Palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzeko, geldialdia egin du igandean Durangoko Azokak. Ordu erdiz, egitaraua bertan behera utzi du, eta zenbait sortzaileren hitzak eskaini ditu Landako Plazan. 136 partaide gehitu dira geldialdira.
Aurtengo edizioaren aurkezpenetik bertatik salatu du Gerediaga Elkarteak Palestinaren aurkako genozidioa, eta hitzak ekintzetara eraman ditu igandean, ordu erdiz egitaraua geratu eta genozidioa salatzen duten ahotsak jarrita Landako Plazan. Geldialdia egin du Durangoko Azokak, hain zuzen ere, “gelditzeko beharra” izan dutelako, Gotzon Gomez Gerediaga Elkarteko lehendakariaren ahotan: “Palestinako genozidioari ‘ez’ esateko beharra, pentsamenduak mugitzeko eta ekintzak antolatzeko beharra”. Elkartasun mezua ere zabaldu dute.
Durangoko Azoka kulturaren plaza izaki, zenbait euskal sortzaileren ahotsak entzun ahal izan dira Landako Plazan, euren zein Palestinako sortzaileen berbak plazaratzen. Danele Sarriugarte, Itxaro Borda, Gotzon Barandiaran, Eider Beobide eta beste zenbait artistak jarri dute ahotsa. Poesia emanaldira batu dira Hawari ahizpak, palestinar jatorriko bi artista, eta Mahmud Darwixen 'Lur honen gainean' poema irakurri dute, arabez eta euskaraz.
Ekitaldiari amaiera eman dio Esanezinek. Nola zaintzen da irrifarra abestia eskaini du, eta, hain zuzen ere, galdera hori luzatu du: “Nola zaintzen da irrifarra hor kanpoan dena gerra bada?”.
Jendetza bildu da Landako Plazan eta txalo zaparradaz eta isiltasun nabarmenez jaso dituzte artistek emandako hitzak.