Moralesen alderdiko Arcek irabazi bide ditu Boliviako hauteskundeak, kontaketa azkarraren arabera

  • Boliviako Unitel telebistak egindako kontaketa azkarraren arabera, Evo Moralesen MAS alderdiko Luis Arcek irabazi izango lituzke hauteskundeak, botoen %52,4rekin. Bigarren geratutako Carlos Mesak %31,5 aterako lituzke. Datu hauek ez dira ofizialak, baina urtebetez presidente kargua bete duen Jeanine Áñez-ek ontzat eman ditu eta irabazleak zoriondu ditu sare sozialetan. Kontaketa ofiziala mantso doa: urriaren 18 gauerdian %5 zuten zenbatuta eta Hauteskundeetako Auzitegi Gorenak iragarri du emaitza osoak jakiteko egunak behar izan ditzaketela.


2020ko urriaren 19an - 07:21
Argazkia: @LuchoXBolivia.

Boliviako Unitel telebistak Ciesmori etxeari kontratatutako hauteslekuetako inkestari sinesgarritasuna eman diote parlamentuaren herenaren babesarekin urtebetez presidente kargua bete duen Jeanine Áñezek, eta hauteskundeak irabaziak lituzkeen Luis Arcek zein bere alderdikide Evo Moralesek. BBC-k eta El Pais hedabideek dakarte albistea, besteren artean.

 
Lehen itzulian lehendakaritza lortzeko aukerak ditu Arcek

Bolivian bi itzulitan egiten dituzte hauteskundeak. Baldintza hauek emanez gero, ordea, lehen itzulian irabazi ditzake hauteskundeak lehen hautagaiak: botoen %40 eskuratzea eta bigarren hautagaiari 10 puntuko aldea ateratzea.

Arce eta Morales: "Demokrazia berreskuratu dugu"

Luis Arcek adierazpen hauek egin ditu Unitelek hauteslekuetan egindako galdeketaren emaitzak jakin ostean: "Demokrazia eta itxaropena berreskuratu ditugu. Lan egiteko konpromisoa dugu, gure programa aurrera ateratzeko". Sare sozialetan mezu hau zabaldu du: "Oso eskertuta gaude herri boliviarraren babes eta konfiantzarekin. Demokrazia berreskuratu dugu eta egonkortasuna eta bake soziala hartuko ditugu. Elkartuta, duintasunez eta burujabetzaz".

Argentinan errefuxiatuta dagoen Evo Moralesek ideia bera azpimarratu zuen prentsaren aurrean: "Demokrazia berreskuratu dugu. Aberria berreskuratu dugu". Sare sozialetan mezu hau zabaldu du: "Anai-arrebok: Herriaren borondatea ezarri da. MAS-IPSPren garaipena irmoa da. Gure mugimendu politikoak gehiengoa izango du bi ganbaretan. Milioiak itzuli gara, orain duintasuna eta askatasuna itzuliko dizkiogu herriari".

Hauteskundeen aurreko gakoez idatzia du Lander Arbelaitzek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bolivia
“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2022-09-06 | ARGIA
Deforestazioaren eraginez Amazoniak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute

Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Aurrekaria Hego Amerikan
Boliviako presidente auto-izendatu zen Añezi hamar urteko espetxe zigorra, estatu kolpea ematea egotzita

Asteburuan aurrekaria ezarri dute Bolivian estatu kolpea ematen saiatzen direnentzat, hamar urteko espetxe zigorra ezarriz Jeanine Añez senatari ohiaren, Williams Kaliman Indar Armatuetako komandante ohiaren eta Yuri Calderon Poliziako komandante ohiaren aurka.


2021-11-09 | Leire Artola Arin
Ketxua hizkuntza biziberritzeko plana osatzen ari dira Bolivian, Garabideren parte hartzearekin

Bolivian izan dira Garabide elkarteko hiru kide, plan estrategikoa prestatzeko lehen saioetan, eta euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dizkiete ketxua komunitateko kideei.


Eguneraketa berriak daude