"Ez dugu lehengo FARCik, baina egoera lehen baino kritikoagoa da"

  • Igandean beteko dira hiru urte Kolonbiako estatuak eta FARC gerrillak bake akordioa sinatu zutenetik. Mende erdi pasako gerra amaitzeko esperantzak goia jo zuen. Geroztik arrastaka egin du aurrera bake prozesuak, eta eskuin erradikala gobernura iritsi zenetik okerrera egin du egoerak. Cauca departamentuan, herrialdeko hego-mendebaldean, bortxakeria neurri gabe hazi da azken hilabeteetan.  Beren lurren defentsan, eta bake akordioa bete dadin ari diren nasa indigenak talde armatuen jopuntuan daude. Elkarrizketa hau Garabide elkartearen ekimena da.

Diego Yatacue Nasa Yuwe hizkuntzaren aldeko ekintzaile konprometitua da.

2019ko azaroaren 22an - 15:08

Diego Yatacue nasa herriko kidea da. Cauca departamentuan bizi da, Toribio herrian. Hamabi urtez CECIDIC bertako hezkuntza zentro garrantzitsueneko zuzendari izan da, eta nasa yuwe hizkuntza eta kultura berreskuratzeko prozesua bultza du Garabide Euskal Herriko erakundearekin elkarlanean. Irakaskuntza utzi eta mugimendu indigenaren ordezkari izan Yatacue pasa berri diren hauteskundeetan. Eskualdean bortxakeria giroa neurrigabe gaiztotuta dago; giza eskubideen 68 defendatzaile –gehienak indigenak– hil dituzte 2019an.

Sinaloa-ko Kartel-ak izenpetutako esku-orriak azaldu dira herrian. Izen-abizenez mehatxatu dute Yatacue: "…que no se les haga raro verlo a él o algún familiar descuartizados por ay [sic]" (ez harritu bera, edo bere senideren bat zatikatuta agertzen bada). Udal hauteskundeak pasa berritan agertu da agiria. Alkate berriari ongietorria ematen diote sinatzaileek, eurekin sartzen ez bada bakean utziko dutela esanaz. Yatacue helburu militar izendatu dute, baina zemaia euren jarduna oztopatu dezakeen edonoren aurkakoa ere bada "lo pondremos 2 metros bajo tierra" (bi metro lurpean jarriko dugu).

"Narkotrafikoa kontrolatzeko gerra bat da oraingoa, talde armatuek ez dute oinarri ideologikorik"

Udal hauteskundeak igaro berri dira, eta Kolonbia giroa lehenaz gain gaiztotu ohi da hauteskundeak gerturatzen diren bakoitzean…

Caucan dagoeneko 68 lagun erail dituzte aurten, horietatik hogei baino gehiago Toribion bertan. Geure territorioa kontrolatzeko egiten ari garen ahaleginagatik mendekua da. Liderrak gauzkate jomugan, kanpaina hasieratik mehatxu zuzenak egin dizkigute.

Nola egiten dituzte mehatxuak?

Whatsappez zabaltzen dituzte. Eta eskuorriak boteaz kalean. Baina horiek gabe ere, larritasuna ezarria dute territorioan. Hemen bizi denak badu taldeen berri, sumatu egiten ditu, eta presentzia hori itogarria da.

Nola hartu dituzu mehatxuak?

Neure kontrakoak hainbestean… baina nire semeak ere mehatxatu dituzte, eta hori askoz gogorragoa da.

Diego Yatacuek jasotako mehatxua.

Zein babes neurri dituzu?

Komunitateak babesten nau. Fiskaltzan salatu dut nire egoera, baina erantzun didate mehatxuak ez direla “nahikoa irmoak”.

Zergatik egin duzu hautagai izateko urratsa?

Gurean komunitatea da erabaki ohi duena. Norberak ez du bere burua hautagai aurkezten, herritarrek aukeratzen dute beren ordezkaria.

Ehun boto pasatxogatik galdu duzue alkatetza…

Hogei urtez izan dugu alkatetza eta tarte horretan kontzientzia indigenaren indartzea izan da. Baina bortxakeria ziklo berriak erasan digu. Boto asko erosi dituzte narkotrafikoan ari direnek jarritako diruz. Zatitu egin dute herria… Kanpainan ez dira proposamen eta ideia multzoak egon aurrez aurre; bereizketa izan da: koka eta marihuana landatzea babesten dutenak eta babesten ez dugunak. Nire ustez gizarte indigenaren minbizia dira marihuana eta koka soroak. Narkotrafikoak fikziozko ekonomia bat mugiarazi du eta kultura mafiosoa hedatu du sakoneko pentsamendu aldaketa eraginaz. Gutako askok defendatu egiten dute eredu hori, besterik ez dagoelakoan. Gainera izua eragin dute talde armatuek. Kide asko hil dizkigute. Hilabete hasieran azkenak: Kiwe thegna-ko (goardia Indigena) lau kide eta Cristina Bautista neehwesx-a (gobernadorea). Beste dozenerdi lagun zauritu zituzten. Sarraskia izan zen.

Nor dira hiltzaileak?

