Euskara erdigunean jartzeko konpromiso zehatzak hartu dituzte Aiaraldeko hamabi ikastetxek

  • Urtebete baino gehiago eman dute hausnarketa prozesuan Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin batera, eta agerraldi bateratua egin dute ateratako ondorioak plazaratzeko. Familiak eta erakunde publikoak ere interpelatu dituzte. 


2025eko uztailaren 02an - 07:50
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Jendartean "aldaketa sakonak" egon dira eta horren eragina ikasgeletara iritsi da, "euskalduntzea bera arriskuan" jarriz. Hala adierazi dute Aiaraldeko 12 ikastetxetako ordezkariek 'Euskara gabe ez gara' lelopean eginiko agerraldi bateratuan. 

Baieztapen horiek ez dituzte ezerezetik atera. Urtebete baino gehiago eman dute hausnarketa prozesuan murgilduta, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin batera osatutako Hezkuntza Foroaren bidez. Eta ondorioak ez dira baikorrak: egoera larria dela ohartarazi dute, ikastetxeek bakarrik ezinezkoa dutelako ikasleak euskalduntzea. Nabarmendu dutenez, hizkuntza bera menderatzea kolokan jartzen ari da gaur egun. 

Egoera "gordin" horren aurrean, "autokritika" egin nahi izan dute hezkuntza zentroek. "Euskararen egoera ez da nahi bezain baikorra, eta, askotan, eskolako notetan ere makillatu egiten da errealitatea, maila apalagoa baita eta zailtasunak baitaude", ziurtatu dute. 

"Euskararen egoera ez da nahi bezain baikorra, eta, askotan, eskolako notetan ere makillatu egiten da errealitatea, maila apalagoa baita eta zailtasunak baitaude", ziurtatu dute

Euren hitzetan, jaitsi egin da euskararekiko atxikimendua ikasle, irakasle eta familien artean. "Eskolaz kanpo euskararekin harremana eskasa da oro har aisialdian, harremanetan eta pantailetan", aitortu dute. 

Hala ere, ez diote etsipenari tarterik utzi nahi izan. Kontrara, "elkarrekin ekiteko unea" dela aldarrikatu dute, "euskararen etorkizuna indartzeko eta biziberritzeko". 

Konpromiso zehatzak

Ez dira hitzetan geratu. Konpromiso zehatzak hartu dituzte hezkuntza zentroek, "euskara erdigunean" jarri eta "era sistematikoan" lantzeko. 

Ildo horretan, beharrezkotzat jo dute saio monografikoak sortu eta hezkuntza programan txertatzea, "idazketa eta ahozkotasuna lantzeko". Horrez gain, "atxikimendua eta lotura emozionala" lantzeko beharra ere jarri dute mahai gainean, baita euskal kulturaren transmisioa indartzeko ere. 

Horretarako, hamabi zentroek bat egin dute 2024ko urrian Hernaniko Ikastetxeek plazaratutako dekalogoarekin: 

  1. Hizkuntza gaitasunak eta joerak lantzeko ikasgai guztiak eta ikastetxeko jarduera guztiak hartuko ditugu kontuan.
  2. Euskal hiztun aktiboak sortu nahi ditugu, ez dugu nahikotzat hartuko euskara irakastea.
  3. Euskararen soziologia emango diegu ikasleei, hots testuinguruan jarri.
  4. Kulturartekotasuna hizkuntza eta kultura gutxituen ardatzetik landuko dugu.
  5. Euskararen erabilera sustatu eta babestuko duten espazioak sortuko eta lanketa sistematiko eta sakona egingo dugu.
  6. Euskaldun izatearen harrotasuna landuko dugu.
  7. Curriculumean euskal dimentsioa jorratuko dugu.
  8. Euskararen Herria, Euskal Herria, kontuan hartzen duten baliabideak erabiliko ditugu. Euskal curriculuma erreferente izango dugu.
  9. Euskarazko kulturgintzaren zaleak sortzeko lan egingo dugu.
  10. Euskara hezkidetzarekin batera landuko dugu zeharkakotasunez.

 

Familia eta instituzioei interpelazioa

Ikastetxeko eguneroko jardunetik harago ere jo dute manifestuan, euskararekiko harremana eskolara mugatu behar ez dela aldarrikatuta. 

Bide horretan, familien inplikazioa "ezinbestekoa eta determinantea" dela nabarmendu dute, eta bost eskakizun zehatz egin dizkiete:

  1. Seme alabek euskararekin harremana izatea bermatu eskolatik kanpo ere.
  2. Euskaraz kontsumitu: aisialdian, kulturan, hedabideetan...
  3. Euskararekiko interesa eta aldekotasuna azaldu.
  4. Euskararen aldeko ekimenak babestu eta parte hartu.
  5. Garrantzia eman etxean hizkuntzari eta euskarazko materialak izan bertan.
  6. Hizkuntza portaeretan gurasoak eredu izan behar dute.

Baina ez dira horretara mugatu. Instituzioetan ere jarri dute begirada, eurak inplikatzea ere ezinbestekoa dela iritzita. Hezkuntza profesionalen eta hezkuntza komunitatearen iritzia kontuan hartzea eskatu diete erakundeei, euskara politikak garatzerako orduan. Horrez gain, baliabide gehiago eskatu dituzte euskalduntzearentzat eta hezkuntzarentzat, hori "udal aurrekontuetan islatu beharra" dagoela nabarmenduta. 

Bide horretan, 10 konpromiso zehatz hauek eskatu dizkiete udalei eta bestelako erakunde publikoei:

  1. Hezkuntzara bideratutako udal aurrekontua aurrekontu osoaren % 5 izatea.
  2. Euskara sistematikoki bultzatzea, helburu zehatz eta mailakatuekin.
  3. Euskara zehar-lerroa izatea udalean, egiten den orok euskararen irizpidea presente izan dezan.
  4. Kanpaina puntualak ez dira eraginkorrak, iraunkorrak eta epe luzekoak behar dira.
  5. Helduen euskalduntzea guztiz doakoa izatea bermatzea.
  6. Euskarazko aisialdi doako eskaintza bat bermatzea eta kirolean entrenatzaileak euskaldunak izatea bermatzea.
  7. Etorri berrien euskalduntzean laguntzeko baliabide eta doako laguntza programa sendo bat eratzea ikastetxeekin elkarlanean.
  8. Etorri berrientzako harrera protokoloak eratzea euskararen ikuspuntutik.
  9. Haur, nerabe eta gazteentzako eskaintzak euskaraz izan behar du.
  10. Ikastetxeetara zerbitzuak edo ekintzak bideratzean, espazio euskalduna direla errespetatzea eta hori ez urratzea.

ATXIKIMENDUA EMAN DUTEN IKASTETXE ETA ENTITATEAK

Zabaleko Ikastetxea,  Zaraobe Institutua,  Mendiko Eskola, Amaurre Ikastetxea,  Aresketa Ikastola, Arteko Gure Ama Ikastetxea,  Urduña Herri Eskola, Arrankudiagako Eskola, Okondo Eskola, Laudio Ikastola, Latiorro Ikastetxea eta Areta Herri Eskola dira manifestua sinatu duten zentroak, eta euskalgintzari edota hezkuntzari lotutako beste erakunde batzuen babesa izan dute. 

“Pauso zintzo hau egitera ausartu diren ikastetxeak zoriondu eta erakutsitako konpromisoa eskertu” du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, eta prozesu sakon baten emaitza izan dela nabarmendu du.
Honako pertsona hauek hartu dute parte manifestua aurkezteko agerraldian:

  • Naiara Merino - Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko lehendakaria
  • Itxaso Ugarte - Aresketa ikastolako zuzendaria
  • Leire Aspiazu - Mendiko eskolako Zuzendaria
  • Eneko Albarran - Zabaleko eskolako zuzendaria
  • Iñigo Lopez de Santiago - Zaraobe Institutuko zuzendaria
  • Maria Ibarrola - Zaraobe Institutuko irakaslea
  • Enartze Larrakoetxea - Urduña Herri Eskolako zuzendaria
  • Aitziber Zubiaur - Urduñako Herri Eskolako irakaslea
  • Jon Bengoetxea - Laudio Ikastolako zuzendaria
  • Itziar Elortegi - Arrankudiagako Eskolako zuzendaria
  • Naiara Atxa - Arrankudiagako Eskolako irakaslea
  • Inma Bilbao - Gure Arteko Amako irakaslea
  • Gemma Corbella - Okondoko Eskolako zuzendaria
  • Txetxu Urkijo - Areta Herri Eskolako zuzendaria
  • Maria Menoio eta Leire Robina - Amaurre Ikastetxeko irakaslea
  • Ainara Martinez, Gorane Gonzalez, Bego Jimenez eta Eider Fuentes - Latiorro Ikastetxea
  • Josu Zabala - Basalarrina elkartea
  • Iñaki Ibarluzea - Aiara eta Amurrioko AEK
  • Bego Macias eta Asier Amondo - Laudioko AEK
  • Aritz Lili - Aiaraldeko Ekintzen Faktoria
  • Aitziber Alava - 24 elkartea
  • Pablo Mas eta Janire Estrada - Mendiko Eskola IGE
  • Saioa Aramendi - Arrankudiaga Eskolako IGE


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Euskararen etorkizuna "jokoan" dagoela ohartarazi dute Donostian

Mugikortasun agenteen euskara eskakizunaren sententzia salatzeko, Egiako Justizia jauregiaren aurrean elkarretaratu dira Donostian.


2025-09-16 | Jon Torner Zabala
On.eus ataria sortu dute Ipar Euskal Herriko eragileek, euskararekin laguntzeko

"Ez da izango hainbeste iritziz beteriko webgunea, laguntzarako baliabideen bilduma baizik", azaldu digu Arantza Egigurenek, On.eus webgunearen arduradunetako batek. Astearte goizean aurkeztu dute Baiona Ttipian, On! sorgunean. Erabiltzaileak lau multzotan banatu... [+]


Euskalgintzarekin zubi lanak berreraiki nahi ditu EEPko zuzendari berriak

Ttitto Betbeder Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari berriaren ustez kontzertazioa sustatu behar da euskalgintzarekin eta aholku batzordea biziarazi berriro.


2025-09-15 | Euskal Irratiak
Frantziar gobernua gabe baina elkarteen sustenguarekin iragan da EKEren administrazio kontseilua

Eztabaida gutirekin baina herriaren indarrarekin egin du bere administrazio kontseilua Euskal Kultur Erakundeak irailaren 13 honetan. 70 eta 80 elkarteen ordezkaritza hurbildu zen mobilizaziora, baina suprefeta eta DRACa gabe egin behar izan dute.

 


2025-09-12 | Sustatu
Euskararen Kultur Erakundea arriskuan finantzazio murrizketagatik; elkarretaratzea larunbatean

Euskal Kultur Erakundeak (EKE), Ipar Euskal Herriko euskarazko kulturaren eragile garrantzitsuenak, arriskuan dauka bere burua, eta elkarretaratze deitu du larunbaterako Uztaritzen. Frantziako Estatuaren laguntzetan 30.000 euroko murrizketa jasan dute 2025ean (udan jakinarazia),... [+]


Baionako merkatuan euskaraz eta gaskoiz aritzeko kanpaina abiatu dute

Orain Baionako merkatuko saltzaileek afitxa bidez jakinarazten dute euskaraz eta gaskoiz aritzeko prest direla. Baionako Herriko Etxeak duela bi urte abiatutako euskara plangintzaren ildotik ekintza abiatu du.


Ez Ferreirak, ez Bengoetxeak, ez Perezek

2024ko irailaren 11n, "Lortzear ote gaude?" izeneko artikulua argitaratu ziguten hainbat hedabidetan. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun... [+]


“Gasteiz Euskararen Hiria ekimena euskara erdigunean jartzeko eguna da”

Larunbat honetan Gasteiz Euskararen Hiria ekimenak hartuko du Gasteizko Andre Mari Zuriaren plaza. Goizean hasi eta gauera arte, “euskararen aldeko festa handia” izatea nahi dute euskalgintzako eragileek, kirol jarduerak, kultur emankizunak edo arratsaldeko... [+]


2025-09-10 | Imanol Epelde
Berriketa gutxi
Euskal. Jai.

Aste honetan, etxeko lanak jarriko dizkizuet. Hori gertatzen zaigu urte luzetan irakaskuntzan aritu garenoi: dena bihurtzen dugu arbel, etxeko lan eta ikas-egoera. Demagun euskal jai bat antolatu behar dugula herrian. Zer egitarau proposatuko dugu? Nola ospatu, dantzatu eta... [+]


2025-09-10 | Kanaldude
Su eta Gar izarrak
MULTIMEDIA - solasaldia

'Su eta Gar' musika talde baten izen bezala ezagutzen duzu? Orain, exoplaneta baten eta bere izarraren izena ere badela jakinen duzu. 'GJ 486' izarra, Virgo konstelazioan, eguzkitik 27 argi-urtera dagoen nano gorri bat da eta bere inguruan Lurra baino hiru aldiz... [+]


‘Esnatu ala hil’, kaleko euskaltzaleentzako liburua ondu dute Goikoetxeak eta Iurrebasok

Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]


2025-09-08 | Ahotsa.info
Bideoa: Labaren irekiera festa ospatu dute Iruñean

Labaren itzulera ospatzeko festa antolatu dute egun osoan zehar. Broken Brothers Brass Band-en kalejirak Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ditu Estafetaraino, ondoren lehiotik kantua izan da Amets Aranguren, Julen Goldarazena Flako, Idoia Tapia eta Oier Zuñigaren eskutik; eta... [+]


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Eguneraketa berriak daude