Eusko Jaurlaritzak jakinarazi ditu aurtengo Euskadi Sarien irabazleak saiakera eta haur eta gazte literatura alorretan.
Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunean irakur daitekeenez, Jon Sudupek irabazi du euskarazko saiakerari dagokion saria Oi, Europa! lanarengatik.
Ainhoa Larrañagak, Xabier Aierdik, Juan Garziak, Maria Jesus Panchok eta Simon Peñak osatutako epaimahaiak landutako "gaiaren interesa", obraren "garapen luze eta koherentea", egindako ikerketa eta dokumentazio lan handia eta idazkera egoki eta "naturala" bezalako merituak ikusi dizkio hainbat filosofok Europari buruz esandakoa jasotzen duen obrari.
Lehenago Unamuno saiakera saria ere irabazia zuen lan berdinari esker.
Zaldua irabazle gaztelaniaz
Iban Zalduak irabazi du gaztelaniazko saiakera saria, Ese idioma raro y poderosorengatik.
Daniel Innerarity, Beñat Arginzoniz, Juan Manuel Díaz de Gereñu, Ana Iriarte eta Santos Zunzunegi epamahaiko kideek azpimarratu dute Zalduaren saiakerak azken hamarkadetako euskal literaturari egiten dion errepasoa. "Lan pertsonala da, gaztelania egoki eta arinean idatzia, eta proposatzen dituen ideien inguruan eztabaidarako gonbidapena egiten du", epaimahaiaren ustez.
Liburu horretan Zalduak euskaraz diharduen idazle batek hartu behar dituen erabaki garrantzitsuenei buruzko azalpenak eman ditu.
Xabier Olasok haur eta gazte literaturakoa
Azkenik, Xabier Olasoren Tximeletrak saritu dute haur eta gazte literaturako modalitatean. Haurrentzako poema liburu hori "euskal tradizioaren ezagutza sakonetik abiatu eta berrikuntza poetiko jostarinarekin datorkigu", epaimahaiaren iritziz.
Gaztelaniazko haur eta gazte literaturako saria eman gabe gelditu da. Patxi Zubizarretak, Mikel Aierbek, Rosario Alzak, Elisabet Masek eta Itziar Zubizarretak osatutako epaimahaiak obra gutxi aurkeztu direla eta aurkeztutakoek kalitate nahikorik ez zutela iritzita hartu du erabaki hori.
Saritu guztien zerrenda eta epaimahaikideen arrazoiak osorik irakur ditzakezu Irekiak eskaintzen duen dokumentuan (PDF).
Ondorengoek irabazi dute euskarazko kategorian: Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta, Miren Billelabeitia, Maialen Berasategi, Joxe Mari Berasategi eta Joseba Larratxek.
Aita-alabek Abdulrazak Gurnah-en Paradisua liburua itzuli dute euskarara. Tanzaniarrak Literaturako Nobel saria irabazi zuen 2021ean. Miren Billelabeitiak Saiakerako Euskadi saria jaso du Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz lanagatik.
Azken Etxea, Zerria eta Ni ez naiz Mikel Laboa lanak saritu ditu epaimahaiak Euskarazko Literatura, Haur eta Gazte Literatura eta Ilustrazioa kategorietan hurrenez hurren. Oraindik beste lau irabazle daude jakinarazteke.
Euskarazko Literatura saria jaso du Apaolazaren 'Bihurguneko nasa' ipuin bildumak, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria Bilbaoren 'Barruko hotsak' albumak, eta Literatur Lanaren ilustrazioaren saria Mutuberriaren 'Irrimola' lanak.
Urriaren 14an jakianrazi zituzten sarietuetako zenbaiten izenak, eta asteazkenean eman dituzte ezagutzera gainontzekoak. Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi, Joxan Elosegi, Alex Gurrutxaga, Mikel Reparaz, Txani Rodriguez eta Javier de Isusi dira 2021eko edizioko sarituak.