EHUren kolaborazioak industria militarrarekin eta Espainiako Defentsa Ministerioarekin

  • Gasteizkoak kolektiboak EHUk industria militarrarekin eta Espainiako Defentsa Ministerioarekin dituen harremanak agerian jarri ditu, iturri ofizialetan argitaratutako informazioa ezagutzera emanaz.


2017ko irailaren 07an - 16:49
Besteak beste militarren argitalpen espezializatuen bidez izan du Gasteizkoak taldeak unibertsitatearen inplikazio mailaren berri.

Euskal Herriko Unibertsitateak euskal arma industriarekin kolaboratzeko dituen moduak agertu ditu Gasteizkoak kolektiboak, artikulu luzean. Zehazki ITP arma enpresarekin I+G garatzeko elkarlanean aritzen dela agerian jarri du Ikerketa Estrategikoetako Espainiako Institutuak (gazteleraz IEEE, Espainiako Defentsa Ministerioaren erakundea da) bere Cuadernos de Estrategia argitalpenean. EHUko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa nabarmentzen da EHUk armagintza industriarekin dituen harremanetan baita bere Aeronautika Gela eta EHUko Ingeniaritza Fakultateko irakasle Joseba Zubia ere, azken hau NATOri lotua egon daitekeelakoan.

Espainiako Plataforma Teknologiko Aeroespazialaren parte da EHU

EHUren Gobernu Kontseiluak (erabakigune nagusiak), bere urtarrileko bileran onartu zuen parte hartzea Espainiako Plataforma Teknologiko Aeroespazialean. Gasteizkoak kolektiboak jakinarazi du Plataforma horretako bederatzi sozioen artean, hiru hauek direla: INTA (Defentsa Ministerioaren erakunde autonomoa I+G+i-rako), TEDAE (Espainiako armagintza sektorearen patronala) eta DGAM (Defentsa Ministerioko Armamentu eta Materialaren Zuzendaritza Orokorra).

Jardunaldi militaristak antolatzea

Gasteizkoak kolektiboak ezagutzera eman du 2016ko azaroaren 14ko BOEan argitaratutako erresoluzio bat, erakusten duena EHUk Defentsa Ministerioarekin duen kolaborazio hitzarmena bake, segurtasun eta defentsari buruzko jardunaldiak antolatzeko eta garatzeko. Horren emaitza da Udako Ikastaroen baitan, irailaren 4an eta 5ean Miramar Jauregian egindako jardunaldiak, Segurtasuna eta defentsa Europan izenburupean.

Juan Antonio Moliner Espainiako armadako jenerala, hitzaldia ematen. (Arg.: EHUko Udako Ikastaroak)

Artikulua osorik irakurgai

(erredakzioan itzulia):

EHU gero eta aktiboago euskal industria militarrean eta militarismoan (eta lehendakariaren barrena)

Duela hamabost hilabete inguru argitaratu genuen Estas guerras son muy nuestras. Industria militar vasca liburua, zeinak helburuetako bat zuen agerian jartzea hezkuntzako erakunde batzuek (eta bereziki EHUk) euskal industria militarrarekin dituen hainbat inplikazio, kolaborazio eta konplizitate. Testu horretan EHUk industria militarrarekin kolaboratzeko dituen moduetako batzuk agertu bagenituen ere, xaloki esaten genuen Espainiako estatuko beste unibertsitate batzuekin alderatuta "Euskal Herrian, dakigula, inplikazioa ez dela hain zuzena, edo gutxienez, hain agerikoa eta plublizitatua". Gaur egun, eta orain azalduko ditugun azken aldiko hainbat gertakari ikusita, ezin diogu liburuko adierazpen horri eutsi, kontrakoa baizik, EHUren inplikazioa industria militarrean eta NATOren militarismoan ez baita hazi besterik egiten ari. Goazen datuetara.

