Etxerik gabeko pertsona bat hil da Bilbon, urtebetean gutxienez laugarrena Bilbon

  • Kartoi eta egurrezko txabola batek su hartu du Bilboko Bolueta auzoan, eta sutean hil da 70 urte inguruko pertsona bat. Ez dute gorpua identifikatu, baina uste nagusien arabera txabola bizilekutzat zuen etxerik gabeko pertsona bat da zendutakoa. Iazko urtarriletik hona, gutxienez lau dira Bilbon hildako etxerik gabeko pertsonak.

Egun berean etxerik gabeko bi pertsona hil zirela salatzeko AZET Etxebizitza Sindikatuak maiatzean egindako elkarretaratzea (Argazkia: Ecuador Etxea)

2023ko urtarrilaren 25an - 10:57
Azken eguneraketa: 12:31

70 urte inguruko pertsona bat hil da Bilbon, bizilekutzat zuen txabolak su hartu ostean. Bolueta auzoan jazo da ezbeharra, astearte arratsaldean, Bilbo eta Galdakao arteko N-634 errepidean. Etxebizitza baten faltan, egurrez eta kartoiaz egindako txabola zuen aterpetzat hil den pertsonak, eta uste da sutea piztu den unean lo zegoela barruan. Kiskalitako txabola janari lasterreko McDonald's jatetxe baten ondoan zegoen, eta bertan zeuden bezeroak ahalegindu dira sua itzaltzen, su itzalgailuekin. Ez dute halakorik lortu ordea.

Sua zerk sortu zuen ikertzen ari dira, eta gorpua Bizkaiko Patologia Forentseko Zerbitzura bideratu dute, hildakoa identifikatzeko helburuarekin.

Urtebetean, gutxienez laugarren hildakoa

Azken heriotza honekin, gutxienez lau dira urtebeteko epean Bilbon hil diren etxerik gabeko pertsonak. Iaz, urtarrilak 2 zituela, Gaua Zabalgune plazan igaro zuen eta kalean bizi zen 40 urteko emakume baten heriotzaren berri ezagutarazi zen.

Maiatzaren 4an, aldiz, bi izan ziren hildakoak. Bata goizaldean aurkitu zuten Zabalgarbiko errauste plantan; 20 urteko gazte migratzailea zen, eta hipotesi nagusiaren arabera, kontainer batean sartu zen lo egitera eta ez zen zabor-kamioiaren iritsieraz ohartu. Egun berean, ordu batzuk beranduago, Casilda Iturrizar parkeko banku batean agertu zen kalean bizi zen beste gizon baten hilotza. Denbora asko mugitu gabe zeramala oharturik, herritar batek Ertzaintzari deitu zion. Anbulantzia iristerako, ordea, hilda zegoen.

Egun bakarrean bi heriotza jazo izanak alarma jota, maiatzaren 5ean Bilboko Udaletxearen parean elkarretaratzea egin zuen AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak. Gertakariak "istripu" edota "heriotza tragiko" gisa aurkeztuko zituzten arren, heriotza horiek erantzule "argiak eta zuzenak" zituztela salatu zuten agerraldian egindako adierazpenen bidez: "Etxebizitzarekin espekulatu eta merkantzia bihurtzen duten putreetatik hasita (higiezinen agentziak, bankuak edo jabe handiak), erakunde publikoetaraino". Horien artean kokatu zuten Bilboko Udala, hiriko auzoetan "ematen ari den pobreen kontrako gerraren erantzule nagusi" bezala, eta pobreen aurkako gerra horren zenbait adierazle zerrendatu zituzten: jendeak kalean lo egin ez dezan postaletako arkitektura diseinatzea, Atxuriko kantxak hesitzea migratzaileei eragozteko bertan aterpe hartzea, gauero udaltzainak bidaltzea etxerik gabeko pertsonak jazartzera, hirian hutsik dauden 20.000 etxe baino gehiago egonik jendea kalean hiltzen uztea...

"Bilboko Udalak ez ditu gizarte-etxebizitzak auzokideontzako eskuragarri jartzen. Baina horretaz gain ez ditu larrialdi zerbitzuak eskaintzen, ezta miseria kudeatzeko baliabide minimoak bermatzen (besteak beste udal-aterpetxeak, etengabe gainezka daudenak). Eta are gutxiago migrazio-prozesuak egiten ari direnentzako harrera duina eskaintzen", azpimarratu zuten. Funtsean, udalari egotzi zioten etxerik gabeko pertsonak ordena publikoko arazoa izango balira bezala tratatzea, haien politiken biktimak baino ez direnean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude