Duela gutxiko kontua da. Iberiar katamotza (Lynx pardinus), mundu mailako felino espezie mehatxatuenetarikoa, “galtzeko arriskuan” egotetik “kaltebera” kategoriara igaro da IUCNren Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Espeziea kontserbatzeko egindako esfortzuek fruitua eman dute.
TALDEA: Ornoduna/Ugaztuna.
NEURRIA: Gorputza 80-130 cm. Isatsa 21-24 cm.
NON BIZI DA? Basoetan gehien bat eta baso ireki eta sastrakadietan ere bai.
ZER JATEN DU? Ungulatu txikiak, erbiak, untxiak, urtxintxak, hegaztiak eta abar.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Garai batean Euskal Herri guztian bizi zen katamotza eta badakigu orain dela 200 urte inguru arte biziraun zuela hemen. Jendeak ez dakiena da, ordea, bildutako datuen arabera, hemen bizi zirenak ipar-katamotzak (Lynx lynx) zirela. Gaur egun Europa erdialdean eta iparraldean bizi den katamotza.
Iberiar katamotza baino dezente handiagoa da bere iparraldeko ahaidea, emeak 20 kg ingurukoak dira eta arrak 25 kg-rainokoak izan daitezke... bada zerbait “katu” batentzat! Ilaje argia du, grisaxkatik horixkarako tonuekin. Orbanak ere baditu baina ez dira iberiarrarenak bezain nabarmenak. Pintzel tankerako ile-motots luzeak belarrietan, eta isatsa motza punta beltzarekin. Ehiztari paregabea da eta bera baino 3-4 aldiz handiagoak diren harrapakinak ehizatzeko gai da, orkatzak, sarrioak eta baita oreinen bat ere (emeak eta kumeak bereziki). Aukera ikusiz gero, oilo, ahuntz edo ardiei ere helduko die ipar-katamotzak.
Oso pieza estimatua zuten ehiztariek, sarraski handiak egiten zituelako artalde edo ahuntz-taldeetan, eta saritu egiten zuten hura harrapatzen zuena. Dokumentu asko dira Euskal Herrian katamotzaren ehiza aipatzen dutenak. Euskaraz ez zeukaten arazorik animalia horri deitzeko, katamotza, baina gazteleraz bai, ez baitzekiten nola deitu euskaraz hain izen garbia zeukanari: tigre, tiguere, onza, leopardo, pantera... denetik esan zioten orduko kronika eta hiztegietan.
Patziku Perurenak aurkitu zuen Goizuetako udal-kontuetan horri buruzko aipamen ederrik. 1669koak dira hauek zehazki: “a Blasio de Çavaleta vecino de Leyça dos ducados y dos reales por haver muerto a tres animales llamados tigres que en nuestra lengua llaman catamoça”. Iztuetak kontatu zuen, 1776an Idiazabalgo artzainek Arantzazun harrapatu omen zutela “un tigre corpulento”, 39 kg pisatu zituena. Gorbeia inguruan ere baziren katamotzak: 1762 eta 1777 artean bost katamotz ehizatu izanaren aipamenak badaude. Lizartzan, 1777ko urtarrilean bi “leopardo” hil omen zituzten Illarrazu mendian eta beste bat 1781ean, Antzarreta mendian. Mutrikuarrek Arnon harrapatu zuten “tigrea” ere katamotza izango zen. 23 kg eskas pisatu arren, sekulako sarraskiak egin omen zituen piztia “isats motzak”. 1837ko zita batzuek aipatzen dute Villanañeko herritar batek “pantera” bat ehizatu zuela inguruko mendietan. Euskal Herriko azkena 1936an ehizatu omen zen Nafarroako Alaitz mendilerroan.
Ordutik ez da katamotzik izan Euskal Herriko mendi eta basoetan… ala, bai? Azken hamarkadetan arrastoak eta behaketa zuzenak aipatu izan dira Pirinioetan, baita Euskal Herriko aldean ere. Hala ere, ezin izan dira behaketa horiek ziurtzat eman eta katamotzaren misterioak hor jarraitzen du. Garbi dagoena da katamotzak eremu zabalak behar dituela lasai bizitzeko eta Euskal Herrian gero eta urriagoak dira horrelako parajeak. Ez diegu erraza jarri gure “tigre”-ei.
Bada, dena ez dago galduta. Baliteke Pirinioetan oraindik aleren batzuk geratzea, eta iberiar katamotza penintsulan barrena zabaltzen ari da, pixkanaka gorantz eginez. Etorkizunean, zein agertuko ote da lehenago Euskal Herriko lurretan? Iberiarra ala iparraldekoa? Egin apustu!
Izarrak, ortzi mugagabean, keinu egiten diguten argi izpi dardarti liluragarriak dira, osotasuna eta ezereza bateratuta, zer garen ulerrarazteko oroitarri zaizkigunak: izan sua, izan ondotik joan zaizkigun kuttunak, gizakiaren txikitasuna edo Anbotoko Mariren edertasuna;... [+]
Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta ugaltzeko. Badira, ordea, hori guztia denbora askoz ere laburragoan egin behar duten gu bezalako ugaztunak:... [+]
Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin,... [+]
Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen Debagoiena eta Debabarrenean inurrijale ere deitzen dioten. Eta hau, okil espezie bat da:... [+]
Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen Debagoiena eta Debabarrenean inurrijale ere deitzen dioten. Eta hau, okil espezie bat da:... [+]
Tarteka bada ere, inoiz ikusiko zenuten hego beltzeko “erle erraldoi” eta potolo bat zuen inguruan hegan. Hala bada, ziur izan intsektuen artean ikusgarrienetako bat ikusi duzuela. Eta ziur izan, baita ere, ez duzuela inongo arriskurik, itxura itzeleko erlastar honek... [+]
Sugea eta eguzkia: pertsona askoren buruan banandu ezinak diren bi hitz. Sugea entzuten dugun aldiro, egun bero eta argi bat irudikatzen dugu. Buruak hala funtzionatzen baitu: asoziazio horiek egiten ditu duen informazioarekin. Eta ez da arraroa, bestalde; izan ere, sugeak... [+]
Aszidiak tunikadun modura ere ezagutzen diren itsas ornogabeak dira. Munduko ozeano guztietan dauden animalia iragazle sesilak dira: bizitzaren zatirik handiena azalera solidoetara –arroka, maskor edo egitura artifizialetara– finkatuta emango dute, ura etengabe... [+]
Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia ikusita, kume bat izan behar zuela pentsatu nuen; baina oker nenbilen. Munduko ugaztun... [+]
Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan... [+]
Askorentzat uda soinuaren egilea da hegazti hori eta, seguruenik, hau dela eta mila izen ditu Euskal Herrian. Hauetako batzuek bere ‘txrriiii-txrrriiii-txrriii’ kantu deigarriari egiten diote erreferentzia: txirritxori, zirringilo, irrigo edo kirrilo, adibidez. Beste... [+]
Gorputzeko ezkatak kolore berde bizikoak ditu; biziak eta deigarriak. Eta horiekin nahasten dira, sare bat osatuko balute bezala, orban beltzak, bizkar osoan zehar. Gizakiaren begietara gardatxoa gardatxo egiten duena, ordea, saihetsean aurkituko dugu. Bertan, lerrokatuta,... [+]
Haurtzaroan, lursailen batean, parkeren batean edo baserri giroko lurretan sarritan izaten genituen “txitxareak” eskuartean… Jolas guneak gero eta artifizialagoak diren garai hauetan ordea, zaila da hiri nahiz herri-guneetan halakoak topatzea. Baina itsasoko... [+]
Kaxalotea edo zeroia (Physeter macrocephalus) munduko horzdun zetazeo handiena da, eta baita munduko horzdun animalia handiena ere. Beheko barailan soilik ikusten zaizkio hortzak, baina bakoitzak kilo bateko pisua izan dezake. Izatez, ez dago oso argi zertarako erabiltzen dituen... [+]
Gure hondartzak marrazoz beterik daude. Igerilariak lasai egon, kostaldean 100-200 metroko sakoneran ditugun hondartza zabalez ari bainaiz. Bertan bizi da Atlantikoko marrazo ugariena eta txikiena.