NATOrentzat ikertzen

Ia muturretan eman nahian bezala eta frogatuz zeinen gutxi dakigun (beti azpimarratu dugu Gasteizkoak kolektiboak kontatzen duen industria militarraren errealitatea, larritzekoa izanik ere eta ehun euskal enpresa inguru hartzen baditu ere konplizitate anitz asko, benetan dagoenaren zati txiki bat besterik ez dela), liburua aurkeztu eta aste gutxira, 2016ko uztailaren 3an eta 4an, STO-k, zeina baiten NATOren erakundea arduratzen dena ikerketa eta kooperazio militarra sustatzera, antolatu zuen Adituen panel bat Structural Health Monitoring of Military Vehicles gaiari buruz (ibilgailu militarren mantenimenduaren behaketa estrukturala). Zein zen ekitaldiaren tokiko koordinatzailea, jardunaldien sarrerako ponentziaren arduraduna? EHUren Ingeniaritza Fakultateko irakasle Joseba Zubia. Non egin zen topaketa? EHUren Ingeniaritza Fakultateko Bilboko egoitzan, Espainiako Defentsa Ministerioko Teknologia eta Ikerketaren atariak azaltzen zuenez, fakultate hori baitzen seminario hori antolatzearen arduraduna, Defentsa Ministerioaren Armamentu eta Materialeko Zuzendaritza Orokorrarekin koordinazioan.

Hurrengo errealitate zaplada berehala etorri zen. Iazko urrian, Ikerketa Estrategikoetako Espainiako Institutuak (gazteleraz IEEE, Espainiako Defentsa Ministerioaren erakundea da) bere Cuadernos de Estrategia (estrategia koadernoak) argitalpenaren 182. zenbakia eskaini zion La colaboración tecnológica entre la universidad y las Fuerzas Armadas gaiari (Indar armatuen eta unibertsitatearen arteko elkarlan teknologikoa). 200 orritik gorako totxo bat. Eta jakin orduko izan genuen susmoa bete zen: euskal ordezkaritza biltzen zuen. Honela, V. Kapituluan, Defentsa industriarekin duten kolaborazioa unibertsitateek eta Espainiako Indar Armatuek (FAS gazteleraz) gaiari eskainitakoan, eta "Kolaborazioaren hainbat adibide" atalean, aurkituko dugu azpiatal bat Caso ITP (ITP kasua) izenburua duena. 3 orri ditu eta bertan biltzen dira kolaborazio horren "8 adibide zehatz", baina arreta jarri dezagun ITPren kolaborazio motari buruz ematen duen azalpenean:

ITPk unibertsitatearekin duen kolaborazioa I+G programen ingurukoa da eta teknologia berrien garapenen ingurukoa. Kolaborazio hau formalizatzen da hitzarmenen bidez, bai modu zuzenean edo zentro teknologikoekin kolaboratzearen bidez, zeinak aldi berean unibertsitatean oinarritzen diren.

Modu berean, ITPk kolaboratzen du EHUko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoarekin, zeinetan nabarmen sustatzen diren Aeronautika Gela eta praktikak egiteko bekak.

Gainera, kolaborazio honek sustatzen du Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolarekin doktorego tesiak egitea, karrera amaierako proiektuak eta laborategiko jarduerak. Hauen artean nabarmentzen dugu "Zentro Teknologikoen ITP Jardunaldi"en lehen edizioa, 2015ean egindakoa, zeinaren helburua den aeronautika teknologiaren ikerketarako ITP-k duen estrategia bateratzea, hurrengo hamarkadari begira. Jardunaldi hauetan izan ziren ITPrekin kolaboratzen duten erakunde hauek: Zamudioko Aeronautika Teknologien Zentrua, CEIT-IK4, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Publikoa eta IMDEA Materialak. Erakunde hauek proposamenak aurkeztu zituzten ITPrentzat gakoak izan daitezkeen gaiei erantzuna eman ahal dieten teknologien ikerketan eta garapenean, eta gauzatzen badira, trakzio efektua ekarriko diote aeronautika sektoreari, zeinak Defentsa industriarekin duen harremana ezaguna den.

Baina, esaten genuen moduan, Ikerketa Estrategikoetako Espainiako Institutuaren totxoak are sorpresa tristeagoak ekarri zizkigun. Horrela, La cooperación de las universidades con las FAS en el contexto internacional atalean (unibertsitateek Espainiako Indar Armatuekin duten kooperazioa nazioarteko testuinguruan), eta NATO eta bere finantzazio programak azpiatalean, zera jakin dugu:

NATOk badu "Bake eta segurtasunerako zientzia" programa, eta honek sustatzen du gizarte kooperazioa segurtasun gaietan, besteak beste terrorismo aferetan, NRBQ agenteen kontrako defentsan edo ziberdefentsan.

[...] Egun izendatua ditu Espainiako unibertsitateetako zortzi ikerlari, aditu moduan garatzen ari diren hainbat ikerketa jardueretan.

