Ez dira gutxi azken boladan euskara bere onenean ez dagoela eta bere transmisioa bermatuta ez dagoela ohartarazten ari diren ahotsak. Bestetik, inork ez du ukatzen hezkuntzak ezinbesteko betebeharra duenik euskara eta euskal kulturaren biziraupenerako. Erronka estrategikoa bezain ilusionagarria da eta dudarik gabe denon bultzada eta elkarlana beharko du.
Euskal Herriko ikastoletako zuzendariok berriki euskararen egoeraren inguruko Iñaki Iurrebasoaren hitzaldia aditzeko parada eduki genuen. Zantzu guztiak negatiboak ez badira ere, gehienak oso kezkagarriak dira: euskararen ezagutza handitu arren, gaitasunean ahul gabiltza (guztiz elebiduna den biztanle taldea ez da handitzen eta euskaraz erdaraz baino hobe moldatzen den hiztun kopurua murriztuz doa); erdalduntze prozesua euskalduntzearena baino askoz indartsuagoa da hizkuntza hegemonikoen aldeko joerak gehienetan nagusituz, eta euskararen erreferenteak diren arnasguneak agortzen ari dira eta estres egoera bizi dute. Hala eta guztiz ere, euskal hiztunen komunitateak kontzientziazio maila altua dauka; testuinguruak ez lagundu arren, familia eta eskola eremuak transmisioaren gotorlekuak dira, eta euskaraz dakiten gehienak gazteak izanik, iraultza demografikoa lortu dugu. Hortaz, euskara bidegurutzean dagoela esan dezakegu eta euskal jendartean zein mundu mailan gertatuko diren hurrengo aldaketak ez dira izanen euskara eta hizkuntza gutxituen mesederako ziurrenik.
Ezin dugu ahaztu Nafarroa Garaian hamar ikasletatik seik ez dutela inongo harremanik ikasketa prozesu osoan bertako hizkuntza den euskararekin, arnasguneetan ere euskararen erabilera soziala ahultzen ari dela
ELEN Europako Hizkuntzen Sareak adierazi berri du euskarak eta euskal hiztunen komunitateak “larrialdi linguistikoa” bizi dugula eta Euskalgintzaren Kontseiluak, egoeraren premiaz jabetuta, larrialditik indarraldirako indar metaketa egitera hots egin digu. Era berean, Nafarroa osoan hizkuntza-eskubideak berma daitezen aldarrikatu du. Ezin dugu ahaztu Nafarroa Garaian hamar ikasletatik seik ez dutela inongo harremanik ikasketa prozesu osoan bertako hizkuntza den euskararekin, herrialde honetako arnasguneetan ere euskararen erabilera soziala ahultzen ari dela, administrazioak maizegi euskara bere etxean bertan arrotz balitz bezala hartzen duela eta hiztunen hizkuntza-eskubideak etengabe urratuak izaten direla.
Gauzak horrela, begi-bistan da euskarak behar dituela bere suspertze kualitatiboa ahalbidetuko luketen hizkuntza-politika aktiboak bezain eraginkorrak eta prozesua babestuko lukeen lege marko sendoa. Baina ezin gara begira gelditu euskararen normalizazioa bultzatuko duten ekimenak instituzioetatik berez etorriko direlakoan. Beste behin ere, herrigintza eta herri ekimena funtsezkoak izanen dira euskara arnasberritzeko eta administrazioa xaxatzeko behar den norabidean erabakiak har ditzan. Euskalgintza eta jendarte inplikazioari esker lortu zen 1960ko hamarkadatik aurrera egondako euskararen susperraldia eta horri esker ere, gure egungo egoera ez da are kaxkarragoa. Nabarmentzekoa da eskolaz eskola eta ikastolaz ikastola hezkuntza komunitateen lan eta izerdiari esker, hamaika oztoporen gainetik eta ia baliabiderik gabe, joera iraultzeko egin den eta egiten den ahalegin erraldoia. Euskararen aldeko herri apustuak eragile sozial guztien elkarlan estua eta inplikazioa behar da, kontrako korrontea sendoa baita. Hala ere, badira kinka honetan gure arteko lubakietan elkarri mokoka aritzea lehenesten dutenak. Ez gara ohartzen ondokoaren zilegitasuna kolokan jartzen dugun bitartean arrabola gainetik pasako digutela? Ahazten zaigu estaturik gabeko herria garela, euskara hizkuntza gutxitua dela eta estatu espainiar eta frantsesak ezarritako curriculum eta publikotasun eredu zentralistek ez dutela helburu gure herriaren beharrei erantzutea?
