"Gaur egun kontrakoa den arren, gizartearentzat onuragarria den adimen artifiziala posible da”

  • Manuela Battaglini datuen etikan eta pribatutasunean espezializatutako abokatua da. Azaroaren 4an Donostiako San Telmo museoan egingo den Euskarabildua jardunaldian azalduko digu adimen artifizialari buruz munduan hartzen diren erabaki politikoek gure bizitzetan zer nolako eragina duten. 


2025eko urriaren 27an - 10:35
Azken eguneraketa: 11:43
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Manuela Battaglini abokatua da eta marketinean eta komunikazio digitalean aditua. Etika digitalari buruz, gobernu eta administrazio publikoentzat aholkulari lanetan aritu izan da. Eskubide Digitalen Espainiako Gutunaren egileetako bat izan zen eta Transparent Internet erakundeko zuzendaria. Egun, Adimen Artifizialean doktoretza egiten ari da Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan.

Battaglini etengabeko ikerketan ari den emakumea da eta teknologiaren ikuspegitik, mugimendu geopolitikoak jarraitzen eta horien eragina eta ondorioak aztertzen ditu. Bere ustez, adimen artifizialari buruz martxan jarritako politikek ematen diete forma munduari eta gure bizitzei.

Azaroaren 4an Donostian izango da, baina bere hitzaldiaren aurretik galdera batzuk egin dizkiogu, Euskarabilduan entzungo duguna hobeto ulertzeko asmoz.

Zure hitzaldian mundu mailan hartzen diren erabaki politiko, ekonomiko edo legal askok enpresa teknologiko handiei nola laguntzen dieten azalduko diguzu. Aurreratuko diguzu adibideren bat?
Teknologiaren historian barrena, legeak onartu dira. Arau horiek sarritan, erraldoi teknologikoei inpunitate osoz jarduteko aukera eman diete. Horietako bat Digital Millenium Copyright Act da. Lege horrek alderantzizko ingeniaritza legez kanpoko bihurtzen du eta ondorioz, elkarreragingarritasuna amaitu eta gailuen mekanismora sarbidea oztopatzen du. Beraz, konpontzeko eskubidea ere izugarri zailtzen du. Lege hau AEBena da, baina AEBek bere lobby-a eta presioa mundu osoan aplikatu ditu, gainerako herrialdeek onartzen dituzten legeek beren asmoei kontra egin ez diezaieten.

Zure hitzaldien sarreran Adimen Artifizialaren inguruko ”pila teknologikoa” kontzeptua aipatzen duzu. Zer esan nahi du?
Adimen Artifizialaren inguruko teknologia lau geruzatan banatuta dagoela esan nahi du. Lehena, hardwarearen geruza, hiru monopolioz osatutako geruza da; bigarrena, hodeiko konputazioa, oligopolio boteretsuen geruza; hirugarrena AA sortzailearen ereduen geruza da, eta laugarrena aplikazioen geruza, zeinean pertsonek teknologiarekin elkarreragiten duten.

Adimen Artifizialak inguratzen gaituela diozu. AArik gabeko bizitza posible al da?
Gizateriaren historiaren puntu honetan, zaila da. Baina Adimen Artifizialaren erabilera demokratikoa lortzea posible da eta herritarrentzat onuragarria den AA batekin bizi gaitezke. Gaur egun, justu kontrakoa gertatzen da.


Euskarabildua
Euskara eta teknologia elkartzea helburua duen jardunaldi dibulgatzailea da, gizartean eragin nahi duen ekimen berritzaileentzako hausnarketarako eta zabalkunderako gunea, euskal gizartean eta euskaran aplikagarriak diren ezagutza eta berrikuntza teknologikoen sustapenerako aukera ematen duena.

Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak elkarlanean antolatzen dituzte 2012az geroztik jardunaldiok. Aurten azaroaren 4an egingo da San Telmo museoan goizeko 09:00etatik hasita.

Informazio gehiago: https://euskarabildua.eus 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarabildua
Eguneraketa berriak daude