Eta zoritxarrez, zortzi ikerlari hauetakoen artean bada bat EHUkoa. Izena aipatzen ez badute ere ez da zaila ondorioztatzea, bere ikerketa lanaren gaia ezagututa: Structural Health Monitoring of Military Vehicles, Ingeniaritza Fakultatean egin ziren jardunaldien gai bera.

Heriotzaren merkataririk txarrenekin harremanetan

Ordura arte ikusitakoak kontuan izanik, geure buruari galdetzen hasi ginen noraino iritsi zitekeen EHUk duen kolaborazio-konplizitate maila industria militarrarekin eta militarismoarekin, eta ea hau ote zen irakasle jakin batzuen ekimenaren ondorio eta irakasle hauek lortzen zuten Unibertsitate osoa txertatzea, edo ea heriotzaren merkatariekin zuten inplikazioa benetan zen EHUren erabaki organoek adostutako politika baten ondorio. Erantzuna jakiteak eman zigun beste errealitate zartako eder bat.

Otsaila hasieran jakin genuen EHUren Gobernu Kontseiluak (erabakigune nagusiak), bere urtarrileko bileran, onartu zuela EHUren parte-hartzea Espainiako Plataforma Teknologiko Aeroespazialean. Erabaki hau hartzeko kontuan hartu ziren argudioen artean hauxe zegoen:

Plataformako kide diren eragileek erabaki dute sustatzea eta beste bultzada bat ematea. Politika honen barruan, arlo aeroespazialarekin esperientzia duten Unibertsitate eta Ikerketa Zentroekin lan egin nahi da, besteak beste, EHUrekin, kontuan izanik Bilboko Ingeniaritza Eskolak bere Aeronautika Gelaren bidez duen esperientzia.

"Zein da arazoa?" galdetuko duzue. Azalduko dugu. Espainiako Plataforma Aeroespaziala (PAE gazteleraz) 2006ko azaroan sortu zen:

helburua du erreferentziazko erakundea izatea sektore espainiarrarentzat, eremu aeroespazialean dituen behar eta estrategiekin harremanetan, bai eremu zibilean eta baita defentsan eta segurtasunean ere.

Baina konturatu gaitezen zer inguru mugitzen den benetan PAEn jarri dezagun arreta zein soziok osatzen duten. Bederatzi sozioen artean hiruk ematen digute pista: INTA, TEDAE eta DGAM. Kontua da INTA dela Defentsa Ministerioaren erakunde autonomoa I+G+i-rako, TEDAE da, hain justu, Espainiako armagintza sektorearen patronala eta DGAM da Defentsa Ministerioko Armamentu eta Materialaren Zuzendaritza Orokorra... Bada Plataforma horretako kide izatea da EHUren Gobernu Kontseiluak erabaki duena!

Geletatik arma sortzaileei eta NATOko militaristei ahotsa emanaz

Zoritxarrez, ikerketa militarrean parte hartzea eta kolaboratzea ez da EHUk industria militarra eta militarismoa babesteko darabilen modu aktibo bakarra. Horrela, tradizio lotsagarri bihurtu denari jarraiki, 2016ko azaroaren 14ko BOEan aurkitu dezakegu, Defentsa Ministerioari dagokion Otras Disposiciones (Beste Antolamendu Batzuk) atalean, erresoluzio bat, publiko egiten duena EHUk duen kolaborazio hitzarmena bake, segurtasun eta defentsari buruzko jardunaldiak antolatzeko eta garatzeko. Hitzarmena gauzatzen zen bi jardunalditan, egingo zirenak Leioako Gizarte Zientzien Fakultatean eta Donostiako Zuzenbide Fakultatean:

unibertsitateko gradu eta graduondoko ikasleentzat, aditu eta akademikoentzat, nazioarteko segurtasunari buruz eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko helburuarekin.

Ikusitakoak ikusita, tamalez ez gintuen harritu otsaileko lehen hamabostaldian Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan beste jardunaldi bat egin izana, Jornadas de Empleo y Presentación de Empresas 2017 (Enplegu eta enpresen aurkezpen jardunaldiak 2017), Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoak bere webean azaltzen duen moduan:

Jardunaldi hauek aukera ematen diete gure ikasleei enpresen ordezkariekin harremanetan jartzeko eta beren curriculumak aurkezteko, horrela lana bilatzeko lehen harremana eginez.

Eta han izan ziren enpresen artean egon ziren eremu militarreko lau euskal enpresa nagusietatik hiru, Estas guerras son muy nuestras liburuan aztertuak ditugunak: Sener, ITP eta Aernnova.

