Etxeak bizirik, auzoa bizirik

Hauteskunde urtean sartu gara eta politikariak gure miseriekin kanpaina egiten hasi dira. Poltronak eskuratzeko lehian, beren ustelkeria kasu, mozkin eta ganoragabekeriaz hitz egin ez dezagun, pertsonok gure artean etsai gaitezen saiatuko dira, beste behin ere.

Azken aldian okupazioaren kontra aritu dira zenbait hedabidetan eta udaletxean bertan, Errekaleor Bizirik proiektua osatzen dugunon aurka joaz, hain zuzen ere. Orain dela bost urte eta erdi, argi mozketa justifikatzeko erabili zuten diskurtso bera kaleratu zuten: “Ze muturra dugun; zenbat ordaintzen duen udalak ura, zaborra eta bestelakoengatik; gasteiztar guztiona dena pribatizatu dugula…”. 

Esaten dute bederatzi urteotan udalak 500.000 euro gastatu dituela hainbat zergagatik eta uraren kontsumoagatik, batez beste 120 pertsonaren kontsumoa izanda. Datuak noraino dauden manipulatuta jakin gabe ere, Gasteizko Udalari galdera: zenbat kostatu da Errekaleorretik lehengo auzokideak kanporatu eta auzoa abandonoan uztea? Edo gure muturrei aipu zuzena egin dietenez gero: zergatik ez dute alderatzen diru kopuru hori euren soldatekin, alderdi politikoek jasotzen dituzten laguntza publikoekin, zenbait hedabideren dirulaguntzekin edota Ensanche 21 mantentzeko urteetan xahutu dutenarekin?

Gasteizko Udalari galdera: zenbat kostatu da Errekaleorretik lehengo auzokideak kanporatu eta auzoa abandonoan uztea?

Argazkiaren zati bat erakusten digute gure iritzia haien neurrira izan dadin. Kalean, ordea, kapitalaren piramidearen goiko erpinean ez gauden langile, pentsiodun, jubilatu, migrante eta gazteok gorriak ikusten ari gara. Eta garai okerragoak iragartzen dizkigute: gure oinarrizko betebeharrak asetzeko gero eta arazo gehiago izango ditugu eta amorrua areago zabalduko da gure artean. Baina hor daude masa-hedabideak, amorru hau, kapitalismoaren makinaria sustengatzen duten enpresari eta politikarien kontra zuzendu beharrean, “okupak”, “etorkinak”, “grebalariak” eta abar kiriminalizatzen.

Zergatik defenditzen dugu okupazioa? 

Okupazioa etxebizitzaren merkantilizazioaren aurrean alternatiba eta borroka egiteko bitartekoa da. Etxebizitza duin bat izatea eskubidea dela diote, baina errealitateak guztiz kontrakoa erakusten digu: banketxeek, espekulatzaileek eta jabetza pribatuak eragiten dute Gasteizen alde batean 15.000 etxe huts eta bestean etxerik gabeko pertsonak eta desjabetzeak egotea. 

Etxebizitza-eskubidea bera bermatzeko bidea da okupazioa, eta bide batez, egoera hau salatzeko tresna. Zer gertatuko litzateke gero eta gehiagok okupatuko bagenu? Benetako jetei txolloa bukatuko litzaiekeela.

Bide batez, udalaren gastuak direla eta: etxebizitzarekin bezala, argindarra eta ura ere, doakoak eta unibertsalak izan beharko lirateke. 

Zer da Errekaleor Bizirik eta zergatik eraitsi nahi dute?

Errekaleor auzoa berriztu eta berpizteko proiektu kolektiboa da. Autogestioaz eta okupazioaz baliatzen dena honetarako, etxeak ez dira norbanakoenak, auzoarenak baizik. 100 pertsona baino gehiagok dugu bizilekua auzo honetan: ikasleak, langileak, langabetuak, familiak, Euskal Herrian jaioak zein kanpotik etorritakoak, eta euskaraz, feminismoaz eta ekologiaz bat eginez bizitzen saiatzen gara. 2013an lehenengo blokea okupatu zenetik, udalak euren gogoz kontra auzotik kanporatu zituen lehengo auzokideekin batera, etxebizitzak eta espazio komunak berriztu ditugu. Egun, eguzki plakei esker argindarra dugu, irla energetiko bat izanik. Politikariek esaten dute publikoa pribatu bihurtu dugula, bada ez, kontrakoa: kapitalaren esku geratuko litzatekeen auzo hau askatu eta herriaren esku jarri dugu.

Politikariek esaten dute publikoa pribatu bihurtu dugula, bada ez, kontrakoa: kapitalaren esku geratuko litzatekeen auzo hau askatu eta herriaren esku jarri dugu

Azken urteotan, Errekaleorreko etxebizitza eta azpiegituretan lan gogorra egin dugu, baita garbiketan, kimaketan eta hamaika lanetan ere. Auzoa eta bertan garatzen diren ekimen guztiak diruaren logikatik at burutzen saiatzen gara. Gasteizko pertsona guztiei irekita dauden ekimen asko garatzen ditugu: herri gimnasioa, ludoteka, bizikleta tailerra, inprenta, zinema, kultur eskaintza zabala… Inguruko lurretan ehundik gora gasteiztarrek baratza dute. Finean, auzoak kudeatu eta eskaintzen dituen espazio komunak edozein eragileren erabilpenerako zabalik daude. Milaka pertsona, elkarte eta eragilek erabili dute Errekaleor azken bederatzi urteotan.

Errekaleorretik egotzi zituzten lehengo auzokideei esan zieten hemengo etxeak ez zirela bizitzeko duinak: Mobbing immobiliario bat izan zen, beste gentrifikazio kasu bat gehiago. Etxeak eta azpiegiturak duinak dira, eta guk segiko dugu haiek berrizten eta zaintzen. Pasa zen Maroto, pasako da Urtaran eta pasako dira etorkizuneko alkate zein zinegotziak; guk, Errekaleor Bizirik-ek, aurten 10. urteurrena ospatuko dugu, eta argi mozketa izan zenean oihukatu genuen bezala, iragartzen dizkiguten garai beltzen aurrean, oihu egiten dugu: Datozela bat, bi, hiru, ehunka Errekaleor gehiago. Gu bidelagun izango gaituzte.

Itxaso Viñe eta Ruben Sánchez, Errekaleor Bizirik

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude