Abenduaren 5 eta 8 artean ospatuko da aurtengo Durangoko Azoka. Lelo eta irudi aldetik apustu berritzailea egin du Gerediaga Elkarteak: hemendik aurrera erabiltzeko lerroburua ekarri du, eta kartela, “infinitua”.
Ostegunean aurkeztu dute 2025eko Durangoko Azokako irudia eta leloa, 60.a. Urtero legez, berritasun eta sorpresen eguna izaten da lelo eta irudiaren aurkezpenekoa, eta aurtengoan sorpresa bikoitza ekarri du Gerediaga Elkarteak: batetik, ez duelako lelo berririk, hemendik aurrera erabiliko duten lerroburua baino, Kulturaren Jaialdia; eta, bestetik, ez duelako irudi bat izango, irudi “infinituak” baino, Iratxe Reparaz artistaren eskutik. Urteurren biribila du Durangoko Azokak, baina ez du ospakizun berezirik egingo, beren “egiteko moduari eutsi” eta datorren hilean egitarauarekin batera aurkeztuko dituzten “berrikuntza batzuk” txertatuko dituzte. Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko koordinatzailearen hitzetan: “Guretzako urtero da urteurren bat, urtero saiatzen gara koxka bat hobetzen”.
Durangoko Azoka lehendik ere bazen kulturaren jaialdi, Euskal Herriko bazter guztietako artista eta bisitariak batzen zituen gune. Lehendik ere bazen, baina aurrerantzean horixe izango du lelo nagusi: Kulturaren Jaialdia. Urteroko leloen garaia gainditu du azokak, markak “heldutasuna” lortu du, horrela azaldu du Gaztelurrutiak, eta horregatik lerroburu berria. Horixe baita, azken finean, Durangoko Azoka Gaztelurrutiaren hitzetan: “Kultur topaketa profesionala eta herrikoia da, biak aldi eta maila berean. Nortasun kulturala bizitzeko, ospatzeko eta garatzeko aukera ematen du. Kultur eredu herritarrarekin egiten du bat: kultur eragileek antolatuta, sektoreko profesionalekin elkarlanean, eta erakundeen laguntzarekin. Horrek denek egiten dute kulturaren jaialdia”.
Aurkezpena musika sotil eta lientzo zuri batekin hasi da. Bat-batean hurbildu dira Durangoko Azokako komunikazio taldeko zenbait kide, eurekin batera Iratxe Reparaz artista. Banan-banan lurretik zenbait kartel hartu dituzte, forma eta kolore ugaritakoak, eta lientzo zurian itsasten joan dira, goitik behera bete duten arte. Horixe da, edo, hobeto esanda, horiek dira aurtengo irudiak; horietako batzuk, bederen.
Orain dela 60 urte Disko eta Liburu Azoka zen Landakon antolatzen hasi zirena. Orain dela 10 urtetik hona Durangoko Azoka, DA, da. Moldaketa eta berrikuntza horiek azokak hartu duen dimentsioari eta berritasunei erantzuten die: jada ez da disko eta liburu saltoki hutsa, “kultur jaialdia eta pentsamendurako tokia” da. Eta horri erantzuten dio, era berean, irudiak ere. “Azoka bizitzeko eta ulertzeko modu infinituak daude”, dio Reparazek, eta hortik abiatuta egin ditu kartel proposamen infinituak. 60 zenbakia marraztetik ekin zion, urteurrenari tiraka, eta hor aurkitu zion zentzua: “Ez zen soilik zenbaki bat, ibilbide bat zen, mugimendua zuen forma bat, moldagarria. Azoka bera ere hori da, ibilbidea, egin duguna eta egiteko duguna”. Horrela, Landako gunean bildutakoei kartel horien guztien adibide gutxi batzuk baino ez dizkie ekarri, %10 inguru, baina DA hurbildu ahala, kartel mota gehiago zabalduko dituztela gehitu du: “Azokak irudikatzen du sortzen, aldatzen, ospatzen jarraitzeko aukera eta hori ez da kartel bakarrean sartzen”.
Palestina ere izan dute gogoan aurkezpenean. Asteazkeneko lanuzteek eta mobilizazioek gaia are mahaigainerago ekarri duten honetan, Durangoko Azokak presente izango du Palestinako herria, eta “genozidioa salatzeko eta behin betiko geratzeko” deia egingo du ekimenak: “Kultura kritikari eta irudimenari ateak irekitzea ere bada”. Horrela, oraindik zehaztu barik badago ere, ildo horretan joango dira “ekimen bat baino gehiago”.
Erakunde eta enpresa laguntzaileen presentzia zabala izan da aurkezpenean. Hitza hartu dute Durangoko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, eta guztiek azpimarratu dute erakundeekin egindako elkarlana; arlo pribatuarena ere azpimarratu du Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. Euskarak elkarbizitzarako duen garrantzia azpimarratu du Isaac Amezaga aldundiko euskara zuzendariak. Hain zuzen ere, euskararen aferari ere lotu zaio Gaztelurrutia, normalizazio eta biziberritze prozesuak “motel” dabiltzala esan du, eta azokak horretan eragin dezakeena azpimarratu: “Balio dezala su honek haren inguruan batu gaitezen eta aldatu dezagun euskarak bizi duen larrialdi egoera”.