Baina EHUren kolaborazionismo militaristan lotsaren muga guztiak hausten dituena, Udako Ikastaroetan irailaren 4an eta 5ean Miramar Jauregian egindako jardunaldiak dira, Segurtasuna eta defentsa Europan izenburupean. Helburu hau zehazten du:

Ikastaroan zehar NATOren kokapena aztertuko da eta Europako Kontseiluak segurtasunean eta defentsan dituen azken mandatuen garapena.

Juxtu Euskal Herrian, NATOn sartzeko erreferendumak EZ argia jaso zuenean herritarren %65aren babesarekin, EHUk jardunaldi hauek antolatzea, horretarako gonbidatuz adituen panel bat, osatua dagoena dozena erditik gora militarrez eta NATOren aldeko militaristez, eta jardunaldian lekurik ez egitea bestelako ahotsei, NATOren kontra, militarismoaren kontra eta zerbitzu militarraren kontrako jarrera dutenena, hauek eragin zutenean Euskal Herria izatea Europan intsumiso gehien zituen lurraldea, adierazten du ikuspegi militarista eta aldebakarrekoa duela, benetako eztabaida akademiko bat emateko beharrezkoak diren gutxieneko baldintzarik ez diela eskaini ikasleriari eta gizarteari, eta adierazten du lotsagabekeria galanta.

Tonto papera egiten eta bestaldera begiratzen ederki dakien lehendakariaren barrena. Industria militarrarekin eta militarismoarekin kolaboratzeko beste modu bat

Euskal Herriaren zoritxarra da ehundik gora enpresa dituela industria militarrera bideratuta dutenak bere ekoizpenaren zati bat edo osoa. Beren ekoizpen militarreko azpisektoreetako batzuk estatuko lehen postuetan daude. Hauetako askok jasotzen dituzte, gainera, diru-laguntzak eta laguntza politikoak euskal administrazioarengandik. Duela gutxi argitaratu da albistea, azken 11 hilabetetan Bilboko portutik 300 edukiontzi atera direla "leherkariak" hitzarekin markatuta, Saudi Arabiara. Duela egun gutxi batzuk, estatuko medio batek argitaratu zuen nola Espainiako industria militarreko sei aurpegiren artean baziren bi euskaldunak (Sendagorta, Sener-ekoa eta Aperribay, Sapa-koa). Bada hori guztia oinarrian egonik, eta EHUk NATOri buruzko ikastaroa hasi zuen egunean, EITBko El bulevar irratsaioan kazetariak Urkullu lehendakariari iradoki zion "bada dioenik euskal arma industria bat badela"... eta Urkulluk barrena izan zuen erantzuteko:

Ehizarako armen industriaz ari bagara hizketan, adibidez, bada arma industriarik? Maila horretaraino iritsi behar dugu arma industria gisa zer hartzen dugun gogoeta egiterakoan?

Honek primeran erakusten du zergatik ari diren militarismoa eta industria militarraren heriotzaren merkatua zabaltzen euskal gizartearen hainbat ingurutan: babesa dutelako (eta estaltzen dituztelako, beharrezkoa denean, Urkulluk ez duelako besterik egiten adierazpen horietan). Hain desinformatuta badago, informatzeko ez du euskal industria militarrari buruz dagoeneko badauden liburuetara jo beharrik: nahikoa du hurrena Aperribayrekin, Real Sociedadeko eta Sapako lehendakari denarekin palkoan topo egiten duenean gaiari buruz galdetzea, gu baino askoz gehiago jakingo baitu, seguru. Nahiz eta, ikusiak ikusi, beldur garen bien arteko elkarrizketa horiek erabiliko dituztela akordioak lotzeko existitzen ez den euskal industria militarra laguntzeko. Hau da bizi dugun errealitatea, eta ez da aldatuko, herritarrok ez badugu esku hartzen. Euskal Herri antimilitaristak eta NATOren aurkakoak lan handia du egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Armagintza
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


ANALISIA
Ukraina EAEko kanpainan

Bi urte joan dira Errusiak Ukraina ofizialki inbaditu zuenetik eta denak adierazten du Errusiak lortu duela aurrea hartzea Ukrainari. Errusia gai izan da gerra industria baliatzen herrialdeko ekonomia haizatzeko, bere baliabide energetikoei beste aterabide bat bilatzeko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude