“Enpresak 200 pertsonari ematen die lana, baina lur horiek berreskuratuta 1.400 familia biziko lirateke”

  • Komite Internazionalisten bidez, gure artean izan dugu Marylen Serna (Cajibio, Cauca, 1965) Kolonbiako borrokalari soziala. Bizitza militantea lau ardatzen inguruan garatu du: nekazarien eskubideak, emakumeenak, lurraldearen defentsa eta gatazka armatuaren erresoluzioa. Borrokatzen duen proposamena honetantxe laburtzen du: kultura eta etnia askoko lurralde bat, non nekazariek eta pertsonek bizitza bat garatu ahalko duten.

Argazkia: DosPorDos / ARGIA CC BY SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Marylen Sernak badu zer kontaturik pinu eta eukaliptoen esplotazioa maite ez dutenentzat, eta, oro har, lurraren alde borrokatzen direnentzat. Komite Internazionalistako kideek Sernak Euskal Herrian egindako bisitan ohartarazi dute hemengo lantegi batzuk ere Kolonbiako estraktibismoaren parte direla, multinazional horientzat egiten baitute lan.

Cauca departamentuan, Sernaren jaioterrian, kalteak eragiten dituen multinazionaletako bat da Smurfit Westrock. Enbalajerako kartoigintzan mundu mailako enpresa handiena da egun, Irlandako Smurfit Kapparen eta AEBetako Westrocken fusioaren ondoren eratutako transnazional erraldoia baita. Euskal Herrian ere lantegiak ditu, Iurretan (Bizkaia) eta Zangozan, Cordovillan eta Agoitzen (Nafarroa); Komite Internazionalistek oroitarazi dutenez, 800 langiletik gora ditu lau fabrika horietan eta milioika euroko irabaziak izan ditu, azken datuen arabera.

Cauca departamendura duela 50 bat urte iritsi zen multinazionala, eta Sernak ziurtatu duenez, lehen unetik kontrako borroka egin zioten, lur gehiago erosi edo bereganatu ez zitzan: “Borroka hori ez genuen galdu, baina ez genuen aurrera egitea lortzen”. Enpresak beste lursail bat erosi orduko, komunitatea aurrez aurre zuten, makinaria edo laboreak erretzen, zuhaixkak erauzten... Horrela eman zituzten 1980ko, 1990eko eta 2000ko hamarkadak. Enpresak, orduan, taktika aldatu zuen eta lurrak erosi beharrean, alokatzen hasi zen, gutxienez lau uztatarako, hau da, 30 urterako. Pinu eta eukaliptoen haziak edo landaretxoak banatzen zizkioten jendeari, eta bakoitzak bere lurretan landatzen zituen. Horregatik, azken hamar urteotan komunitateak ere taktikak aldatu ditu, eta alokatutako lur horiek okupatzea zaila denez, lur horiek “zuhaitzetatik desokupatzen” dituzte.

Instituzioen babesa

Anthony Smurfit, enpresaren sortzailearen biloba eta gaur egungo konpainiaren zuzendari nagusia, Europar Batasunako Legebiltzarreko industria mahaiaren kide da egun. Caucan eta Kolonbian ere enpresak alderdi politiko guztietako kanpainak finantzatzen laguntzen du, eta harreman estuak dituzte gobernu eta udaletan: administrazioari ingurumen politikak diseinatzen lagundu diote, eta basoak babesteko subsidioak bereganatzen dituzte, Sernak ziurtatu duenez. Beren burua enpresa “berde” gisa agertzen dute, ekologikoa, jasangarria… Baina, gero, “ur inguruen” legea ez dute betetzen: Kolonbiako legediak dio ur iturri baten 30 metroko inguruan ezin dela erein. Baina lurraldearen aldeko borroka mugimenduko kideek egiaztatu dute lege hori bortxatu eta iturburu asko agortu dituztela.

