Emakumeak borrokan

Errausketaren Aurkako Mugimenduak protestak iragarri ditu klimaren inguruko Change the Change biltzarrerako

  • Errausketaren Aurkako Mugimenduak mobilizazioak iragarri ditu martxoaren 5 eta 6rako Donostian, Klimaren Aldaketa dela eta bertan antolatu den Change the Change biltzarraren atarian. Biltzarrean parte hartuko duten aditu eta beste konbidatuei honela esan die EAMek: "Ongi etorriak mundu osotik Change The Change biltzarrera zatoztenoi. Ez utzi EAE, Gipuzkoa eta Donostiako agintariek ‘green-washing’ merkea egiten, eskatu benetako konpromisoa herritarren eta Lurra planetaren etorkizunarekin, exijitu klimaren aldaketa okerragotzen duten proiektuak baztertzea."

Zero Zabor @zero_zabor
2019ko otsailaren 26a

Jada hainbat eragileren babesa dute mobilizaziook: Ekologistak Martxan, Eguzki, ELA, LAB, ESK, CCOO, Equo, Irabazi, EHBildu, Sortu, Ernai, Belartza 2 Gelditu, Satorralaia. Bi elkarretaratze deitu dituzte datorren asterako: 
Martxoak 5, asteartea 19:00 Alderdi Ederren.
Martxoak 6, asteazkena 19:00 Kursaalen.

Noauak bildu ditu EAMeko ekintzaileen hitzak bideo honetan:

Errausketaren Aurkako Mugimenduaren ordezkaritzak gaur hedabideen aurrean egin duen aurkezpenean aurreratu dute Change the Change biltzarrera mundu osotik etorriko diren konbidatuek eskuetan jasoko duten beren orria. Honela dio:

ERRAUSKETAK KLIMA ERE HONDATZEN DU

Nola egongo ote da mundua eta nola Euskal Herria 2051. urtean? Klimaren berotzeak munduan zabalduko duen hondamendi handiarekin, nola biziko dira gure ondorengoak? Nolako airea arnastuko dute? Zer jan eta edango dute, zein gaixotasun sufrituko dituzte 2051. urtean? Nolako zerbitzu sozialak? Nork eta zein baliabiderekin zainduko ditu gaixoak, zaharrak, umeak…?

Klima aldaketari erremedioa jartzeaz hitz egiteko Change The Change biltzar hau antolatzeak erakusten du larrialdi egoera batean bizi garela. Aurpegi askoko zibilizazio krisi batean bizi gara XXI. mende hasieran: krisi ekonomikoa, krisi sozial ugari, krisi politikoak, erregaiak eta baliabideak urritzearen krisiak, krisi humanitarioak… eta denak daude lotuta eredu sozial eta ekonomiko oker baten ondorioekin. Krisi guztiok larriagotuko ditu klimaren beroketak, behin eta berriro munduko jakintsuak ohartarazten digutenez.

Donostiara Change The Changera etorri zareten jendeok: jakin ezazue hemen, Euskal Herrian, G-puzkoan, Donostian, agintariak oso gaizki ari direla egiten gauzak, klimaren aldaketa erremediatzeko adituek aipatzen dituzten neurrien justu alderantzizkoak ari direla hartzen gure agintariak, herritarren egungo egoera eta etorkizunekoa baztertu eta botere ekonomiko handiei ‘business-as-usual’ (beti bezala funtzionatzen) jarraitzen lagunduz.

Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Elkarteko agintariek itsu-itsuan laguntzen dituzte klimarentzako kaltegarriak diren proiektuak, bideragarritasun ekonomikorik eta sozialik edukiko ez dutenak: Abiadura Handiko Trena, erraustegiak, lurraren artifizializazio masiboa, Donostian bertan lurpeko trenbide berri bat…

Errausketaren Aurkako Mugimenduan biltzen garen herritar eta elkarteek behin eta berriro erakutsi dugu Errauste Plantak kaltegarriak direla gizakien osasunerako, Europak lehenetsi duen Ekonomia Zirkularra eragozten dutela, milaka tona CO2 aireratzen dituztela alferrik atmosferara… eta hondakinak aprobetxatzeko alternatiba hobe eta merkeagoak badaudela, Europan bezala hementxe bertan ere ikusten ditugu.

Baina gure agintariek ez dute entzun nahi. Begiratu Donostia hiri polit honi: bere barruan dauka pozoia. Hemendik 5 km-tara milaka tona hondakin erretzen ditu Añorga-Rezolako porlan fabrikak agintariek baimena 2008an emanda. Eta beste 5 km urrunago Zubietako erraustegi berria ari dira eraikitzen. Añorgako Rezola baldin bada EAEn C02 gehien isurtzen duten industrietako bat, Zubietako erraustegia ere klima kaltetzen dutenen zerrendan gehituko da.

Oraindik garaiz gaude Gipuzkoako bigarren erraustegi hau gelditzeko. Donostialdea oso ingurune kutsatua baldin bada, ezin digute hemengo herritarroi pozoi gehiago zabaldu erraustegi berri batekin. Obra berriarekin gure diru publikoak hipotekatuta geratuko dira 2051 arte, noiz eta klimaren aldaketak mundu osoan ekarriko dituen kalteei aurre egiteko inbertsio eta diru publiko asko beharko diren urteetan.

Ongi etorriak mundu osotik Change The Change biltzarrera zatoztenoi. Ez utzi EAE, Gipuzkoa eta Donostiako agintariek ‘green-washing’ merkea egiten, eskatu benetako konpromisoa herritarren eta Lurra planetaren etorkizunarekin, exijitu klimaren aldaketa okerragotzen duten proiektuak baztertzea. Rossano Ercolini Zero Waste mugimenduko lider eta Goldman Saridunak esan duen bezala, agintariok:

EZ ERRE GURE ETORKIZUNA

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Gipuzkoako erraustegia kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude