ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Euskal letretako bollerak sitsez eta isiltasunez

  • Lizar Begoña, June Fernández, eta Eva Pérez-Pons mahaiaren bueltan bildu ziren abenduaren 2an, Izarran (Araba). Bollerak euskal letretan izenburupean, bollerak izendatzeko aukeratzen diren hitzez, isiltasun eta minez, eta erreferente bollero faltaz aritu ziren hizketan.

Ezkerretik eskuinera: June Fernández, Lizar Begoña, Amaia Alvarez eta Eva Pérez-Pons. Argazkia: Sareinak.

2023ko abenduaren 04an - 09:22
Azken eguneraketa: 17:05

Mahai-ingurua Sareinak taldeak antolatu zuen, Gorbeialdeko EHGAMekin elkarlanean. Gidari lanak egin zituen Amaia Alvarez Uria Sareinak taldeko kideak. Hizketaldirako baliatu zituen Lizar Begoñaren Gepardo japoniarrak (Susa) poesia lana, Eva Pérez-Pons-en Erresistentziarako gorputzak: bollerak (Lisipe) saiakera, eta June Fernándezen Mariokerrak. Nola izan / esan bollera euskaraz (Txalaparta) saiakera.

Amaia Alvarezek sarrera eman dio mahai-inguruari, esanez, azken urtetxoetan gero eta bollera gehiago ari dela literatura argitaratzen, eta pozgarria dela.

Hitzak aukeratzen

Alvarez hasi da galdezka ea zein hitz erabiltzen diren bollera esateko edo zein aukera dauden. June Fernándezi eman dio hitza eta Mariokerrak. Nola esan / izan bollera euskaraz liburuari egin dio erreferentzia azken horrek. Izan ere, Fernándezek eta Alvarezek aurten bertan argitaratu dute liburua Txalaparta argitaletxearekin. Liburuaren abiapuntua Zinegoak izan zen. Zinegoak-eko antolatzaileek eskatu zieten ea egingo zuten hiztegi bat, eta hala, Aitor Aranaren Gay hiztegia-ren baliokide bat egitera abiatu ziren. Laster konturatu ziren hiztegi soil bat gaindituko zuela eta bi galderei erantzun nahi dien lana prestatu zuten Zinegoak-erako: nola esan lesbiana euskaraz, eta nola izan lesbiana euskaraz. Hasierako proiektuak liburu forma hartu zuen azkenean.

Fernándezek azaldu du libururako galdekatu zuten jendearen artean nabarmen ikusi zutela bollera hitza zela erabiliena. Termino politizatuagotzat dute (lesbiana hitza baino, adibidez), identitate politiko bat adierazten du eta subertsiboagoa da. Alabaina, Fernándezek aipatu du terminoak ez duela Euskal Herri osorako balio. Ipar Euskal Herrian gouine erabiltzen dute. Mariokerrak libururako elkarrizketatutako ‘beteranoek’, aldiz, lesbiana terminoa aldarrikatu dute. Entzule batek ere aipatu du, lesbiana hitzaren erabilera ez duela baztertzen; bollera hitzak esanahi politikoa badu gaur egun, bere garaian lesbiana hitzak ere bazuela esanahi hori.

Fernándezek eta Alvarezek, berriz, eta hitz berriak sortzeko jolas egitea aldarrikatu nahian, azaldu dute nola mariokerrak terminoa proposatu duten bollera-glosarioa osatzen joateko. Irrikaz daude liburuaren bi egileak marioker terminoak zein bide egingo duen jakiteko. Oraingoz, Fernándezek Tinderren marioker erabiltzaile bat topatu du.

Eva Pérez-Ponsen ustez, bollera hitza lesbiana eta emakume homosexuala terminoetatik ateratzen da eta feminismo heterotik ateratzeko balio du. Errealitateak aldatzeko balio duen eta oso esanahi zabala duen terminotzat du, genitalitatetik eta sexu desira adieraztetik harago doana. Lizar Begoñak ere, bollera terminoaren alde egin du, lesbiana hitzarekin alderatuta modu politizatuagoan hartzen du.

Lesbiana, bollera, gouine hitzak alde batera utzi eta Alvarezek gogoeta egin du: sexualitatearekin lotutako zein hitz gutxi dagoen euskal literaturan, eta Mariokerrak libururako galdetuta ere, oso gutxi jaso dituztela azaldu du. Gaiak tabua izaten jarraitzen du. Begoñak ahots gora egin du gogoeta: “Erreferenteak, irudiak, hitzak… falta zaizkigu”.

Sitsak eta isiltasunak

Esaten ez denaz eta isiltzen denaz aritu dira hizketan tarte batez laurak. Begoñak Sitsak poema irakurri du (esan nahi nizuna esan gabe / sabelpean hil zait / beste sits guztiak bezala), eta azaldu du zer kontatu nahi zuen: “Esaten ez den guztia tripan hiltzen da”. Hitzak hustu eta beste esanahi bat ematen saiatu da Begoña bere poema liburuan. Begoñarentzat idaztea, “barruan daukadan gauza amorfo hortaz” aritzeko modua izan da, bere eremu librea. Pérez-Ponsek gehitu du oso hiztegi bitarra daukagula, praktikak eta hizkuntza ez doazela batera. Fernándezek bolleren minak aipatu ditu, minak isiltzea. Begoña eta Fernández bat etorri dira adieraztean sarri sortzaile bollerek esan nahi dituztenak idatziz transmititzen dituztela, eta ez aurrez aurre.

Euskal letretan bolleren presentzia

Alvarez errepasoa egiten hasi da di-da batean: Itxaro Borda aitzindari, beste belaunaldi batekoak Kattalin Miner eta Danele Sarriugarte, bertsolari bollerak, poesia egiten ari diren gazteak… Aipatu du outing-az (armairutik ateratzeaz) eztabaidatzeko beharra dagoela. Alde batetik, mahai-inguruan ere azpimarratu den bezala, euskal letretan erreferenteak falta direla nabarmentzen da, baina bestetik, armairutik ateratzeko zailtasunak daude. Begoñak ñabardura bat gehitu dio Alvarezen gogoetari: “Sortzaileak pentsa dezake outinga eginez gero, haren lanak begirada murriztailea jaso dezakeela, hau da, gu prisma bakarretik irakurtzeko arriskua dago, eta sortzaile bakoitza gauza askok zeharkatzen gaitu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Materialismo histerikoa
Haur euskaldun izatea

Igande goiza Tolstoiren ipuin bat irakurtzen pasa genuen, irakurtzen, euskaraz: “Zenbat lur behar du gizon batek?”. Eta Elena Odriozolaren marrazkiak ezagutu ditu Gulliverren abenturetan ikusi zituelako, Ipuinen harian gozatu. Diskotekero jartzen da gero, maiz, eta... [+]


Txillardegi omendu dute, bere heriotzaren hamabigarren urteurrenean

Euskaltzalearen ekarpena nabarmendu eta Udal Liburutegia 'Txillardegiren izenean jartzeko' eskatu dute omenaldian.


Eguneraketa berriak daude