Europako herrien autodeterminazioa eskatuko dute martxoaren 30ean Bruselan


2014ko martxoaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Manifestazioa iragartzeko kartel koloretsua egin dute.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Autodeterminazioaren bidez, Europar Batasuneko estatuen baitan dauden independentzia eskaerak modu baketsu eta demokratikoan bideratzeko modua egongo litzatekeela uste dute martxaren antolatzaileek.

Anna Arquék, Europar Herritarren Nazioarteko Batzordearen izenean adierazi du 30eko mobilizazioak Europan “pedagogia” egiteko ere balio dezakeela. Batetik, Batasuneko herritarrek jakin dezaten autodeterminazioaren bidetik independentzia lortu nahi duten herriek nolako zailtasunak bizi dituzten (Kataluniako prozesuan Espainia jartzen ari den trabak aipatu zituen); eta bestetik, herritar horiek berak jabetu daitezen erabakitzeko ahalmena kentzen duten politika horiek ez dietela eragiten independentzia lortu nahi duten herrietako biztanleei bakarrik, EBko herritar guztiei baizik, “euren eskubide demokratikoa baita urratzen dena”.

Manifestazioa babestu dute hainbat herritako alderdiak batzen dituen Europako Aliantza Askeak baita Kataluniako prozesuan protagonista izaten ari diren alderdi nagusiek ere (CDC, ERC, ICV, EUiA eta CUP). Martxa aurkezteko prentsaurrekoan azaldu dutenez, EBko herrien autodeterminazio eskaerak eta Krimean joan den asteburuan egin den erreferendumak “ez dute zerikusirik”.

Informazio gehiago:

Manifestazioak webgunea dauka eta parte hartu nahi dutenek autobusetan izena emateko aukera eskaintzen du, besteak beste.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erabakitzeko eskubidea
Eguneraketa berriak daude