Saltoki handiek azaroan jada murgilarazi gaituzte Gabonetako kontsumismo basatian, eta sinetsarazi digute oparirik ederrenak preziorik onenean eskuratzeko unea hauxe dela. Arin ibili behar zara Black Friday-n, bestela aukera galduko duzu. Atzera kontaketa martxan dago. Abisatu dizute badatorrela, momentu hau dela behar duzun zera hori erosteko onena, bihar ez kexatzeko garestiago erosi behar baduzu. Eskerrak eman beharko dizkiezu dendei, euren eskuzabaltasunari esker, %20ko deskontuarekin –euro pare bat merkeago, asko jota?– erosi baituzu zera hori, marketin adituen trikimailuei esker premia bihurtu zaizun hori.
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) urtero ikertzen ditu Ostiral Beltzaren bueltan egiten dituzten kanpaina iruzurtiak, eta aurten ere ohartarazi du aztertutako beherapenetatik %9 soilik zela “benetako mauka”. OCUk salatu duenez, beherapenen iragarki askok ez dute eskaintzen azken 30 egunetako preziorik merkeena, arauak ezarritakoaren kontrara. Estrategia jakina da: aurreko egunetan produktuaren prezioa puzten dute, eta Ostiral Beltza delakoa heldutakoan beherapena ezartzen diote, baina hasierako prezioa baino garestiago edo pareko saltzen dute, halere. Beherapen faltsu horiek erabiltzeagatik, 2023an zigor ekonomikoak ezarri zizkien Espainiako Gobernuak zazpi enpresa handiri, guztira 350.000 euroko isunekin, eta tartean zeuden Carrefour, MediaMarkt eta PCComponentes.
Moda azkarraren eragina beldurgarria da: gaur egun duela hamabost urte baino %60 arropa gehiago erosten dugu Europan batez beste, baina arropa hori denbora-tarte erdian erabiltzen dugu
Data hauetan ere arropa da gehien kontsumitzen den salgaia, eta hain justu, ehungintza da munduko CO2 isurien %10 eragiten duena, azken ikerketen arabera. Top Manta Bartzelonako kaleko saltzaileen arropa marka solidarioak azaroaren 28a probestu du datu argigarri bezain kezkagarriak emateko: munduan XX. mende osoan kontsumitu zenaren baliokidea kontsumitu dugu sei urtean (2016-2021), eta une honetan nahikoa arropa dugu planetan beste sei belaunaldi janzteko. Moda azkarraren eragina beldurgarria da: gaur egun duela hamabost urte baino %60 arropa gehiago erosten dugu Europan batez beste, baina arropa hori denbora-tarte erdian erabiltzen dugu, NBEren moda jasangarriaren aliantzaren txostenaren arabera. Zergatik baztertzen dugu jantzi bat? Hondatu edo zulatu delako, ala zaharkituta geratu delako? Zaharkituta, zeren arabera? Bere funtzioa bete dezake? Zuloa konpondu dezakegu? Neurriz txikia baldin badaukagu, lagun bati eman ahal diogu?
Gabonen atarian, ondo legoke buruan izatea Ipar Globalean gure kapritxoak asetzen ari garen bitartean Hego Globalean ehungintzako langileak esplotatzen dituztela. 75 milioi pertsona inguruk egiten dute lan sektorean, eta %80 dira 18 eta 35 urte arteko emakumeak. Babes legal oso eskasa dute multinazional handien fabrikak dauden herrialdeetan, sindikatzeko oztopoak ezartzen dizkiete, eta miseriazko soldata dute.
Bulkada bidezko erosketak %72 igo dira 2020tik; posible al da kontsumismoaren munstroa geldiaraztea?