Gauzak horrela, enpresak bere alde ditu poliziaren eta armadaren baliabideak: istiluen kontrako eskuadroi bereziak, lurraldearen militarizazioa, droneak... giza eskubideen urraketak etengabeak dira, Sernak kontatzen duenez. Horrez gain, talde juridiko indartsuen bidez, mehatxuak egiten dituzte, enpresaren aldeko komunitateak diruz laguntzen dituzte eta beren langileak ere enpresaren alde guztiz lerrokatu eta lehen lerroan kokatzen dituzte: lursail bat askatzeko desokupazio bat hasi orduko, aurrena langileak joaten dira kontra egitera. Maiz, langileak komunitate kideak dira, senideak, auzolanetako kideak; horrek komunitatea hausten du eta tentsio handiak sortzen ditu.

Caucako lurren defentsan ari direnak gobernuarekin mintzatu dira eta handik adierazi diete badutela borondatea lurrak erosi eta komunitateko nekazariei banatzeko. Dena den, enpresa da erabakitzen duena lur horiek saltzeko eskaintzen dituen edo ez, eta oraingoz behintzat ez dute halakorik egin.

Enpresak landatu berri zituen 125.000 zuhaixka erauzi zituzten aktibistek; enpresak ez zuen beste lurrik erosi harrezkero

Lurrak defendatzeko ekintza zuzenak 1.200 familia daude sartuta borroka horretan, modu klandestinoan, baina haietariko bederatzi pertsonak –Serna da bat– aurpegia erakutsi dute hedabideetan. Irlandara joan ziren enpresaburuekin hitz egitera, eta bertan jaso zuten erantzuna zera izan zen: “Kolonbiako gure ordezkariek esandakoa berresten dugu geuk ere”.

Baina komunitatean etsi gabe dihardute lanean enpresak lur gehiago lortu ez ditzan, ez erosita eta ez alokatuta. Duela hiru urte, enpresak erosi berria zuen makina erraldoi bat, zuhaitzak ebaki, azala kendu, moztu eta kamioian sartzen zituena, eta iritsi zen egunean bertan erre zuten. Bestalde, gobernuak II. Mundu Gerraren ostean alemaniar nazi batzuei eman zizkien lur batzuk, eta pertsona horiek alde egitean esan zuten lur horiekin edozer egitea baimentzen zutela, nekazariei ematea izan ezik. Sernak kontatu duenez, duela sei urte, egun batetik bestera, 350 hektareako lursail horretan agertu zen enpresa. Jendea galdezka hasi ea alokatua zen-edo, eta jakin zuten ezetz, enpresak erosi zuela. Itxaron zuten landatu zezaten, eta bukatu zuten eguneko gauean bertan, 1.200 bat pertsona lursailean sartu, eta landatutako 125.000 zuhaixkak erauzi zituzten. Enpresak ez zuen beste lurrik erosi harrezkero.

2021eko uztailaren 28an, berriz, enpresaren lurretan sartu eta komunitatearena zena berreskuratzen hasi ziren, zuhaitzak mozten, animaliak sartzen landareak jan zitzaten, landareak erretzen... Horren harira, abuztuaren 2an Poliziaren ESMAD eskuadroiak nekazari bat hil zuen, Sernak salatu duenez. Joan den otsailean beste kide bat hil zen zuhaitz bat gainera erorita, eta martxoaren 30ean beste ekintza batean armadak gogor jo zuen, tanketa eta guzti; hedabideetan zabaldu zuten nekazariak gerrillariak zirela. Egiaztatze misio bat bultzatzen ari dira, pertsona horiek nekazariak zirela frogatu dadin.

Argazkia: DosPorDos / ARGIA CC BY SA
Herriaren burujabetza eta autodeterminazioa helburu

“50 urte hauetan, zein izan da enpresa honen inpaktua lurraldean?”, galdetu diogu Sernari. Iturburu asko agortu dira eta lurrak kaltetu, besteak beste. Adibide gisa jarri du lursail bat, hamar familiaren artean erosi zutena: bost urte eman dute lur hori emankor bihurtu nahian, izan ere, urte luzez pinu landaketak egin eta agrokimikoak bota ondoren, lurra antzua da, eta denbora behar du berriz emankorra izan dadin. “Prozesu gogorra eta luzea izan da, bost urte pasa dituzte familiek elikagairik ezin lurretik atera, baina ez dute beste aukerarik”. Halere, Sernak baieztatu du inpakturik handiena lurren pilaketa izan dela, alegia, lur gehienak esku gutxitan geratzea.