Utz diezaiogun betiko larrean etengabe bueltak emateari. Argi dezagun euskal hezkuntza sistema burujabe helburu, izaera desberdineko idiak izanik ere, nor dagoen prest gurditik aurrera tira egiteko eta zeini interesatzen zaion tira egiten duen iditakoren bat akabatzea. Euskararen gurdiak aurrera joko badu, bi idi indartsu beharko dira elkarren ondoan tiraka eta ez elkarri ostikoka.
Jagoba Arrasatek Nafarroa Arenan bertsotan abestu zuen bezala: “Euskara eta Nafarroak elkarren beharra dute”.
Iñigo Orella Altzueta, Sakanako Andra Mari Ikastolako zuzendari pedagogikoa
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu
Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.
Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]
Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]
Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]
Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]
Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]
Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]
Gizakia kosmosa da. Kosmosa, mundua ez da gizakiarena, askotan hala dela ematen badu ere.
Udako solstizioan, egunez eguzkiak itsutu egiten gaitu duen argiaren indarrarekin, baina gauak ederrak dira, zeruan izar dirdiratsuak kabitu ezinka ikusten ditugunean. San Juan suaren... [+]
"Saharar erradikalizatuek Estatu Islamikoaren burutza hartu dute Sahel-en". Izenburu asaldagarria, berriki argitaratua, baina hasierako asalduratik harago, testuaren irakurketa eta analisi sakonago bat eginda, honako ondorio hauek atera daitezke.
Kezka, ezinegona eta... [+]
Aurrean duzunak min ematen badizu, ez begiratu aurrera. Muturren aurrean duguna saihesteko logikoa dirudi, ezta? Zer ikusiko ote du gutako bakoitzak albo aldera so egiten duenean? Beharbada, miope batek betaurreko bila ikusten duen antzeko zerbait.
Miope bezain itsu,... [+]
Gu gara euskara. Euskara gure baitan bizi da. Guk biziarazten dugu. Euskara bizi dugu eta euskarak bizi gaitu. Guk elikatzen dugu eta gu elikatzen gaitu. Euskara gara. Euskara egiten dugunean euskarak egiten gaitu. Guk dugu, euskarak gaitu.
Euskararik gabe ez gara, eta hori... [+]
Barau kolektiboak beti erdaraz izaten ziren, baraualdi bat euskara hutsean antolatzen hasi ginen arte. Irakurketa dramatizatuak taldean, abestu, dantzatu, arnasketa kontzientea, masaje trukaketa, Bergarako igerilekura jaistea, kanten liburuxka... eta pilota partiduak.
Aurten,... [+]
Zenbat min jasan dezake bihotz batek?
Zenbat aztarna sentitu dezake azkenengo bihotz-taupadara arte?
Jaiotzen garenetik, min desberdinak sentitzen ditugu. Desilusioak eta arazoak, gero eta helduago garenean, orduan eta jasanezinagoak bihurtzen dira.
Jolasa bukatzea... [+]
Askotan hitz egin izaten da (dugu) banketxeen inguruan, kritika askoren jo-puntuan jarriz behin baino gehiagotan. Inor gutxi ezagutzen dut banketxeei buruz zerbait txarra esan ez duenik… baina, era berean, inor gutxi ezagutzen dut banketxeen zerbitzurik erabiltzen ez... [+]