Estrasburgoko Auzitegiak ontzat jo du Espainiako Estatuak BVEren biktima bati kalte-ordaina ukatzea

  • Espainiako Gobernuak uko egin dio BVEren biktima Jesus Mari Ijurkoren senideei kalte-ordaina ordaintzeari. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ontzat jo du erabakia, iritzirik kalte-ordainak ukatzeak ez duela urratzen estatu indarkeriaren biktimen errugabetasun printzipioa. Estrasburgok ildo berean egiten duen laugarren ebazpena da.


2021eko martxoaren 12an - 11:33
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Jesus Mari Ijurko Herri Batasunako kide izandakoaren alargunari eta alabei kalte-ordainak ordaintzeari uko egin dio Espainiako Estatuak, eta ukapena ontzat jo du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak.

Batallón Vasco Español-en (BVE) biktimak dira Ijurko eta haren senideak. 1980an, talde parapolizialak atentatua egin zuten Ijurkoren eta haren emazte Carmen Illarramendiren aurka Errenterian. Erasotik bizirik atera ziren arren, Ijurkok hanka eta beso bana galdu zituen. Erasoagatik 96.161 euroko kalte-ordaina jaso zuten Ijurkoren senideek, 1999ko Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasunerako Legean oinarrituta. 2012an aldiz, Terrorismoaren Biktimen Aitortzarako eta Babeserako 29/2011 Legean oinarrituta, desgaitasun osoagatik 180.000 euroko kalte-ordaina eskatu zuten. Eskaria, baina, ez zuen onartu Espainiako Barne Ministerioak, argudiatuz Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenen arabera Ijurkok Amnistiaren aldeko mugimenduarekin “lotura” zeukala, Herri Batasuneko kidea zela eta 1978an ETAren agiri batzuk zituelako atxilotu zutela.

Espainiako Gobernuak Jorge Fernandez Diaz Barne ministro zela ekin zion BVE eta GAL taldeen biktima batzuei kalte-ordainak ukatzeari, argudiatuz ETAkoak zirela, nahiz eta hainbat kasutan hala zela adierazten zuen epairik ez existitu. Bide hori hartzea ahalbidetu zion gobernuari 2011ko Espainiako Biktimen Legeak, zeinaren arabera biktima bati kalte-ordaina ukatu ahal zaion baldin eta harremana badute “indarkeriazko ekintzak egiten dituen erakunderen batekin”.

Espainiako Gobernuak Ijurkoren kasuan kalte-ordainak ordaintzea ukatu izana ontzat jo du berriki Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, eta ebazpen hori arrazoitu du argudiatuz Espainiako Barne Ministerioak eta Espainiako Auzitegiak erabaki hori hartu dutela Poliziaren txostenetan jasotakoak aintzat hartuta. Europako epaileen arabera, Giza Eskubideen Ituna ez du urratzen kasuak. Estrasburgok ildo berean egiten duen laugarren ebazpena da, beste hirutan ere defendatu baitu kalte-ordainak ukatzeak ez duela urratzen estatu indarkeriaren biktimen errugabetasun printzipioa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatuen biktimak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!