Gaur egun, sei senideko familia batek batez beste 1,3 hektarea dauzka Cojiban, eta “horrekin sei lagun bizitzea ez da bideragarria”, Sernak gaitzetsi duenez. Enpresak, berriz, 2.970 hektarea dauzka jabetzan, eta horri gehitu behar zaizkio alokatzen dituen lurrak. Horregatik, komunitateen borroka da lur horiek birbanatzea. Familia askok landatik hirietara jo behar izan dute, eta lantegian lan egiten duten pertsonek beren identitatea galdu dutela azaldu du Sernak: “Zer den nekazaria izatea, autonomoa izatea, lurretik bizitzea… soldatapeko langile bihurtzen dira”. Bestalde, lurren pilaketa horrek elikadura burujabetzan eragin die: “Lehen gure eskualdea elikaduraren aldetik jasangarria eta burujabea zen”.

Maiz entzuten dugu enpresariek lanpostuak sortzen dituztela, baina Sernak ikuspegi hori kritikatu du: “Enpresak 200 pertsonari ematen die lanpostua; guk lur horiek berreskuratu eta komunitateei itzuliko bagenizkie, 1.400 familia biziko lirateke era autonomoan, eta lurraldean autodeterminazioa eta autonomia handituko lirateke”. Hori dela eta, bi jatorrizko herriren eta hamahiru nekazari erakunderen arteko batasuna egin zuten, eta hortik ari dira borroka hau bideratzen.

Enpresa kexu agertu ohi zaie: “Zergatik gu? Zer egin dugu gaizki? Zer duzue gure kontra? Zergatik izan behar dira gure lurrak eta ez beste batzuk?”. Multinazionalak argudiatzen du 50 urte daramatzatela han, eta horrek “eskubidea” ematen diela monolaborantzarekin jarraitzeko. Borrokalari sozialek, berriz, zera erantzuten diote: “Nahiko denbora eman duzue dagoeneko, bada garaia lur horiek itzul ditzazuen”.

Argazkia: Antonio Cascio /CTXT CC-BY-NC

Beren nahia, funtsean, hori da: “Lurralde bat, kultura eta etnia askokoa, non basoak zaindu, lursailak, urak eta lurrak eurak ordenatu, eta elikagaiak eskuratuko genituzkeen… Lurralde horien autodeterminazioa gauzatu eta bizitzarako lurralde bat sortu nahi dugu”.

Bake prozesuen saiakerak

Kolonbian izan diren gerrilla gehien-gehienak egon dira Caucan: M-19, Quintin Lame, ELN, FARC-EP… Bestalde, talde paramilitarrak eta gobernua (armada eta polizia). Eta triangelua ixteko, komunitateak eta herri mugimenduak; hor kokatzen da Sernaren jarduna, eta militantzia horretatik bake prozesuetan parte hartu izan du.

FARC-EP eta gobernua negoziatzen hasi zirenean, bake prozesua bultzatzearen aldeko mobilizazio handietan parte hartu zuen, baita sortu ziren foroetan ere. Gutxigatik izan bazen ere, bake ituna berresteko plebiszitua galdu zuten, eta ondorengo gobernuek ez dute bete nahi izan, Sernak gogorarazi duenez. Horrek ekarri zuen desmobilizatu ziren gerrillarietako batzuek berriz armak hartu izana.

