Etxe barneko filmen manifestua

  • Hilabete inguru daramagu etxean, 30 egun baino gehiago konfinamenduan. Esango nuke, hasieratik lotu genuela askok serie-film-eta-beste-ikus-entzunezkoen kontsumoa itxialdi honekin, eta horren erakusle dira han eta hemen bueltaka dabiltzan filmak doan ikusteko hamaika zerrenda. Manifestu honek filma zehatz batzuk jo nahi ditu begiz: etxe barnean eginiko horiek. Hartara, etxetik, etxean eginiko filmez ari natzaizue etxeetara.


2020ko apirilaren 16an - 12:38
Etxe barrua zinemagareko lehengai bihurtu zuen Celia Rico andaluziarrak Viaje al cuarto de una madre filmean (Espainia, 2018).

Marko honen barnean begi-bistakoa da denon bizimoduetan Covid-19 gaitzak eragin duen eraldaketa. Ohiturak, otorduak, aisia, lana, harremanak aldatu dira, baita kasu askotan zaintzak eta poltsikoa ere. Aldaketak ez dira, halere, berdinak izan guztientzat. Emakumeak dira historikoki konfinatuak izan direnak, kalea pixkanaka bereganatzen ari badira ere; eta hemen darabilgun objektuan zentratuz, horrelako adibidez josia dago zinemaren historia. Kalea bezain deseroso zaizkit sare birtualetan dabiltzan filmen zerrendak, zeinetan beste behin ere, emakumezkoen filmak ikusezin diren, eta espazio publikotik baztertuak. Biolentzia da gure eguneroko kontsumoarekin bermatzen duguna ere, batez ere hain emakumeena izan den gai hori ere soilik gizonezkoen esku uzten dugunean. Harriduraz begiratzen ditut "Konfinamendua erretratatu duten 10 film" iragartzen dituzten estekak, zeinetan argumentua etxeari lotuta egon arren, emakumezko bat bera ere ez den zerrendatzen. Hutsune horren egonezinen ondorio dira artikulu hau eta atzetik etorriko direnak.

Emakume zuzendari askok gertutik filmatu duten eszenatokia da etxe barnekoa, baina konfinamenduari lotutako zerrendetan ez da bat bera ere agertzen

Aipatutako zerrendetan gehien agertutako filmak ditugu, besteak beste, Stanley Kubricken The Shining (Erresuma Batua, 1980) eta Martin Scorseseren Shutter island (AEB, 2010) nazioartekoen artean; baita bertakoak ditugun Moriartikoen La trinchera infinita (Euskal Herria-Andaluzia, 2019) eta Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo ere (Euskal Herria, 2019). Akzioa nagusi. Egoera gehienetan, gertaera harrigarria da gizona konfinatua egotea, eta horrek dakar argumentua gidatzen duen tentsioa. Akaso ez da hain harrigarria gertatzen emakumea "naturalki" konfinatua izan denean. Badira, ordea, etxekotasun horretatik, hain zuzen, hariak bilatu dituzten emakumezko zuzendariak, eta egunerokotasunean oinarritzen diren argumentu sendoak eraiki dituztenak. Eta kontua ez da konparatzea Maya Derenen filmen eromen eta bortizkeria Kubrickenen parekoa den ala ez; edo Lucrecia Martelek tentsioa Scorsesek adina heltzen duen. Eztabaida ez dago hor. Kontua da emakumezko zuzendari askok gertutik ezagutu eta filmatu duten eszenatokia dela etxe barnekoa, baina konfinamenduari lotutako zerrendetan ez dela bat bera ere azaltzen. Eta baloia gure zelaian daukagu, aise jar baikenezake Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa (Euskal Herria, 2018) Garaño, Arregi eta Goenagaren izenen ondoan, Oleagak Elbira Zipitria zenaren etxean bizi dela ohartzearekin bat sortu zuen memoria-lan intimoa izanik.

Emakumezko zuzendariek etxe barneetan eginiko lanak aipatzean denetariko gaiak ditugu: etxetik etxera bidaltzen diren eskutitzen bidezko hartu-emana Rita Azevedo Gomesen Correspondências lanean (Portugal, 2016); ama-alaba harremana eta etxetik joateko unearen berariazkotasuna Celia Rico andaluziarraren Viaje al cuarto de una madre filmean (Espainia, 2018); edo aktore baten eta antzerki obra batean errepresentatzen duen paperaren arteko mugaren lausotasuna Petra Costa brasildarraren Olmo e a gaviota lan luzean (Danimarka, 2015), esaterako. Baina baita ere, Marguerite Durasen Le navire night (Frantzia, 1979) filmaren kasuan, alemanek okupaturiko Paris gautiarreko derrigorrezko konfinamenduan elkarrekin "egoteko" telefono linea anonimoak erabiltzen dituzten biztanleen istorioa. Datorren asteetako artikuluetan Chantal Akerman, Naomi Kawase, Marguerite Duras, Lucrecia Martel, Sofia Coppola, Sadie Benning eta Maya Derenen filmetan murgilduko gara, haien lanetara gehiago hurbiltzeko asmoz –eta batzuetan etxeetara ere bai–.

Eskerrak eman nahi dizkiet filmak zerrendatzen lagundu nauten emakumezko zuzendari lagunei, "beste" konfinamenduaren zinema osatzeko ezinbestekoak izan baitira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Eguneraketa berriak daude