2023-04-28 10:56

Hezkuntzan erabilera oso zabala duten Chromebookak gutxi irauteko diseinatuta daudela ondorioztatu du AEBetako Public Interest Research Group erakundeak (PIRG, Interes publikorako ikerketa taldea). Zaharkitze programatua onartezintzat jo dute, eta ikasle bakoitzak gailu bat izatekotan, beharrezkotzat jo dute luze iraungo dutenak eta konpongarriak izatea.

Argitaratu duten txostenean azaltzen denez, Chromebooken salmenta %87 handitu zen 2019tik 2020ra, COVID-19aren eraginez urrutiko irakaskuntza zabaltzearen ondorioz. Munduan 31 milioi Chromebook saldu zituzten pandemiako lehen urtean. Geroztik hiru urte besterik igaro ez diren arren, horietako asko hondakin elektroniko bihurtu dira dagoeneko. Horrek eragin kaltegarri nabarmena du ingurumenean. Gailu horien iraupena bikoiztuz gero, 900.000 autok urtebetez sortzen duten adina CO2 aurreztuko genuke.

Chromebooken iraupen eskasa azaltzeko hainbat arrazoi ematen dituzte ikerlariek. Lehena, Chromebookek iraungipen data dutela da. Data hori igarotzean ez dute software eguneraketarik jasotzen. Ondorioz, gailua oraindik egoera onean egon arren, hondakin bihurtzen da. Batez beste lau urte irauten dute Chromebookek. Hori oso urrun dago, Europako Ingurumen Bulegoaren txosten baten arabera, eramangarriek, gutxien-gutxienez, iraun beharko lituzketen 20 urteetatik.

Hain zuzen ere, bide horretatik doaz PIRGen gomendioak. Batetik, iraungipen data erabat desagertzeko bidean, lehen pauso bezala, software eguneraketak hamar urtez jasotzea. Bestetik, Googlek erraztasunak ematea gailuetan Chrome OS ez diren sistema eragileak instalatzeko, adibidez, software libreko GNU/Linux banaketak. Horrek gailuen bizia luzatzen lagunduko luke, erabiltzaileei nahi dutena erabiltzeko askatasuna emateaz gain.

Chromebooken iraupen laburra azaltzeko ordezko piezak aurkitzeko zailtasuna eta prezio garestiak ere nabarmendu dituzte PIRGen txostenean. Gainerako ordenagailu eramangarrien aldean, Chromebookek askoz ere konpongarritasun txikiagoa dutela ondorioztatu dute ikerlariek. Gailuak ekoizten dituzten fabrikatzaileek (HP, Acer, Asus…) osagaiak estandarizatzea gomendatzen du PIRGek. Modu horretan, hondatutako Chromebooken zatiak berrerabiltzea erraztuko litzateke. Gaur egun, marka bereko modeloen artean ere ez dago ziurtatuta bateragarritasuna. Kasu batzuetan, arrazoi estetiko hutsengatik egindako aldaketek sortzen dute bateraezintasuna.

PIRGek dei egin die Google eta gainerako fabrikatzaileei irauten duten produktuak sor ditzaten. “Erabili eta bota” teknologia jasanezina da eta zaharkitze programatua onartezina da. Munduan sortzen diren hondakinen bolumenaren %2 da elektronikoa, baina hondakinek ingurumenean duten eragin kaltegarri eta toxikoen %70aren ardura dauka.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.