Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak apirilaren 28ra aurreratu zituen Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, PP, Ciudadanos eta Vox alderdien manifestazio baten atarian. Ikusteko dago eskuineko bloke horrek gobernua hartzeko adina indar daukan bozen ondoren ala egun agintean den PSOEk eutsiko dion botereari. Euskal Herrira begira ere hauteskunde bereziak dira, lurraldetasunaren auzia baita kanpainako iltzeetako bat. Egunean zehar gertatzen dena kontatuko dizuegu jarraipen honetan.
14:00ak arte 211.765 nafarrek eman dute botoa Espainiako kongresurako eta senaturako hauteskundeetan. %43,78ko parte hartzea da hori eta bost puntuko igoera erakusten du 2016ko bozekin alderatuta (orduan %38,03k eman zuen botoa ordu honetarako).
Gipuzkoa da Hego Euskal Herriko probintzien artean 14:00etan boto mobilizatuena daukana: 2016an %35,31k eman zuten botoa eta aurten berriz, %42,81ek eman dute jada. 556.209 gipuzkoarrek dute botoa emateko eskubidea Espainiako hauteskunde orokor hauetan.
Bizkaian botoa ematera deituta zeudenen %42,43k parte hartu du 14:00etarako. 2016ko bozekin alderatuta bost puntu eta erdiko igoera da, orduan %36,96k eman baitzuen botoa. Bizkaitarrek Espainiako Estatuko batez bestekoa baino %1 gehiago parte hartu dute oraingoz.
2016ko hauteskundeekin alderatuta parte hartzen handiagoa izaten ari da aurten 14:00ak arteko datuak kontuan hartuta. Araban, adibidez, bi puntu eta erdi igo da: %34,38k bozkatu zuen ordu honetarako duela hiru urte eta aurten berriz %36,94k. Kontuan izan behar da, gainera, posta bidez botoa emango duten arabarren kopurua garrantzitsua izango dela aurten, hauteskundeek San Prudentzio egunarekin bat egin dutelako.
14:00ak arte botoa emateko eskubidean duten herritarren %41,49k eman du boza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta %43,58k berriz Nafarroan. Biak ere Espainiako Estatuko batez bestekoa baino gorago daude, hautesleen %41,48k eman baitu botoa Euskal Herriaz gain gainontzeko erkidegoetan eta estaturik gabeko nazioetan.