Gure lurraldean bake akordioa nahi izan ez zuen FARCeko kideak geratu ziren. Ez ziren asko, baina armak eta esperientzia militar handia zuten… Hara, gurean koka eta marihuanaren ekonomiak agintzen du, eta hori ezkutuko indar ilunek kontrolatzen dute. Dirua da helburu bakarra, eta lurralde osoa kinkan dute. Horietako asko, tamalez, gure komunitateetako kideak dira, gerran hazi eta hezitakoak. Gerra da egiten dakitena. Horregatik ez ziren bake akordioa onartzeko kapaz izan. Narkotrafikoak indartu egin ditu orain, diruarekin berrarmatu egin direlako.

Ez dira FARCeko kide ohiak bakarrik…

FARC dei diezaiegun nahi dute, edo ELN (Askapen Nazionalerako Armada) edo EPL (Askapenerako Herri Armada)… Itxura ideologikoa eman nahi dute, baina niretzat gaizkile taldeak baino ez dira.

Sinaloa-ko kartela ere badabil, ezta?

Agi denez marihuana ekoizpenaren monopolioa du kartel horrek. Berek finantzatzen dute ereitea, nekazariak horretara bultzaz. Eta horrek komunitatea zatitu eta gatazka soziala gaiztotzen du. Kontuan izan behar da Cauca departamentuan desparekidetasuna izugarria dela, estatuak ez ditu gutxieneko bizi baldintzak bermatzen. Gerra laborategi bat da gurea. Narkotrafikoa beti hor dago, eta ziklikoki indartu egiten da, jende askok bizimodua zertxobait hobetzeko besterik ez duelako ikusten.

Erresistentzian zailduta gaude. Urte asko izan dira gatazkak ekarritako bortxakeriari, beldurrari eta heriotzari aurre eginaz. Eta hala ere nasa herria gai izan da autonomiarantz lanean hasteko, kultura abiapuntu hartuz

Urteetan gerraren gordinena sufritu zenuten. Gero barealdia, bake akordioa gertu sumatzen zenean. Eta ondoren, akordioa sinatu berritan, impasse moduko bat harik eta dena galbidean hasi zen arte. Nola dago gaur zuen eskualdea?

Bake akordioari esker jada ez dugu FARCeko talde armatu handirik. Eta gerrilla eta armadaren arteko borroka handirik ere ez. Egia da negoziazio eta sinadurak lasaitasuna ekarri zutela baina hori joan zen. Urtebete pasa da uribismoak agintea hartu zuenetik. Kanpainan FARCekiko bake akordioa txiki-txiki egingo zutela esan zuten, eta horretan ari dira. FARCek indarra zuen eremuetan gaizkile taldeak sortu dira, talde paramilitarrak handitu… eta, finean, narkotrafikoa hazi egin da. Gure lurraldeetako ekonomia determinatzen du, eta bertan bizi garenon bizitza ere bai. Habanako akordioan legez kanpoko laboreak ordezkatzeko puntu bat adostu zuten, baina ez dute hitzartutakorik egin, eta horrek dena zapuztu du. Ez dugu lehengo FARCik, baina egoera lehen baino kritikoagoa da. Arriskutsuagoa. Lehen bagenekien zein zen gure etsaia, bagenekien norengana jo elkarrizketa baten premia ikusiz gero. Gaur egungo etsaiek ez dute ez egiturarik ez oinarri politiko-ideologikorik eta ezinezkoa da elkarrizketa. Narkotrafikoa kontrolatzeko gerra bat da orain duguna.

Bake negoziazioan abiatu eta mamitu da hizkuntzaren berreskurapen prozesua…

Erresistentzian zailduta gaude. Urte asko izan dira gatazkak ekarritako bortxakeriari, beldurrari eta heriotzari aurre eginaz. Eta hala ere nasa herria gai izan da autonomiarantz lanean hasteko, kultura abiapuntu hartuz. Oinarri-oinarrian dagoena gure izatea da, indigena izaten jarraitzeko borroka. Horregatik narkotrafikoaren estrategia Toribion, guk elikatzen dugun ehun sozial hori, pentsamendu politiko eta kultural hori, txikitzea da.

Nola barruntatzen duzu etorkizuna?

Guk bi zeregin ditugu: Gure komunitatean kontzientzia lantzen jarraitu behar dugu. Bestetik kaleko borrokan jarraitu behar dugu gobernuaren aurka. Beren esku zegoen bake prozesua bultzatzea eta ez dute ezertxo ere egin… Ez dugu etsiko, oraindik badugu eta abagune bat. Erail berri duten Cristina Bautistak esan zuen: "Isilik geratuz gero hil egiten gaituzte. Eta hitz egiten badugu ere hil egiten gaituzte. Beraz hitz egin dezagun!".

*Elkarrizketa hau Garabideren ekimenez egin du Jon Artano kazetariak. Kolonbiako Caucako egoera salatzeko elkartasun ekintza antolatu dute larunbaterako Oiartzungo Egiar mairu-baratzean 11:00etan.

Elkartasun ekintzaren kartela.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbia
Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


Kolonbiako presidenteordeari lehergailuak jarri dizkiote etxe alboan

Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.


2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


Eguneraketa berriak daude