"Euskaltzaindia ez da matxista, baina bada euskaltzain matxistarik oraindik ere"

  • Erretiroa hartuta badago ere, agenda arazoak ditu oraindik Lourdes Oñederra fonologialariak. Euskaltzaindiko ahoskera-batzordeko buruak hilabete osoko oporraldia hartuko du "aspaldiko partez", baina tartea atera du ALEArekin hitz egiteko.

Euskaltzaindiko ahoskera-batzordeko burua da Lourdes Oñederra. / Jon Altza

2021eko uztailaren 26an - 07:29
Azken eguneraketa: 09:32

EHUn fonetika eta fonologia eskolak ematea izan da urte luzez Lourdes Oñederraren (Donostia, 1958) zeregin nagusia, baina horrek ez dio eragotzi bestelako alorretan ere aritzea, hala nola euskaltzain, artikulugile edota fikziozko idazle. Hizkuntzaren ahoskera(k) eta horri buruzko araua(k) dira bere pasioa eta, erretiroa hartuta ere, ez du hori uzteko itxurarik. Luze eta sakon aritu da elkarrizketan Euskaltzaindiaz, euskararen doinuez eta ahoskerez, bere ibilbideaz…

Koldo Mitxelenaren ikaslea izan zinen, Txillardegiren oinordekoa... Ez al zen ardura handiegia gaztetan?

Koldo Mitxelena doktorego ikastaroetan bakarrik izan nuen irakasle eta tesi zuzendari ere bai; hain zuzen ere nire tesia izan zen Mitxelenak zuzendu zuen azkena. Txillardegi bai izan nuen irakasle karrera garaian, dialektologia ematen zigun. Ez dut inoiz nire burua haren oinordekotzat hartu, baina egia da euskal fonologia irakasten hasi nintzenean bere Euskal Fonologia argitaratu berria izan zela gure oinarri nagusienetako bat.

1982an hasi zinen lanean Gasteizko Letren Fakultatean. Ordutik, zer zara gehiago Donostiako gasteiztarra edo Gasteizko donostiarra?

Biak, argi eta garbi. Niri pluralak gustatzen zaizkit, singularrak baino gehiago. Ezin dut aukeratu.

2007an izendatu zintuzten euskaltzain. Zer suposatu zuen horrek?

Ikara. Lehenago beste bizpahihru alditan esan zidaten Hendrike Knorrek-eta nire izena proposatuko zutela, baina ez zuen aurrera egin. Beraz, ez nuen sinesten. Ez zidan poz handirik eman, hizkuntzalari batentzat araugintzan aritzea antinaturala delako: hizkuntzalaria izanda, interesatzen zaizu hizkuntza bere horretan, bere aldaerak, bere aldagarriak, hiztunak… Eta araua eta estandartzea, hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik, erabat artifiziala da. Beste gauza bat da pentsatzea beharrezkoa dela, hizkuntza gutxitu batean, euskara dagoen egoeran, areago, baina ez dut esango gustura hartu nuenik.

"Oso zaila da araugintza; bokaziozko hizkuntzalari batentzat, desatsegina"

Esan daiteke bestelako bide bat hartu duela Euskaltzaindiak azken urteetan? Alegia, arauemaile izatetik, hizkuntzaren erabileraren bilakaera behatzera?

Ni sartu naizenetik, behintzat, beti ikusi izan dut Euskaltzaindiak kasu egiten diola erabiltzen denari, gauza gutxienak direla erabat debekatzen dituenak eta aholkuak arau bihurtzen dituela arrakasta izan dutenean. Hala dela pentsatu nahi dut behintzat. Hain zuzen ere horrenbeste kexa sortzen duten aldaketak horri dagozkio, gertatzen dena begiratzeari... Sinetsi nahi nuke beti hala dela. Pentsatzen dut hankasartzeak ere egongo direla... Xelebrea da nola eskatzen zaion arazoak konpon ditzan, deseroso zaizkigun zalantzen aurrean, baina bakoitzak nahi izaten dugun gure aukera bedeinka dezan. Oso zaila da araugintza; bokaziozko hizkuntzalari batentzat, gainera, desatsegina.

Euskaltzaina izanik, askatasunez kritikatu izan dituzu bertan hartutako erabakiak, hala nola Euskaltzaindiak arautu nahi izan zuen izenen banaketa maskulinoa eta femeninoa...

Bai, hori orain aipatu ditugun hankasartze horien artean jarriko nuke nik. Bide batez, argitu nahi nuke ez nintzela izan protesta egin zuen bakarra. Gainerako linguistak ere kontra agertu ziren. Badakizu Euskaltzaindian ez garela denok hizkuntzalari. Hori berez ona da, euskalarien gizartea islatzen delako. Beste hizkuntz akademietan ere hala izaten da. Bestalde, ordea, arazo handi bat sortzen da ez direlako nahitaez irizpide linguistikoak irabazle zenbait erabakitan, alegia ez da hizkuntzaren nolakotasuna bera aintzat hartzen, ezagutzarik ezagatik. Antzeko zerbait gertatu zen "kultur etxe" bezalakoen gainetik "kultura etxe" bezalakoak lehenetsi zirenean. Ez zen "-a" hori kentzeak euskal konposaketan betetzen duen funtzio morfo-fonologikoa kontuan hartu, inor ez zelako gogoratu ere egin morfofonologiaz, ziurrenik... Izenen generoarekin antzeko zerbait gertatu zela esango nuke.

Erakunde matxista al da oraindik Euskaltzaindia?

Ez da erakunde matxista, baina bada euskaltzainen artean matxistarik oraindik ere, inolako kontzientziarik ez dutenak normaltzat hartzen dituzten ideia eta jarreren matxismoaz. Esan behar nuen kide feministak ere badaudela, baina sinpleegi litzateke matxistak alde batera eta feministak bestera jarriko lituzkeen marra bat irudikatzea. Gizartea eta historia direnak dira eta geure buruak feministatzat ditugunak ere badugu zer hobetu. Etengabeko ikasketa da feminismoarena, baina oraindik ere feminismoa emakumeei abantailak ematea dela pentsatzen (sinesten esan beharko nuke) lehen ikasgaia ere ez dute bereganatu oraindik. Zoritxarrez, bai, bada halakorik euskaltzainen artean.

1993an hasi zinen ahoskera kontuetan, eta antzerkiarekin lotura handiagoa duela uste duzu, gramatikarekin edota bestelako edozein alorrekin baino.

1993an alderdi arauemailetik begiratuta! Bestela, irakasle eta ikerlari gisa baziren dozena bat urte baino gehiago horretan nenbilela. Pentsatzen dut horregatik deituko nindutela Euskaltzaindiaren Ahoskera Batzordea abiatu zenean 1993an... Antzerkiarekin lotzeko ideia hori ez zen arrakastatsuegi gertatu orduan, eta oraindik ere kostatu egiten da mundu akademikoan, zabal hartuta, ulertzea. Labur esanda, kontua da ahoskera buruan abiatu eta gorputzaz gauzatzen den zerbait dela, antzeztea bezala. Gramatika eta hiztegia buruz ikasi eta buruan gordetzen dira, gero ahoskeraren bidez –batez ere– ateratzeko edo ez. Euskara ikasten dutenek edo, euskalki batetik abiatuta, batua ikasten dugunok ikasi behar dugu lehendik ez geneukan partitura baten arabera kantatzen, antzezten, gauzatzen hizketa.

Lourdes Oñederra. (Argazkia: Jon Altza)

1998an eman zen argitara Euskara Batuaren Ahoskera Zainduaren araua; egindakoak egin ondoren, zer puntutan gaude?

Hura ondo azaldu eta ulertu beharrean. Orduko testuinguruan jarri eta zertarako egin zen pentsatu behar da. Ez da inondik ere pasa diren urte mordoak pentsaraz lezakeena bezainbat zahartu. Berez, hitzaurreak eta urte hartan ateratako beste zenbait artikulu irakutzen badira, esango nuke ez duela gaurkotasunik galdu. Agian xehetasun batzuk hobeto azal genitzake. Baina gehien axola duena da hor ematen diren arauak ez direla buruz ikasi beharreko agindu gisa ez ikasi ez irakatsi behar eta, oso gauza garrantzitsua: hizkera zainduarekin batera bestelako hizkerak ere bizirik izan behar ditugula. Hizkera arduragaberik gabeko hizkera zaindua absurdoa da, eta alderantziz: hiztun pobreen hizkuntza areago pobretzeko modua. Euskarak, hizkuntza osoa izateko hiztun osoak behar ditu eta horrek esan nahi du erregistroak bat baino gehiago izan behar dutela. Horretan gabiltza edo ibili behar genuke, behintzat.

Azentuaz, esan izan duzu, hizka ahoskatu baino, esaldi edota hitz-multzoka "kantatu" beharko genukeela; badago hori sistematizatzeko modurik?

Euskaraz erritmoaren funtsa ez dago azentuetan, silabetan baizik. Julia Marinek ematen dituen ikastaroetan, antzerki-eskoletan mundu osoan egiten diren ikasketetan, jendeak bereganatzen du hitzei eta egitura gramatikalei errealitate foniko egokia ematen. Gramatika edo hiztegiak ikasteko erabiltzen diren ohiko metodoak ez bezalakoak dira, baina metodoak dira eta beren sistemak dituzte. Buruz ikasitako hitz eta egiturak ahoz esatean, ikasleek maiz hitz bakoitzeko azentu bat ematen dute, euskara batuaren edo euskaldun berrien hizkeratzat hartzen den hori. Ahal dela gainditu egin behar dugu hori, hiztun berriei ere doinu eta erritmo zaharrak hartzeko bidea ireki behar diegu. Horretarako ziurrenik egokiago dira antzerkian, kantan eta halakoetan dabiltzan adituak hizkuntzalari eta filologialariak baino, alegia guk ere horiengandik ikasi behar genukeela hizkuntza irakasle oso izan nahi badugu.

Kexu zara Euskaltzaindiak behar besteko arretarik ez diolako ipini ahoskerari...

Ez Euskaltzaindiak eta ezta beste edozein eremu akademikok ere, hizkuntzalariak barne askotan eta zoritxarrez. Gorputzaren garrantziak pisua kenduko balio bezala, intelektual askoren mentalitatean. Zaila da ahoskera ikas eta irakastea, desberdina delako. Erosoagoa da testuez, gramatikaz, eta abarrez aritzea. Ahoskera bizia eta harrapagaitza da, etengabe aldakor. Bestalde, irakaskuntzaren aldetik askotan jokatzen da berez ikasi ahal izango balitz bezala, gramatika eta hiztegiak lantzen dira azterketetarako, salbuespenak salbuespen. Ez da euskarari bakarrik dagokion gaitza, baina euskararen kasuan alemanarenean baino ondorio orokor larriagoak izan ditzake. Egia da gramatika eta hiztegia menperatzarekin hiztuna gai dela gauzak esateko. Bai, baina nola? Euskaraz, gainera, nola fonemak ez diren letren itxuretatik gehiegi aldentzen, ba, tira...  ematen du ahoskerarena "gratis" ateratzen dela. Baina kontuz, hots "zailetan" jarrarazten bazaio arreta ikasleari ("tt", "z/s"), okerrago! Gaixoak nor-nori-norkarekin aski ez eta gainera hots horiek! Totelka hasiko da eta hizkuntza latz edo beldurgarri gertatuko zaio. Testuak irakurriaz, antzeztuz-eta jorra daitezke bai azentu eta erritmoak, bai hotsak, bai hiztegi eta gramatikak.

Euskararen "erdaratzea" gertatzen ari dela esan izan duzu eta, aldi berean, ez dela arau gehiagorik behar. Nola uztartzen dira?

Nik ahoskera arauez esan izan dut hori, baina ausartuko nintzateke pentsatzera gainerakoetan ere hobe dela arauak ahal bezain gutxi baina ondo ulertuak izatea. Hiztun bat arau asko bete beharrean, arau horiek guztiak ahal bezain ondo buruan gorde nahian, ez da libre hizkuntza bere tresnatzat erabili eta baliatzeko. Bera da hizkuntzaren tresna nolabait. Arau gehiago eskatzeak oposizioetarako gai gehiago jartzea gogorarazten dit, gauzak zailtzea ez-dakit-zer erakusteko? Uste dut arauak batez ere irakasle eta aztertzaileoi gustatzen zaizkigula. Denok egin behar genuke beste hizkuntza bat benetan ikasteko ahalegina hori bizitzeko. Egia da arauek ziurtasuna ere ematen dutela, bidea egiteko, baina kontua da ondo ulertzea daudenak. Ahoskerazko kontu funtsezkoenak (maila aniztasuna, erritmoa, aldakortasuna) ezin dira arauz ikasi.

Akademian aritu zara, baina baita idazle ere, fikzioan; orain erretiroa hartuta, berriz ekingo diozu alderdi horri?

Ez dut inoiz utzi erabat, baina egia da fundamentuz idatzi ahal izateko hartu nuela aurre-erretiroa, eskolak uzteko pena handiz. Duela hamar-bat urte diagnostikatu zidaten osasun arazotxo bat zaintzeko behar dudan denboragatik, ez nituen ateratzen astean zehar testuak lantzeko behar diren gutxieneko ordu horiek, asteburuak erabilita ere! Ea taxuzko zerbait egiteko gauza naizen, baina fonologiazko liburu bat ere zintzilik daukat...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Eguneraketa berriak daude