“Europatik Israelera doazen merkantzia guztiak blokeatu nahi ditugu”

  • Genoako portuko langilea da duela hogei urtetik, eta Portuko Langileen Kolektibo Autonomoko (PLKA) kidea da Italo. Erakunde hori 2011n sortu zen, eta azken asteetan ospetsu egin da nazioarteko komunikabideen, haien kide batek ziurtatu zuenean Israelgo Estatuak Gazara doan ontzidiko ontziren bati eraso eginez gero Italiako hiriko portua blokeatuko zutela. Era berean, kolektiboak bat egiten du portuan aspaldi izandako borroka sindikalekin eta hiriaren historian sakon errotutako antifaxismoarekin. Azken urteotan, kolektiboak berebiziko garrantzia izan du portutik munduko hainbat gerratara bideratutako arma-trafikoaren aurkako salaketan eta borrokan.

Oinarrizko Batasun Sindikaleko eta Genoako Portuko Langileen Kolektibo Autonomoko kidea da Italo. Kolektibo horrek ohartarazi du Genoako portua blokeatuko duela Israelek Gazara doan nazioarteko flotillari eraso eginez gero.

2025eko irailaren 18an - 08:30
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zer ekintza egingo dituzue Israelgo Estatuak Gazara doan ontzidiko norbait geldiarazten badu?
Gure sindikatuaren nahia, Oinarrizko Batasun Sindikala, Italiako eta Europako hainbat portutako eta beti gurekin dauden talde guztien laguntzarekin, Europatik Israelera doazen merkantzia guztiak blokeatzeko nazioarteko greba abiaraztea da. Gure eskualdetik bakarrik, urtean 13.000 edo 14.000 edukiontzi inguru abiatzen dira.

Azaldu dezakezu, zehatzago, zer ekintza egiteko asmoa duzuen?
Gure ideia da nazioarte mailako greba orokorra sortzea, ahalik eta terminal gehien bilduko dituena, batez ere europarrak. Logistikaren puntu neuralgikoetan jarri nahi dugu arreta bereziki, han blokeoak eraginkorragoak izan baitaitezke. Zoritxarrez, ildo orokor bat baino ez da, baina errealitatea da gauzek nola eboluzionatzen duten kontuan hartuta antolatu beharko dugula dena; beraz, zer gertatuko den ikusteko zain gaude.

Zer eragin izan dezake Israelen honelako ekintza batek?
Zaila da aurreikusten, aldagai asko dagoelako, eta badakigu borroka hori ez dagoela gure esku bakarrik. Baina uste dugu hori egin behar dela: ez bakarrik Israelgo Gobernuari aurre egiteko, baita Europako gobernuak jarrera argiagoak hartzera behartzeko ere.

Iraganean, Palestinaren aurkako genozidioaren aurkako ekintzak egin izan ditu CALPek. Zer izan dira eta zer eragin izan dute?
Jaio zenetik, PLKA borrokatu da Palestinarako eta beste edozein gerra-egoeratarako arma trafikoen aurka. Azken urteotan, grebak antolatu, portuko sarbideak blokeatu, eta salaketa ekintzak egin ditugu. Eragina nabarmena izan da: armamentu-edukiontzi asko boikotatu eta ez dira portutik atera, eta beste kolektibo batzuk gai honen inguruan sentsibilizatzen lagundu duen oihartzun mediatikoa ere lortu dugu.

Nola egiten duzue Israelera armak daramatzan edukiontzi bat dagoela jakiteko?
Urte hauetan, engranaje oso indartsua sortu dugu sindikatuen, zamaketarien, elkarte bakezaleen eta armamentu-trafikoaren nazioarteko monitorizazioan aritzen diren elkarteen artean. Ekipo honek oso ondo funtzionatzen du eta kasu askotan aukera ematen digu aldez aurretik jakiteko zer eta noiz ibiliko den hemendik.

Nola bizi da genozidioa Italian?
Italiako biztanleriaren zati batek, sentsibilizatuenak, urteak daramatza gatazka hau jarraitzen. Hala ere, egungo egoeraren larritasunaren ondorioz, gaia mundu osora iritsi da, baita orain arte interesik azaldu ez dutenengana ere. Aldiz, Italiako Gobernuak eta hedabide handiek genozidioa tabu gisa jorratzen jarraitzen dute: hortaz gutxi hitz egiten dute, eta, egiten dutenean, garrantzia minimizatzeko da. Lotsagarria da.

Koordinaziorik al dago Mediterraneoko portuko sindikatuen artean?
Bai. Urte hauetan arma-trafikoaren aurka eta gure sindikatuaren laguntzarekin ehundu dugun sareari esker, egun oso sintonia handia dago Europako zein beste zonalde batzuetako portuetako kolektiboen artean

Greba orokorra balego, zer gerta liteke itsas-sektorean?
Zaila da esaten, egoera berria litzatekeelako hamarkadetako gure esperientzia sindikalean. Dakiguna da PLKA amaieraraino joango dela, beti bezala. Ez dugu atzerapausorik egingo, baina horretarako mundu guztiaren laguntza behar dugu. Genovako azken mobilizazioak itxaropena ematen digu: ehunka tona laguntza humanitario bildu dira, eta 50.000 pertsonak manifestazioa egin dute ontzidiaren alde.

Mehatxurik edo errepresaliarik jaso duzue?
Oraindik ez, baina badakigu flotillaren bilakaeraren arabera gerta daitekeela. Munduko ekonomiaren funtsezko sektoreez ari gara, eta ziur aski presioak egongo dira portutik eta une zailak. Guk, PLKA gisa, arazoak izan ditugu beste borroka batzuengatik, baina beti atera gara bat eginda eta sinetsita historiaren alde egokian gaudela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Israeli boikota
Eguneraketa berriak daude