bultzatzen.

Bestalde, filosofia ikasi duzu. Uste duzu erabil­garria dela, edo, are gehiago, beharrezkoa dela filosofia aintzat hartzea, adimen artifizialaren ga­ra­penean?

Zalantzarik gabe, filosofia oso erabilgarria izan zait. Uste dut ikasten duzun edozer erabilgarria izan daitekeela noizbait. Eta filosofia ikasi baduzu, adimen artifizialaren arazoez pentsatzen duzun moduan eragingo du. Jakina, teknikari asko adimen artifizialaren alderdi teknikoez soilik arduratzen dira. Baina guk argitu nahi ditugun galderak ez dira soilik teknikoak; hau da, nola detektatuko dugu munduaren egitura? Zergatik ematen du mundua legeen mende dagoela, eta ez zoriaren mende? Nire iritziz, horrelako galderak, sakonean, filosofikoak dira, eta ikuspegi horretatik ulertu behar ditugu.

Zer beste diziplina hartu beharko lirateke kontuan?

Azken finean, adimen artifizialak denean eragingo du, eta, beraz, alderdi guztiak hartu beharko lirateke kontuan, hasi zientzia naturaletatik eta arteraino. Baina ekonomia, politologia, gizartea… Hain zuzen, gizartean eztabaida handiagoa behar da. 

 

Arg. FBBVA

Zer iritzi duzu ikerketa epe batez gelditzeko sortzen ari diren eskaerez?

Esan berri dudan bezala, beharrezkoa iruditzen zait adimen artifizialaren garapenaz eta ondorioez eztabaidatzea eta gogoeta egitea. Baina moratoria horiek ez dira batere errealistak; ez da gertatuko. Esanguratsua da eskaeratako baten atzean Elon Musk egotea. Kontua da konpainien arteko lehia dagoela, eta atzetik datozenek aurrekoak harrapatu ahal izateko denbora eskatzen dute. 

Hori baino askoz ere garrantzitsuagoa da ulertzea nola funtzionatzen duten sistema horiek, aztertzea zer ondorio izan ditzaketen, eta ikustea nola berma dezakegun onerako erabiliko direla. Eta hori jendearekin egin behar da; ezin da guztia konpainien eskutan utzi.

Orain pentsaezina den zer ekar dezake adimen artifizialak etorkizunean?

Galdera horri ezin zaio erantzun. Ezin da aurreikusi zer gertatuko den. Internet sortu zenean ere, ezinezkoa zen jakitea gaur egun nola erabiliko genuen eta zer ekarriko zigun. Gaur egun, poemak sortzeko gai diren sistemak ditugu. Hor jauzi bat dago, eta etorkizunean gero eta arruntagoa izango da makinen eta pertsonen arteko solasaldia. 

Pentsatu behar dugu nola sendotu gizartea, jabetu dadin adimen artifizialaren erabilera onaz eta txarraz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adimen artifiziala
Komunikazioa errazteko eta mintzamenaren errehabilitazioa lantzeko IA-Speak tresna garatzen ari dira Nafarroan

Adimen artifizialarekin garatutako tresna bat da IA-Speak. Bi erabilera nagusi izanen ditu: mintzamena itzultzen duen gailu bat eta erabiltzaileen mintzamena aztertzen duen plataforma bat.


2025-08-18 | Dabid Martinez
Metaren eta adimen artifizialaren kolonialismo digitala

Drop Site News hedabideak (botere-abusuak mundu mailan agerian jartzeagatik ezaguna) argitaratutako ikerketak interneten bilakaeran kezka sortu beharko lukeen joera baten adierazle den albistea argitaratu du. Facebook, Instagram eta WhatsApp-en jabe den Meta multinazionalak [+]


2025-08-18 | Sustatu
ZelaiHandi, euskarazko testuen korpus handi eta (ia) libre bat

Orain NLP hizkuntza teknologietako euskal enpresak euskarazko testuen korpus handi bat jarri du sarean, Hizkuntza Eredu Handien (LLM) eta Adimen Artifizialeko ekimenen biltegi nagusia den Hugginf Face baliabidean. ZelaiHandi du izena.


ChatGPT psikologo bezala erabiltzearen arriskuez mintzatu da Mireia Centeno Gutierrez psikologo eta psikopedagogoa

Ohartarazi du ChatGPT lanketa emozional “sakonak” egiteko erabiltzea “arriskutsua” izan daitekeela ez duelako erabiltzailearen testuingurua ezagutzen eta “gehiago biktimizatu” dezakeelako.


2025-07-23 | Civio
Hiru melanomatik batean erratu eta azal iluneko pazienteak alboratzen dituen algoritmoa

Osakidetza lanean ari da Asisa aseguru-etxe pribatuaren filial baten Quantus Skin sistema osasun-zentroetan ezartzeko, 1,6 milioi euroko inbertsioa eginda. Adituek kritikatu egin dute adimen artifizialeko sistema hori, emaitza "eskasak" eta "arriskutsuak"... [+]


2025-07-17 | Sustatu
WeTransfer: erabilpen baldintza berri ez oso fidatzekoak

Hautsak harrotu ditu azken orduetan Interneten WeTransfer zerbitzu oso praktiko eta erabiliak iragarri dituen erabilpen baldintza berriek, abuztuan jarriko direnak indarrean. WeTransfer da oso fitxategi (edo fitxategi multzo) handiak bidaltzeko modu bat. Ez dira kabitzen e-posta... [+]


Teknologia
Whatsappa utzi

Ez naiz buruan ideia hau darabilen bakarra, asko gara munduan Whatsapp eta Telegram mezularitza aplikazioak hartzen ari diren botereaz kontziente bide hori jorratu nahi dugunak.

Familia, lagunak, komunitateak, lana, komunikabideak... Mezularitza aplikazioekin dena dugu... [+]


2025-07-14 | Sustatu
Ez fidatu Osakidetzan 'Quantus Skin' azterketa egiten badizute

Civio fundazioak salatu duenez, Osakidetzak darabilen AA sistema batek (Quantus Skin) kontratuan agindutakoa baino askoz efikazia gutxiago dauka. 1.6 milioi euroko inbertsioa da, larruazalaren melanoma minbiziak detektatzea du helburu, eta bere emaitzak eskatu zuen %85eko... [+]


Julia Mengolini kazetari argentinarrak Milei salatu du, bere aurkako “gorroto kanpaina” bat aireratzeagatik

Adimen Artifizialaz egindako bideoak sareratu dituzte, Mengolini difamatzen dutenak. “Gorrotoa bultzatzea, indarkeria kolektiboa eta bortxazko mehatxuak” izan direla salatu du kazetariak, eta zigor bideari ekingo diola.


2025-06-19 | Sustatu
AA batek zenbat eta gehiago "arrazoitu", orduan eta okerrago

Applen lan egiten duen ikertzaile talde batek adimen artifizialaren (AA) esparrurako egindako ikerketa baten emaitza argitaratu dute. Izenburu esanguratsua du: The Illusion of Thinking. Euskaraz, bere izenburu luzean, honela: Pentsatzearen ilusioa: arrazoitzeko ereduen... [+]


Giza adimena

Stanfordeko Unibertsitateak dohainik eskaintzen duen Storm deituriko erreminta ezagutu berri dut. Adimen artifiziala erabilita, edozein gairen inguruan artikulu akademikoak sortzeko diseinatutako ikerketa tresna da. Fidagarriak eta baimenduak diren hamaika iturri erabiltzeko gai... [+]


2025-06-05 | Sustatu
42: txat adimentsu harrigarriena, Nafarroan sortua nonbait

Laboral Kutxa Katedrak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu dute Arte eta Zientziaren I. lehiaketa (webgunea euskaraz ere badago, baina oso trakets). Artea, zientzia eta pentsamendu kritikoa uztartzen dituzten proiektuak nahi zituzten, eta zenbait aurkeztu... [+]


Teknologia
KoipetsuAA

Aspaldi egin nuen lantegi batean, kapitalismoaren izaera alderatu zuten itsasoan koipe jario batekin, zabaltzen doan orbana, bidean hondakina eta miseria sortzen duena eta garbitzeko zaila dena.

Egun, AAren koipea nonahi dugu,beharbada ezagunenak honakoak direlarik:... [+]


Teknologia
Sabotaje algoritmikoa

Informazio sareetan murgilduta, aktibismo digitalaren inguruan zenbait informaziora heldu naiz. Aktibista digitaletan pentsatzen dudanean, antolaketa moduetan ere pentsatzen dut, denok ez diegu-eta arazoei berdin heltzen. Batzuek aktibismo digitalari komunikazioatik heltzen... [+]


Objektu anti-kulturalak

Momentu honetan, eta buruileraino, Adimen Artifizialari buruzko erakusketa erraldoi bat ikusgai da Parisko Galerie nationale du Jeu de Paume museoan, izenburu honekin: Mundua, Adimen Artifizialaren arabera. Erakusketa horretan, hainbat arte obra garaikide agertzen dira,... [+]


Eguneraketa berriak daude