Euskal udalekuak: mundua bestela habitatu

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gure alaba nagusia Euskal Udalekuetara joan zen lehen aldian, 2019an, eraldatuta itzuli zen. 15 egunetan hazi egin zen, eta ez fisikoki bakarrik; arrunt pozik zetorren, hunkituta eta bere abenturak kontatzeko gogo handiz; ezin genion jarraitu, horren azkar hitz egiten zuen. Lagun anitz egin zituen, Euskal Herriko txoko guztietakoak, eta une magikoak bizi: ibilaldiak naturan, dibertsioa barra-barra, gaualdi amaigabeak… Hitz zoragarriak besterik ez zituen begiraleei buruz; izan ere, handitan berak ere begirale izan nahi zuela esan zigun. Eta hori zioen, nahiz eta “lan eginarazi” zieten egunero: mahaia jarri, komunak garbitu eta abar.

Ondoren, beste bost urtetan errepikatu du. Gure alaba gazteena ere, poz-pozik bueltatu zen Bernedotik, autobusetik jaitsitakoan begiraleei emandako besarkada amaigabeak gogoratzen ditugu.

Guraso bezala ikusi duguna da begiraleek alabak zaindu eta entzun dituztela, eta beren denbora eskaini eta ahaleginak egin dituztela udalekuetan haurrek eta gazteek esperientzia paregabea bizi dezaten

Behin, alaba nagusiaren bila joan behar izan genuen Bernedora, udalekua amaitu baino ordu batzuk lehenago, familia hitzordu bat genuelako. Begirale gehienak garbiketa lanetan ari ziren, eta beste batzuk haurrekin igerilekuan azken goiza partekatzen. Oso momentu berezi baten lekuko izan ginen. Talde osoa, haurrak eta begiraleak, korrika hurbildu zen alaba agurtzera, abesti, malko eta besarkada artean; une benetan hunkigarria izan zen, gu ere udalekuaren parte izango bagina bezala. Lan boluntarioa eta ekarpen handia egiten zutela jakitun, begirale bati eskerrak eman genizkion. Eta haren erantzunak harritu gintuen: “Milesker zuei, konfiantzagatik”.

Guraso bezala ikusi duguna da begiraleek alabak zaindu eta entzun dituztela, eta beren denbora eskaini eta ahaleginak egin dituztela udalekuetan haurrek eta gazteek esperientzia paregabea bizi dezaten, halaber, munduari so egiteko eta mundua habitatzeko beste molde batzuk daudela erakusteko.

Nausica Sanchez Torres, Carlos Sánchez Crespo

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude