Hiru hileta eta aingeru guardako bat, Bernardo Atxagaren nobela berria: ‘Enarak’

  • Berez ez litzateke existitu beharko nobela hau, iragarri baitzuen ez zuela eleberri gehiago idatziko. Baina emandako hitzak jateko daude, antza. Nabarmenkerietan abil aurkeztu du lan berria Bernardo Atxagak larunbat arratsaldean, gainezka zegoen Ahotsenea aretoan.

Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

2025eko abenduaren 7an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Iñigo Astiz kazetari eta idazleak egin ditu gidari lanak, baita azalpen lanak ere, zeren, nobela bera bezalaxe, harietatik joan eta harat eta honat aritu da Bernardo Atxaga aurkezpen saioan. Gogoeta eta pasadizo pertsonalak kontatu ditu, besteak beste, Enarak (Pamiela, 2025) eleberria abiatzen duen José Manuel Urtain boxeolariaren hiletan egon zela, nola joan zen ekitaldia eta nola oroitzen duen, haren hilobira 25 urte geroago joan zela eta ikusi zuena eta ikusi ez zuena...

 Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

“Zaila da definitzeko zer den liburu hau”, bota du Astizek. Atxagak buruarekin baietz, eta zera gehitu du: “Idazten ari nintzen bezala, ez nekien non bukatuko nuen”. Astizek gero: “Ez da ezeri buruzko liburua, baizik eta gauza askori buruzkoa da”. Hasieran hileta bat, Urtainena; gero bi; eta gero hiru. “Hiru hileta behar nituen, birekin ez nuelako aski; zeren, bi balira, lerro zuzena da, Atik Bra, eta hirugarrenak jokoa ematen dio”, adierazi du idazle beteranoak. Lehen hileta erreala-edo da, fikzio bihurtua; bigarrena, berriz, Urtain gorrotatzen zuen Guillermorena, 2017an kokatutako hileta; eta hirugarrena, azkenik, 2042an kokatuta, Pedrorena da: pintorea da gizona, eta Urtainen zalea.

 Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

Atxagaren estiloan, jolas gehiago ere baditu liburuak. Esaterako, narratzailea. Aingeru guardako bat da. Ahots horrexek dauka zentraltasuna liburuan. Propio egin du: “Erabakita nuen narratzailea izaki inmateriala izango zela, eta bere gogotik kontatuko zuela lurtar batzuontzat nolako nukleo poetikoa zen Urtain guretzat, edo niretzat”. Hariei tiraka, gai zentralik hautatu eta horren bueltan idatzi gabe; halaxe eskribitu nahi zuen nobela, ziurrenik berarentzat azkena izango dena, eta halaxe egin du.


Eguneraketa berriak daude