Estrasburgok berretsi du Xabier Atristainen eskubideak urratu zirela, Espainiako Gobernuaren helegitea baztertuta

  • Atristain Martuteneko kartzelatik atera zen otsailean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuelako ez zuela “epaiketa justu eta ekitatezkorik” izan. Epaitegiak ez du onartu Espainiak jarritako helegitea; beraz, irmoa da erabakia.


2022ko maiatzaren 9an - 17:19
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilean ebatzi zuen Xabier Atristain preso ohiaren eskubideak urratu zirela: ETAko kidea izatea egotzita atxilotu zutenean ezin izan zuen konfiantzazko abokaturik izan, inkomunikatuta eduki zuten, eta inkomunikazio aldian egindako autoinkulpazioak izan ziren gerora epaiketan bera zigortzeko oinarria. Atristainek inkomunikatuta egon ostean torturak salatu zituen.

Estrasburgoko sententzia heltzean, Espainiako Auzitegi Gorenak agindu zuen euskal presoa kartzelatik ateratzeko, eta otsailaren 17tik aske da, baldintza batzuekin. Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuen Estrasburgon, baina orain Giza Eskubideen Auzitegiak baztertu egin du Espainiaren eskaria eta erabakia irmoa da.

Etxeratek gogorarazi du Atristainen kasua ez dela bakarra: “Ehunka euskal preso daude, gure senideak direnak, inkomunikazio eta torturapean autoinkulpatuak, konfiantzazko abokaturik ez zituztela izan atxiloaldian. Gure senide preso guzti horien askatasuna eskatzen dugu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Giza eskubideen Europako Auzitegia
Eguneraketa berriak daude