ELNrekin bake prozesua izan zenean, Mesa Social para la Paz prozesua bultzatu zuen Sernak, eta Consejo Nacional de Participación y Convivencia-ko Batzorde Nazionaleko kide izan zen. Azken prozesu horretan, mugimendu sozialen parte hartzea handiagoa izan zen: 82 topaketa egin zituzten, eta guztira 90 sektore ekonomiko eta sozial zeuden ordezkatuta. Une honetan negoziazioak etenda daude, eta Sernaren ustez gobernuarena da ardura nagusia: “Horrelako prozesuetan desmobilizazioa eta armagabetzea bakarrik bilatzen dituzte, eta ELN bezalako talde bat ez da bide horretan sartuko”. Kolonbiarraren iritziz, horrelako prozesuek balio behar dute gatazkaren sustraietan dauden gizartearen arazoak konponbidean jartzeko. “Pena izan da, gobernu aurrerakoi honekin aukerak egon zitezkeela uste baitzen”, dio Sernak. Azkenean, ELNk negoziazioak utzi zituen eta gobernuak hori baliatu zuen su etena hausteko, Sernak nabarmendu duenez.

Herritarrak talde armatuen erdian

Gerrillekiko harremana ezberdina izan da lehen eta orain. Lehen herri mugimenduen borroka eta gerrillena osagarriak ziren, Sernak azaldu duenez: batzuk arlo sozialean jarduten ziren, besteak, militarrean. Orain hainbat motatako talde armatuak daude, eta Caucan arazoak dituzte. Herri mugimenduetatik autonomia defenditzen dute, baina talde armatu berriek lurraldearen erabateko kontrola ezarri nahi dute, ekonomikoa, soziala, antolaketa mailakoa, legez kanpoko laboreak erabiltzen dituzte, umeak errekrutatu… Herri mugimenduak beren mende nahi dituztela dio Sernak, eta lortu ezean helburu militar bilakatzen dira hainbatetan.

Paramilitarrak, berriz, bortizkeria mailan lehen bezain izugarriak ez direla dio Sernak, baina ez dira desagertu eta gizartea kontrolatzen jarraitzen dute ekonomikoki. Sernaren iritziz berrantolatzen ari dira: kide berriak lotzen eta militarki berrarmatzen. Clan del golfo delakoa da hedatuena, eta Sernak kontatu duenez: “Hainbat enpresarirekin loturak eta negozioak dituzte, eta jarraitzen dute meatzaritza ilegalean, narkotrafikoan eta gota a gota negozioan; interes altuko kredituak ematen dituzte eta kobratzera pasatzen dira motorrean egunero, maiz armaturik”. Talde armatu horien erdian bizi dira Caucako herritarrak, euren lurrak defendatzeko borrokari eusten.

Cauca

Cajibiok, Marylen Sernaren jaioterriak, haize-kutxa esan nahi du eta Kolonbiako musika txokoa esan ohi zaio, musikari askoren sorlekua izan baita. Bertan, 40.000 pertsona bizi dira, nasa, misak, yanacona eta beste hainbat jatorrizko herri, afro-kolonbiarrak eta zuriak, haietariko asko nekazariak. Sernaren familia bera da herriko historiaren erakusgarri: aitaita nasa herrikoa, amama zuria, ama nekazarien lider bat, eta beren etxea komunitatearen bilgune zen. Han antolatzen ziren mingak (auzolanak), festak eta jai erlijiosoak. Familia handia ziren: amaren aldetik, guztira, hamahiru neba-arreba, eta bakoitzak beste zazpi edo zortzi seme-alaba izan zituen.

Cajibio Cauca departamenduan dago, herritarren arteko antolaketa maila handiko lurraldean. 1992an, esaterako, 500. urteurrenaren ospakizun famatua izan zenean, Caucatik bideratu ziren orduko borrokak, espainiarren etorreraren kontra: “Gobernuak festa handi bat egin nahi zuen eta Caucatik emakumeek, jatorrizko herriek, afroek eta nekazariek kontra egin genion”. Ospakizuna galarazteko errepide nagusia (Panamerikarra) eten zuten urriaren 12an eta errepresio handia jasan zuten horregatik. Hain zuzen, errepidea etetea izan da historikoki beren arma nagusietako bat. 1999an, berriz, lurrak berreskuratzearen aldeko borrokan 26 egunez gelditu zuten trafikoa, gobernuarekin hitzarmena sinatu arte.

Horren aurrean, betiko familia boteretsuak bizi izan dira: Valencia, Negret, Iragorri eta Mosqueratarrak. Erlijio-kongregazio nagusiek ere badituzte komentuak bertan, eta esklaboen salerosketaren gune nagusietako bat izan zen Cauca, Puente del humilladero izeneko zubian, Sernak zehaztu duenez. Gaur egun, jatorrizko herritar zein pertsona afro askok familia boteretsu haien abizen berak dituzte, esklaboek beren jabeen abizenak hartu behar zituzten eta.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbia
Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


2024-11-20 | Leire Artola Arin
Laura Orozco, giza eskubideen aldeko ekintzaile kolonbiarra
“Petrok lau urtetan ez du konponduko Kolonbiako problematika, baina hobetzeko esperantza daukagu”

Zure komunitatean harrapatuta, gainerako herritarrengandik isolatuta. Talde armatuen tiro eta indarkeriaren erdian, lurra eta elikagaiak lantzeko ere etxetik atera ezinik. Halaxe deskribatu du Kolonbiako Chocó departamenduko bizimodua bertako ekintzaile Laura Orozcok... [+]


Sua-sua

Uwa, kamsá, tukuná, uitoto, tikuna, embera, nasa-yuwe, nukak, sikuani, siano, macuna, yuruti, kichwa, achagua, bora, ettenaka. Horiek dira Kolonbian hitz egiten diren hizkuntzetako batzuk. Tamalez, Kolonbian bizi nintzenean, Cundinamarcan, nik ez nuen gure... [+]


Kolonbian zezenketak debekatu dituzte, “No más olé” legearen bitartez

Zezenketez gain, burtzikatzeak, zekorketak eta haztegiak debekatuko dituzte 2027. urtetik aurrera. “Erabaki historikoa” izan dela adierazi du Kolonbiako presidente Gustavo Petrok.


Soka izan

Abenduaren 18an migratzaileen nazioarteko eguna ospatzen da. Iaz Bilboko Alhondigan ekitaldi instituzionala egin zen eragile sozialekin batera, eta ni parte hartzera gonbidatu ninduten. Aukera ezin hobea izan nuen han sortzaile berriak ezagutzeko eta, batez ere, Miren Agur... [+]


Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


Kolonbiako presidenteordeari lehergailuak jarri dizkiote etxe alboan

Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.


2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


2023-01-02 | Leire Artola Arin
Su-etena adostu dute Gustavo Petrok eta bost talde armatuk ekainaren 30era arte

Kolonbiako presidentetza hartu zuenetik “erabateko bakea” izan du helburu Petrok, eta 2023 urtea su-etena sinatuta hasi dute herrialdean: ELNrekin, FARCeko disidentziekin, eta zenbait talde paramilitarrekin hitzartu dute. Ekaina amaitu arte egongo da indarrean,... [+]


“Ezin dugu espazioak bortxatzaileekin partekatzen jarraitu”

Mayra Acunya eta Angela Ocampo, Kolonbiako aktibista feministak eta indarkeria matxistatik bizirautea lortu duten bi emakumezko dira. Herrialde Katalanetan izan dira bisitan, eta La Directa aldizkariak elkarrizketatu ditu: irakurri hemen jatorrizkoa. CC-by-sa lizentziari esker... [+]


Alejandra Miller. Bakea denentzat eraikiz
Etorkizuna dago egia badago

Alejandra Millerrek argi dauka, gatazka baten ostean, mundu guztiarekin hitz egin behar dela. Isilarazitako ahotsak eta narrazioak biltzen saiatu da, besteak beste, Kolonbiako Egiaren Batzordearen barruan, herrialde horretako gatazka armatuak era guztietako emakumeei eta LGTBIQ+... [+]


Eguneraketa berriak daude